Euskal Herriko musika sorkuntza eta ekoizpena hizpide

  • Euskal Herriko musika sorkuntza eta ekoizpena hizpide
Naiz

  • DataAbenduak 21
  • Gaia Musika

Mahaiaren bueltan batu ziren atzo musikari, irakasle, DJ eta kultura munduko jendea «do it yourself» filosofia eta musikari buruz aritzeko Leioako campusean

Euskaraz egiten den pop musika aztertuz abiatu zuen solasaldia Josu Larrinaga soziologo eta musikazaleak. Berarentzat jasoa (klasikoa), herri musika (folklorea) edota jazza ez den musika guztia da pop. «Pop musikaren ezaugarria da berritasuna, eta musikariak kanta berriak sortzen eta ateratzen egon behar du bizirik mantentzeko. Pop musika ez da oinarritzen errepertorio musikalean, baizik eta musika bera grabatu eta zuzenean jotzen», adieraziz azaldu zituen atzo bere tesi nagusiak Larrinagak.

«Antropozenoko bluesak» bezala definitzen du pop musika eta laguntza elektriko edo elektronikoaren laguntza behar-beharrezkoa du musikak egun. «Mikrofonoaren asmakuntza izan da musikagintzak izan duen handiena» gaineratu zuen.

Euskal Herrian 60ko hamarkadatik aurrera indartu eta izaera kontrakulturalarekin garatu da musikagintza, eta Larrinagak musikaren fenomenoa identitatearen ikuspegitik ikertu du batez ere. «Gure musikak jakin izan du euskal identitate moderno eta progrea lortzen, izan Ez Dok Amairu, Oskorri edota rock izaerako taldeekin geroago», bere esanetan.

«Kontrakultura posizio hegemonikoetara heldu da Euskal Herrian», baieztatu zuen Enkarterriko soziologo eta kazetariak. Kantagintzaren aroaren ostean «punk mutazioa» eman zela gogoratu zuen Larrinagak, gatazka gori-gorian zegoen sasoian, krisi ekonomiko latzaren erdian, «Zen planaren» eta errepresioaren giroan punk musikak eta gizarteko oldarraldiak azpiegitura alternatiboak sortzeko parada eskaini zuten; irrati libreak, gaztetxeak, diskoetxe berriak eta kontzertu sarea besteak beste. Baina punk mugimendua izoztu eta «larregi iraun» duela aipatu zuen Larrinagak modu ezkorrean. «Borroka framing bat» sortu zen bere ustez, eta marko kultural mugatua dakar horrek, eta garapen gutxi izaten da parametro horietatik kanpo. Estetika, mezu eta estilo aniztasun falta deitoratzen du Larrinagak.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri