Ia 93.000 pertsonak eman dute izena osakidetzaren 2016-2017 EPEn aurreko EPEren guztizko izen emateak gaindituz

Argitalpen-data: 

EPE 2016-2017an izena emateko epea hasi zenetik, pasa den otsailaren 16tik, ia 93.000 pertsonak eman dute izena Enplegu Publikorako Eskaintzan. Eskaintza 3.335 lanpostutakoa da, eskainitako lanpostu kopuruaren arabera Osakidetzak egiten duen bigarren handiena, eta jada 2015eko deialdiko izen-emate kopurua gainditu da (60.000koa izan zen). Izena eman duten pertsona kopuruari dagokionez, Osakidetzak inoiz egin duen EPE handienetakoa izan daiteke.

Ildo horretatik, Osakidetzaren Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok nabarmendu duenez, datuek aditzera ematen dute EPE berri hau ilusioa pizten ari dela izena eman duten pertsonengan eta, beraz, Osakidetza lan egiteko enpresa erakargarria dela, izena eman eta Osakidetzan lanpostua lortzeko helburua duten Euskadikoak diren pertsonentzat zein Euskaditik kanpokoak direnentzat.

Halaber, azpimarratu du garrantzitsua dela EPEak bi urtean behin antolatzea langileei egonkortasuna emateko. Osakidetzaren Giza Baliabideetako zuzendariaren hitzetan, EPE berri hau oso eskaintza garrantzitsua da Osakidetzako langilegoa gaztetzeko, eta urteetan zehar pilatutako bete gabeko lanpostuak betetzea eta langileen % 95 egonkortzea ahalbidetuko du.

Orain artean, 92.694 eskaera erregistratu dira, eskainitako 86 kategoria eta espezialitate medikoetan. Horien artean, gehiengo handi bat emakumeak dira, zehazki 70.237 (% 76a) eta 22.457 gizonak dira. Hautagaien jatorriari dagokionez, % 19 inguru Euskaditik kanpokoak dira, guztira 17.507 pertsona.

Kategorien arabera, atzo amaitu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian pasa den otsailaren 15ean argitaratutako lehenengo 20 kategorietan izena emateko epea, eta bertan daude eskaera gehien jaso dituzten lau kategoriak, hala nola: jagoleak, 18.134 eskaera; erizaintza, 13.942 eskaera; oso gertu dago erizaintzako laguntzailea kategoria, 13.692 eskaera eta 13.053 eskaera jaso ditu administrazioko laguntzaile kategoriak.

EPE eskaintza honek SATSE, SME Sindikatu Mediku eta UGT sindikatuen babesa du eta azterketak maiatza eta ekainean zehar egingo dira. Zehazki, espezialitate medikoak Gasteizen egingo dira maiatzaren 12tik aurrera, hiru asteburu jarraitan; gainerako kategoria profesionalak ekainaren 15, 16 eta 17an egingo dira Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-en (BECen) eta ekainaren 23, 24 eta 30ean eta uztailaren 1ean, Gasteizen baita ere.

Informazio gehiago: prentsa oharra deskargatu

Giza Baliabideetako Zuzendariaren adierazpenak

EHAAn Oinarri espezifikoak argitaratzeko datak