2017an Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazte guztien % 8 langabezian zeuden

Argitalpen-data: 

Proportzio hori Europako batez bestekoaren antzekoa da

GEBren logoaEuskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazte guztietatik, erdia baino gehixeago (% 52,2) “ez-aktiboa” deitzen zaion kategoriaren barruan sartzen dira, hau da, ez daude lanean ezta lana bilatzen ere. Gehien-gehienak ikasleak dira baina multzo honetan badaude beste pertsona batzuk etxeko lanetan edo zaintza lanetan dabiltzanak, gaixotasun larria dela eta lan egin ezin dutenak, edota ikasketak amaitu eta gero oraindik lana bilatzen ez dabiltzanak.

Gazte guztien beste % 39,8 lanean dabiltza eta gainerako % 8,0 langabezian daude.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen banaketa bere zeregin nagusiaren arabera (%)

Langabezian dauden gazteen proportzioa ez da nahastu behar langabezia-tasarekin. Langabezia-tasak, Nazioarteko Lan Erakundearen (NLE) irizpideen arabera, zera adierazten digu: populazioa aktiboaren barruan zein proportzio dagoen langabe, aktiboak lanean edo lan bila eta lan egiteko prest daudenak direla kontuan izanik. Euskadin 16 eta 29 urte bitartekoen taldean erdia baino gutxiago sartzen dira aktiboen kategorian, 2017an % 47,8, hain zuzen ere.

Hemen adierazten den portzentajeak, aldiz, biztanleria gazte osoa hartzen du kontuan, eta ez aktiboa bakarrik, gure asmoa Euskadin zenbat gazte dauden langabezian adieraztea baita. Horregatik “gazte guztiei egokitutako langabezia” deitzen diogu datu honi.

Zifra hauek Europar Batasunakoekin konparatuz gero, ikusten dugu 2017an Euskadin lanean zebiltzan gazteen proportzioa Europako batez bestekoaren azpitik zegoela, hamar puntu azpitik, hain zuzen ere (% 39,8 eta % 49,2 hurrenez hurren). Bestalde, langabezian zeuden gazteen proportzioa (gazte guztiekiko kalkulatuta) antzekoa zen Europan (% 7,5) eta Euskadin (% 8,0). Zergatik da hau? Euskadin Europan baino gazte “ez-aktibo” gehiago daudelako, ikasle soilak batez ere.

Euskadiko eta Europako gazteen banaketaren arteko konparazioa 2017an duten zeregin nagusiaren arabera (%)

Bestetik, Euskadin datu hauek izandako bilakaera aztertzen badugu, ikus dezakegu langabezian dauden gazteen proportzioak beherantz egin duela, eten gabe, 2014 urtetik aurrera; orduan izan baitzen zifrarik handiena (% 15,0). 2017an proportzio hori 2009-2016 aldian izandako balioen azpitik dago, baina, hala ere, ez da krisialdi ekonomikoaren aurreko urteetako zifretara jaitsi.

Okupazioari buruzko datuek, hau da, lanean dabiltzan gazteei dagozkienek, kontrako joera izan dute: gora egin dute 2015 urtetik aurrera baina ez dira lortu 2011 urtearen aurretik izandako zifrak.

Krisialdi ekonomikoaren ondorioz, 30 urtetik beherako Euskadiko gazteriak neurri handiagoan jo zuen ikasketara bere laneratze aukerak handitzeko; hori dela eta, ikusten dugu 2017an lanean ez dabiltzan ezta lana bilatzen ez dabiltzan gazteak % 52,2 direla eta 2008an % 42,6 zirela, hau da, hamar puntuko aldea dagoela urte horien artean.

Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko gazte guztien artean, lanean eta langabezian daudenen proportzioaren bilakaera (%)

Datu hauek, bai eta sexuaren eta lurralde historikoaren araberako aldeak, Gazteen Euskal Behatokiaren webgunean kontsulta daitezke, estatistiken atalean. Bertan “Lana”ri buruzko hainbat datu daude eta horien artean “Jarduera, okupazioa eta langabezia” izeneko azpiatalean dauden urteko datuak aztertu ditugu hemen.

Jarrai gaitzazu gizarte-sareetan!

Facebook logoa   Twitter logoa