Haurreskoletan doakotasuna, errentarik baxuenentzat

2018.eko urriak 18

  • Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua doakoa izango da 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat
  • Haur eskola horietan matrikulaturiko bigarren neba-arrebek eta ondorengoek, doan izango dute zerbitzua

Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak bilera egin du gaur goizez Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian, Gasteizen. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua buru duen Batzordea honakoek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako arduradunek, Partzuergoko kide diren 178 udalen ordezkaritzak eta Maite Larrañaga Partzuergoko kudeatzaileak.

Eguneko gai zerrendako puntu nagusien artean, hileko kuotak kudeatzeko arautegiari dagokion akordio-proposamena aztertu du Zuzendaritza Batzordeak; alegia, Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua erabiltzen duten familiek egun ordaintzen dituzten kuotetan aldaketa egitea.

Aurkezturiko proposamena aho batez onartu du Zuzendaritza Batzordeak, eta honako aldaketak jasotzen ditu:

  • Haurreskolak Partzuergoak ematen duen zerbitzua doakoa izatea, urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat.
  • Doakotasuna, Haurreskolak Partzuergoan aldi berean matrikulatuta dauden bigarren neba-arrebentzat eta ondorengoentzat.

Neurri hauek egungo matrikulazioa aintzat hartuta aztertuz gero, zera ikusten da: 500 familia baino gehiago izango liratekeela errenta-mailagatik ezarriko den doakotasunaren onuradun –egun zerbitzua darabilten familien %11 inguru-. Bestalde, 77 familiak dituzte une honetan bi seme-alaba matrikulaturik gutxienik Partzuergoko haur eskoletan. Familia hauek kuota bakarra ordaindu beharko lukete, beraz (familia errenta 18.000 eurotik gorakoa den kasuetan).

Era berean, izen-ematea egiteko unean ordaindu behar izaten zen aurretiazko kuota (edo pre-kuota) ere kendu egin da. Dagoeneko familiek ez dute 91 euro horiek aurreratu beharrik izango, izena ematerakoan.

Neurri hauek guztiak 2019ko urtarrilaren lehen egunean sartuko dira indarrean, eta une horretarik aurrera onuradun izango dira bai matrikulazio berriak, bai dagoeneko Haurreskolak Partzuergoaren baitako haur eskolen erabiltzaile direnak.

Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak familia eta lan bizitza bateragarriago egiteko neurrien aldeko apustua egiten dute. Neurriok, halaber, Euskadin jaiotza tasa handitzea sustatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen beste ekimen batzuen osagarri dira. Hezkuntza Sailaren iritziko, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua lagungarri da,neurri handian, familia-kontziliazio hobea lortzeko, eta horregatik eusten dio ahalik eta familia kopuru handienarengana iristeko borondateari.

Arrazoi horrekin, Haurreskolak Partzuergoak publizitate kanpaina bat bultzatu du berriki, aldian-aldian errepikatuko den kanpaina. Partzuergoarentzat garrantzitsua baita familiek eskaintzen duen kalitatezko zerbitzua ezagutzea. Gaur egun, 178 udalerri daude Haurreskolak Partzuergoan, eta udalerri horietan 236 haur eskolak ematen diete zerbitzua familiei.