6 milioi udalentzako diru-laguntzatan, ikastetxeetan hobekuntzak egiteko "Udalaguntza 2018" (Gobernu Bilera 2018-12-11)

logoconsejo.jpg

2018.eko abenduak 11

Udalaguntza deialdiaren bidez 260 obra finantzatu ziren iaz, udal titulartasuneko eraikinetan kokaturik dauden 170 ikastetxetan 

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Udalaguntza-2018 izenez ezagutzen den diru-laguntza deialdia. Deialdi honen bidez, hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dauden udal jabegoko eraikinetan obrak egiteko diru-laguntzak ematen dira. Deialdi honek 6 milioi euroko diru-kopurua du.

Udalaguntza-2018 deialdian parte hartu ahal izango dute aurrerago aipaturiko ezaugarriak betetzen dituzten ikastetxeak kokaturik dauden eraikinen titular izan eta haietan hobekuntza lanak egiteko proiektuak aurkezten dituzten Euskadiko udalek. Agindu honen bidez finantzatu daitezkeen obrak 2018ko urtarrilaren 1 eta 2019ko abuztuaren 31 bitartean hasi beharko dira eta 2019ko abenduaren 31 baino lehenago bukatuak egon behar dute.

Hezkuntza Sailak deialdi honen bidez emango duen diru-laguntza balorazio-batzordeak onarturiko aurrekontuaren %60koa izango da. Gainerako %40 proiektua aurkeztu duen udalaren gain izango da. Eskaera bakoitzeko gehienezko kopurua, dena den, 360.000 eurokoa izango da. Hortaz, balorazio-batzordeak  onartutako  600.000  euro  baino  gehiagoko  aurrekontuak  dituzten eskaerei diru-laguntza ematen bazaie, muga hori hartuko da kontuan.

Irisgarritasun lanak

Ikastetxeen irisgarritasuna hobetzeko lanak izan ohi dira sarritan deialdi honen bidez diruz laguntzen direnak, edo baita eraikin horien instalazioak eguneratu edo egokitzeko lanak ere, hala nola: kanpo nahiz barne arotzeria aldatzea; fatxada eraberritzea; patio eta jolastokietan zorua berritzea; eraginkortasun energetikoa hobetzeko jarduketak; espazioak birbanatzea; teilatu konponketak; instalazio elektrikoak eguneratzea; komunak eta saneamenduak konpontzea; edo berogailu sistema aldatzea, beste hamaika motatako lanekin batera. Guztiak ere irakaskuntzaren kalitatean modu zuzen zuzenean eragiten duten jarduerak izan ohi dira. Nola nahi, ez dira deialdi honen bidez finantzatuko lehen ezarpeneko lanak, ezta kontserbazioko eta mantentze obrak ere.

Udalaguntza deialdiaren sorrera, ikastetxeen instalazioetan hobekuntza eta eguneratze lanak burutzeko Hezkuntza Sailaren eta tokiko erakundeen arteko koordinazioan aurkitzen da. Elkarlan horri esker, gainera, baliabide publikoen optimizazioa eta administrazio bakoitzak egiten dituen ahalegin eta jarduketen eraginkortasun handiagoa ere lortzen dira.

2018ko Udalaguntza deialdian parte hartu nahi duten udalek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko –eskatzen den dokumentazioarekin batera-, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Iazko Udalaguntza deialdiaren bidez (Udalaguntza 2017) 260 obra finantzatu zituen Hezkuntza Sailak, Euskadiko 87 udalerritan kokaturiko Haur eta Lehen Hezkuntzako 170 ikastetxe publikotan.