Juan Antonio Urbeltz: «Mozorroak intsektu bihurtzen du jendea»

  • Juan Antonio Urbeltz: «Mozorroak intsektu bihurtzen du jendea»
    ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Berria

  • DataAbenduak 21
  • Gaia Literatura, Ondarea

Dantza tradizionala eta foklore adierazpideak urte luzez ikertu ditu Urbeltzek. Argia taldeko eta Ikerfolk elkarteko zuzendaria da, eta haren lana argitara eman du liburu, artikulu eta ikuskizunen bidez
Mozorrorik gabe agertu du urte luzeko lana Juan Antonio Urbeltzek (Iruñea, 1940) bere azken liburuan: 'Morir' en la hoguera el Martes de Carnaval (Sutan 'hil', inauteri asteartez). Inauteriei buruz egin duen ikerketa bildu du, eta, bukaeran, Lantzeko (Nafarroa) eta Lastovoko (Kroazia) inauterietako errituak eta sinboloak azaldu ditu.

Orain arteko bideari eutsi diozu liburu honetan.

XX. mendeko antropologian nagusi izan den ideiaren muin-muinari eginiko kritika bat da. Frazerren Urrezko adarra lanari jarraitu diote, eta horrek akatsak zituen han eta hemen. Frazer erudizio handiko gizona da, baina norabidea galdurik zebilen. Ez zekien zer zen nekazari bat, inondik ere. Liburutegi handiak, bulego ederrak... baina harenaz gaindiko mundua, haren liburuetatik landakoa, anekdota huts ziren harentzat. Frazerrentzat udaberria da neguaren hiltzea. Baina ez da konturatzen landareak berpiztearekin batera intsektu mundu oso bat berpizten dela.

Inauteriak ez daude haragiarekin eta garizumarekin loturik?

Antropologiak garizumaren kontrako gisa aztertu du, baina San Joanekin dago loturik. Euskaldunek, gainera, badugu oso interesgarria den kontu bat: inauteriak ez ditugu haragiarekin lotzen. Morfologikoki ezberdinak diren bi hitzak —inauteri eta aratuste— ideia berean batzen dira: inausketa aroa. Horrekin batera, mozorro-zomorro ideia dugu, mozorroa eta intsektua. Mozorroak intsektu bihurtzen du jendea. Beraz, zomorroa bera da udaberrian etorriko diren intsektuak uxatzeko konjurua egiten duena.

Nolatan izan da interpretazio nagusia hain ezberdina?

Batzuetan, antropologian, kultura akademikoan, ez dute nekazaria ulertu, batere. Ergeltzat hartu dute. Uste duzue nekazariak pentsatuko zuela sua piztuta eguzkia mugi zezakeenik? Eltxoak eta mandeuliak sanjoanetan pasatu egiten dira, itogarria da egoera. Beraz, suarekin ke asko botatzen zuten intsektu hodeiak uxatzeko. Ituren eta Zubietan, berdin. Bi tresna dituzte. Zaldien isatsak eta joareek mandeuliak uxatzeko balio dute. Europan joarea agertzen denean inauterietan, atzean mandeulia dago, seguru. Hori ez da ulertu.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri