450.000 euro Lanbide Heziketako ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko (Gobernu Bilera 2018-10-16)

logoconsejo.jpg

2018.eko urriak 16

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako ikasleen artean 2018-2019 ikasturtean kultura ekintzailea sustatzeko diru-laguntzatarako deia egiten duen Agindua.

450.000 euroko diru kopurua duen deialdi hau 2018-2019 ikasturtean Euskadin Erdi mailako edo Goi mailako heziketa zikloren batean 2. mailan dauden ikasleei zuzendua da. Horrez gain, ikasle onuradun horiek enpresa-simulazioko proiektu bat lantzen aritu beharko dute ikasgelan, eta ezin izango dute eduki 30 urte baino gehiago 2018ko abenduaren 31n.

Jasotako diru-laguntza, enpresa-simulazioko proiektua garatzeko beharrezkoak diren berariazko softwarea edo materialak erostean izan diren gastuak ordaintzeko erabili beharko da. Ikasgelako simulazio proiektu hauek bakarka garatu ahal izango dituzte ikasleek, edo taldeka antolaturik. Nola nahi ere, proiektu bakoitzeko diru-laguntza bakarra izango da, bakarka zein taldeka egin, gehienez ere 2.000 euro proiektu bakoitzeko.

Ikasenpresa programa

Enpresa eta Ekimen Ekintzailea moduluaren barnean, Lanbide Heziketako 2. mailako ikasleek (Erdi mailako zein Goi mailako zikloetan) Ikasenpresa deritzon programan parte hartzen dute. Kultura ekintzailea sustatzea helburu duen hezkuntza-programa bat da hau, eta beroni esker ikasleek ekinez ikasten dute ekintzaile izaten.

Horretarako, enpresa-simulazioko proiektuak erabiltzen dira ikasteko tresna gisa, eta horrela, ikasleek aukera dute hainbat konpetentzia garatzeko, pertsona profesional, enplegagarri, aktibo eta ekintzaile edo intraekintzaile izateko eta lan-merkatu aldakor eta ezegonkorrari aurre egiteko. Era berean,  programa honek ikasleak sentsibilizatzen ditu, autoenplegua aukera gisa ikus dezaten.

Ikasenpresa programak hezkuntza-testuinguru berritzailea sortzen du eta ikasteko metodologia nagusiki praktikoa darabil. Horrek ikasleak behartzen ditu erosotasun-egoeratik irtetera eta ondoren lan-merkatuan aurkituko dituzten egoerei edo arazoei aurre egitera.