Cristina Uriartek Estatuko Hezkuntza Ikuskarien XV Kongresuari hasiera eman dio

Kongresuaren irekiera ekitaldia. Cristina Uriarte erdian dela, ezkerretik eskuinera: Lorea Bilbao (Bizkaiko FA), Carlos Utrera (Fadide-ko presidentea), Nekane Alonso (Bilboko Kultura zinegotzia) eta Elias Ramirez

2018.eko urriak 17

  • “Hezkuntza Ikuskaritzaren lehentasunezko lerroak” lelopean, Estatuko 400 Hezkuntza-ikuskari inguru elkartuko ditu kongresuak Bilbon
  • Cristina Uriarte sailburuak, Euskadiko Hizkuntza Ikuskaritzak aldaketetara egokitzeko duen gaitasuna eta jarrera egokia nabarmendu ditu

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Estatuko Hezkuntza Ikuskarien XV. Kongresuari hasiera eman dio gaur goizez Bilboko Euskalduna Jauregian. “Hezkuntza Ikuskaritzaren lehentasunezko lerroak” lelopean, ekitaldian Estatu guztiko 400 profesional inguru elkartuko ditu hiru egunez (urriaren 17tik 19ra), guztiak ere hezkuntza-ikuskariak. Bi urterik behin egiten den kongresua Euskadiko Hezkuntza Ikuskarien Elkarteak (EHIE) antolatu du aurten, Hezkuntza Ikuskarien Elkarteen Federazioarekin (FADIDE) elkarlanean.

Irekiera ekitaldiko hitzaldian, Cristina Uriarte sailburuak Hezkuntza Ikuskaritzak egiten duen lanaren eta hauen funtzioaren garrantzia hartu du hizpide, bereziki azpimarratuz kidego honek aldaketetara egokitzeko duen gaitasuna eta jarrera egokia. “Hezkuntza sailburu naizen sei urte hauetan, nabarmendu beharra daukat, oso hurbil sentitu dudala Ikuskaritzaren inplikazioa, eta garrantzitsuena zera da: aldaketarako erakutsi didaten jarrera egokia. Urte hauetan zehar, aldaketa esanguratsuak bultzatu ditugu Euskadiko hezkuntza sisteman. Adibidez, Hezkuntza Eredu Pedagogiko berri bati forma eman diogu, edo eskola-jazarpenaren aurkako borrokan era koordinatuan aritzeko Plana jarri dugu abian”.

Uriarteren esanetan, aipaturiko bi kasu horietan “aldaketa estruktural sakonei buruz ari gara, hezkuntza eragile guztien erabateko inplikazioa eskatzen dutenak, eta horien artean bereziki Ikuskaritzarena. Eta esan beharra daukat alde horretatik izan dudan esperientzia pozgarria izan dela. Ikuskaritzak ondo jakin du ekintza berriak bere egiten, eta hezkuntzako bere eginkizunak hedatzen”, baieztatu du sailburuak. 

Eskola-jazarpenari dagokion arloan, Hezkuntza sailburuak azpimarra jarri du azken urteetan Euskadiko Hezkuntza Ikuskaritzak gai honekiko izan duen jarrera aldaketan, jarrera erreaktiboa utzi eta jarrera proaktiborako bidean. “Jazarpen kasu bat identifikatu ondoren soilik ekitetik, erantzun bila eta hobekuntzarako ekimenak bultzatzera pasatu da Ikuskaritza, ikastetxeen arteko eta Saileko beste zerbitzu batzuen arteko koordinazioa bilatuz”.  

Irekiera ekitaldiaren ondoren, Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente eta UPV/EHUko irakaslearen txanda izan da. Ibarrak “Hezkuntza-ikuskaritza eskubideen bermatzaile” izenburuko hitzaldia eskaini du. Izan ere gaur Bilbon hasi den kongresuak, ikuskariez gain, beste eremu batzuetatik euren ikuspuntua azalduko duten entzute handiko hainbat hizlari ere batuko ditu Euskalduna Jauregira. Kongresuaren egitarau osoa esteka honetan ikus daiteke:  https://xvcongreso.adide.org/programa/

Hezkuntza Ikuskaritzaren eginkizuna

“Hezkuntza Ikuskaritzaren lehentasunezko lerroak” lelo nagusi hartuta, kongresuko saioek Hezkuntza Ikuskaritzaren eginkizuna izango dute ardatz, haren hainbat alderditan: ikuskaria hezkuntza-komunitatearen eskubideen bermatzaile; eskola-zuzendaritzen ebaluazioa; irakaskuntza zereginaren ebaluazioa; ikasleen gaitasunen hobetzean ekarpena; bizikidetzaren kudeaketa aro digitalean; Lanbide Heziketa Dualaren ezarpena; edo   Komunitate-esku hartzea.

Hitzaldi, aurkezpen edo mahai inguruen bidez, kongresu honen helburua da Hezkuntza-ikuskaritzan diharduten profesionalen prestakuntzan, hobekuntzan eta gaurkotzean elkarlanean aritzea. Era berean, hiru egun hauetan zehar, Euskadin garatzen diren esperientziak ere ezagutaraziko dira, eta eztabaida eta kontrastea ahalbidetuko Estatuko hainbat esperientziarekin batera, horrela komunikazio-bideak irekiz beste lurralde batzuetako profesionalenekin.