2018ko Euskadi Ikerketa Sariaren deialdia (Gobernu Bilera 2018-10-16)

logoconsejo.jpg

2018.eko urriak 16

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 2018ko Euskadi Ikerketa Saria deitzen duen Agindua onartu du, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoz. 2018an, Zientzia eta Teknologia modalitatean deitzen da saria.

Euskadi Ikerketa Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadirako.

Euskadi Ikerketa Sarirako hautagai izan daitezke doktore tituluaren jabe diren ikertzaileak. Horrez gain, hautagaiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko ikerketa zentroren batean aritu edo bertara atxikia izan beharko du, eta bere ibilbide zientifikoa Euskadin garatua izan, gutxienik 12 urtez, doktoregoa eskuratu ondoren. Era berean, Ikerbasque Fundazioak kontrataturiko irakasleen hautagaitzak ere onartuko dira, arestian aipaturiko sareko ikerketa zentroren batera atxikita badihardute.

Hautagaitzak proposatu ditzakete bai erakunde zientifikoek, bai beste ikertzaile batzuek, eta baita hautagaiak berak ere. Hautagaitzak aurkezteko epea deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2018ko azaroaren 26ra arte egongo da zabalik.

2018ko Euskadi Ikerketa Sariak 42.000 euroko hornikuntza du, ezin zatituzkoa eta bakarra. Bi urtean behingo errotazioz deitzen da, jarraian azaltzen den eran: urte bakoitietan gaiak Gizarte Zientziei eta Humanitateei buruzkoa izaten dira, eta urte bikoitietan berriz, oraingo kasu honetan bezala, Zientzia eta Teknologiari buruzkoak.

Gizarte Zientzien eta Humanitateen modalitateak arlo hauek hartzen ditu: Gizarte eta Ekonomia Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Humanitateak. Zientzia eta Teknologiaren modalitateak, berriz, Oinarrizko Zientziak, Bizitza eta Osasun Zientziak, Teknologia eta Arkitektura.