"Industria eta marina lehenengo Euzko Jaurlaritzan" liburua argitaratu da, Santiago Aznar sailburuaren eta bere garaiaren omenaldi gisa

PORTADA.jpg

2018.eko urriak 03

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, gaur arratsaldean, “Industria eta marina lehenengo Euzko Jaurlaritzan” liburua entregatu dio Santiago Aznar 1936an Euskadiko Gobernuko Industria sailburuaren familiari.

Aznar sailburuaren biloba Maria Esther Solabarrietak eta Euskadiko Artxibo Historikoaren zuzendari Borja Aginagaldek ere parte hartu dute aurkezpen ekitaldian. Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzen da, hain zuzen, liburu hau sortzeko erabili den dokumentazioa, familiak utzitako funtsaren parte baita.

Liburua Santiago Aznarrek berak 1938aren eta 1944aren artean idatzi zituen egunkarietan eta Euskadiko Gobernuko lehen Industria Sailaren eta orduko garaiaren inguruko dokumentazioan oinarritzen da; horiek familiak gorde izan ditu, ardura handiz, eta, orain, argitara eman dira, argitalpen honi esker.

117 orrialde ditu eta, bertan, lekukotzek, dokumentuek eta irudiek gerraren eta erbestearen baldintza gogorrek eragin zuten errealitatea erakusten digute eta bertan protagonistek neurria nola eman zuten adierazten da. Hala nabarmendu dute Arantxa Tapiak eta María Esther Solabarrietak, Aznar sailburuaren bilobak, lanaren aurkezpenean.

Arantxa Tapia:

“Liburu honetan sailburu historiko honen ahotsa nabarmentzen da, lehen pertsonan: bere pentsamendua, bere lana eta orduko administrazioari buruzko guztia, haren parte garrantzitsua izan baitzen, bai eta bere testuingurua ere. Gaur egungo Eusko Jaurlaritzak zabaltzen lagundu nahi du legatu hori.

Gaur egun Laugarren Industria Iraultzan murgilduta gaude, Basque Industry 4.0an, enplegu, aberastasun eta ongizate gehiago sortzeko sustatzen dugun prozesu geldiezinean,  eta asko iradokitzen du egoera txarrenetan eta pentsaezinetan euskal industriaren aurrerapenaren buru izan zen gizonaren testigantza ezagutzeak.

Sailburu hau Industriaren, Marina Zibilaren, Arrantzaren eta Meatzeen Burutzaren zuzendaritza nagusiko buru izan zen eta atal eta langile guztiak antolatzen zituen; askatasunen borrokan eta defentsan nabarmendu zen.  Pozgarria da liburu hau aste honetan aurkeztea, Lehen Eusko Jaurlaritzaren aldarrikapena gogoratzen dugun astean, hain zuzen”.

María Esther Solabarrieta:

“Nire aitona, Santiago Aznar, Caracasen hil zen 1979an, eta, Euskadiko Merkataritza Ontzidiaren arduraduna izan zenez, lehenengo administrazio horren fitxategiak eta gutunak garraiatzeaz arduratu zen; hala, abentura horrek iraun zituen bederatzi hilabete eskasetan egindakoaren zati bat salbatu zen. Gezurra dirudi egoera horretan nahikoa denbora eduki izana administraziorako, kudeaketarako eta egoerei egokitutako industria-politika egiteko, uneko zailtasunak eta arazoak gorabehera.

Gure familiak Caracasen zuen dokumentazio guztia eman dio Euskadiko Artxibo Historikoari, eta dokumentuen artean oharra, agendak, argazkiak, liburuxkak eta gerran bizitza zibilean nola moldatu ziren azaltzen duten kontakizunak daude: kudeaketa horri buruzko intereseko datuak inondik ere, horietako batzuk sekula aipatu gabeak, gainera; horregatik, liburu hau argitaratzeko proposamena egin dugu, gertakari horien laurogeigarren urteurrena dela-eta; izan ere, uste dugu interes handiko informazioa ematen duela hainbat gertakariri buruz: nola eraman zen urrea Espainiako Bankutik Moskura, nola sortu ziren armamentu-fabrikak, nola kudeatu zen energia elektrikoa eta beste hainbat gai interesgarri, jorratu ohi ez direnak argitaratzen diren liburuetan, honako honetan ez baitu historialari batek hitz egiten, protagonistetako batek baizik.

Ziztuan igarotzen da bizitza, eta aspaldi joan zitzaizkidan aitona-amonak; Santiago Aznarrek, zehazki, Caracaseko erbestealdi horretan hartu zuen betiko atsedena, nahitaez aukeratutako erbestealdi horretan, ez baitzioten utzi jaioterrira itzultzen. Beraz, hau ez da datuak dituen liburu bat soilik, isiltasunean desagertzen joan zen belaunaldi bati egindako omenaldi txikia da”.

Liburuak online daude salmentan www.euskadi.eus/publicaciones orrialdean,bai  eta Elkarren eta Durangoko Azokaren hurrengo edizioan ere.