175.000 euro doktoretza-aurreko ikertzaileen egonaldietarako diru-laguntzetan (Gobernu Bilera 2018-10-23)

logoconsejo.jpg

2018.eko urriak 23

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programa aplikatzen den zentroez bestelakoetan egonaldiak egiteko diru-laguntzak deitzen dituen agindua.

175.000 euroko diru-kopurua duen deialdi hau gorago aipaturiko Doktoretza-aurreko Programaren onuradun diren ikertzaileei zuzendua da. Ikertzaile hauek lan-kontratu bidezko harremana dute ikerketa zentroekin (unibertsitate edo ikerketa erakundeak, I+G+b-n ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak). Ikerketa zentro horiek Doktoretza-aurreko programarako aplikazio-zentrotzat hartzen dira. Hala ere, sarri askotan, doktoretza-aurreko ikertzaileek aplikazio-zentroa ez den beste zentro batean egin ohi dituzte unean-uneko egonaldiak, euren ikerketa-lanaren garapenak hala eskatuta.

Horrela bada, Hezkuntza Sailak diru-laguntza deialdi hau deitzen du, lekualdatzeak edo aldi baterako egoitza-aldaketak egin behar izaten dituzten doktoretza-aurreko ikertzaile horiei osagarri ekonomikoak eskaintzeko helburuz. Egonaldiak unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I + G +b-ko jarduera duten enpresetan egin ahal izango dira, atzerriko zein estatu mailakoetan, betiere aplikazio-zentroarena ez den herri batean kokatuta badaude eta diru-laguntza ematea justifikatuko duen aldi baterako egoitza-aldaketa badakar.

2018an, doktoretza-aurreko 59 ikertzailek jaso dute diru-laguntza iazko deialdiaren bidez, eta horrela, aldi bateko egonaldiak egin ahal izan dituzte (edo egiten ari dira) euren aplikazio zentroa ez den beste zentroren batean.

Egonaldien helburua izango da ikertzaileek beren ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea eta, horretarako, jarduera hauek egitea: ikerketa-jarduerak, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikastea, edo gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren onerako izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera.