200.000 euro kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzatan (Gobernu Bilera 2018-10-16)

logoconsejo.jpg

2018.eko urriak 16

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera presentzialak antolatzeko diru-laguntzak ematen dituen agindua. Kongresu eta bilera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan burutu beharko dira, 2019ko lehen seihilekoan. Deialdi honek 200.000 euroko diru-kopurua du.  

Laguntza hauen onuradun izan daitezke Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak, haien kategoria edozein dela ere.

Diru-laguntza hauek, honako gastu arrunt hauek ordaintzeko erabili beharko dituzte: kongresu edo bileraren antolamendua eta zabalkunde gastuak, hizlari gonbidatuen parte-hartze gastuak, edo kongresuen kasuan, ekarpen zientifikorik onenari eman ohi zaion saria.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira, bereziki prestakuntzakoak diren ikastaroak eta jarduerak, hala nola irakaskuntzako eta ikaskuntzako trebakuntzarako prestakuntza-jardunaldiak, tailerrak edo mintegiak, besteak beste.

21kongresu edo bilera bigarren seihilekoan

Deialdi hau sei hilean behin argitaratzen da, eta Euskadin burutzen diren 60 kongresu edo bilera inguru finantzatzen laguntzen du, urteko. Aurtengo lehen seihilekoari dagokion deialdiaren bidez, 21 kongresu edo bilera lagundu dira diruz  2018ko uztailetik abendura bitartean. Kongresu horien antolatzaile izan dira UPV/EHU, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language), Deustuko Unibertsitatea, DIPC (Donostia International Physics Center), Biodonostia, Tecnalia Fundazioa, edo Bcam (Basque Center for Applied Mathematics), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten beste zenbait eragileren artean.

Ikerketa zientifikoaren arloko kongresu eta bilera hauek oso tresna egokiak dira ideiak eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuak trukatu eta zabaltzeko, prestigio handiko ikertzaile eta irakasleen parte hartzea bultzatzen baitute.