LGBTI Berdintasun Politiken gaineko Lehen Topaketa: Unibertsitatea ekitaldian parte hartu du Cristina Uriarte sailburuak

2018.eko azaroak 29

LGBTI Berdintasun Politiken gaineko Lehen Topaketa: Unibertsitatea ekitaldiaren inaugurazioan parte hartu du gaur goizean Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek. Ortzadar LGBT elkarteak antolatua, datozen bi egunetan Bilbon garatuko da lehen topaketa hau.

Bere jardunean, Hezkuntzako sailburuak LGTBI kolektiboa errespetatzeko eta aintzatesteko gizarteak egin duen ibilbidearen garrantzia nabarmendu du, baina azpimarratu duenez, “asko dago oraindik egiteko”. “Nire erantzukizunetik, Hezkuntzako sailburua naizen aldetik, nire iritziz heziketa on bat eskaintzeko beharrezkoa da oinarrizkoenetik hastea… hezibidea izatetik hasi behar da”, gaineratu du.

Zentzu horretan, sailburuak gogora ekarri duenez, jaiotzetik esleitu zaien sexuarekin bat ez datorren identitate sexuala duten adingabeei laguntzeko prozesu hauetan ikastetxeak orientatzearren, baita beren sexuan oinarrituta sozialki espero denarekin bat ez datozen genero-portaerak dituzten ikasleak ere, Hezkuntza Sailak argitalpen hau atera zuen: Ikasle transei edo genero-portaera ez normatiboa dutenei eta haien familiei laguntzeko ikastetxeentzako Protokoloa.

Uriartek azaldu duenez, protokoloan trans adingabeei laguntzeko jarraibideak biltzen dira, irakasleei eta haien familiei zuzenduak, premiak identifikatzen eta, hala badagokio, hezkuntzatik erantzun egokia ematea ahalbidetuko duten neurriak hartzen lankidetzan aritzeko helburuz. “Ikastetxearen zeregina ez da ikasle horiek “etiketatzea”, osorik garatzeko eta ikasketetan arrakasta izateko aurkitzen dituzten oztopoak identifikatzea baizik, baita baliabideak jartzea oztopo horiek ezabatu edo gutxitzeko ere, betiere familiak alboan ditugula”, adierazi du.

Gainera, Bizikasi ekimena ere aipatu du sailburuak Hezkuntza Sailak martxan jarritako ekintzen adibide gisa, dibertsitatean are gehiago eta hobeto hezteko helburuz. Uriartek azaldu duenez, ekimen honen bidez lagundu egin nahi da ikastetxeak bizikidetza positiborako eta gerta daitezkeen eraso-egoeren aurrean zero tolerantziarako leku seguruak izan daitezen.