2017. urtean, Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako 37 artelanetan esku hartu da, kontserbazio eta zaharberritzerako Iberdrola-Museoa Programari esker
- DataAbenduak 19
- Gaia Ikusizko arteak, Museoak
Kontserbazio eta Zaharberritze Programaren aurkezpena
Bilboko Arte Ederren Museoa, 2017/12/19.- 2017. urtean, museoaren bildumako 37 artelanetan esku hartu da, kontserbazio eta zaharberritzerako Iberdrola-Museoa Programari esker. Besteak beste, pieza hauek ditugu: Platera (c. 1500), Alfar de Manises (Valentzia); Sortzez Garbia (c. 1665),José Antolínez; Juan Crisóstomo de Arriagaren monumentua, Francisco Durrio; Bilboko paisaia. Sendeja kalea (c. 1917), Aurelio Arteta; 13 esmalte, Ricardo Arrúe eta Ramiro Arrúe –besteak beste, Natura hila (1925), Biluzia, eta Medusa (1920)–; San Pedroren sermoia eta San Pedro eta San Pablo epailearen aurrean, Pedro Serra; Natura hila (XVII. mendearen hirugarren laurdena), Jan van Kessel I; Pietatea gurutzearen oinaldean, Luisa Roldan "La Roldana"; Saint Jeango muturra. Cap Ferrat (XIX. mendearen azken herena), Martín Rico; Topalekua IV (1973), Eduardo Chillida; Izenbururik gabe (1988-1989), Ricardo Catania –2017an museoari eman ondoren, lehen aldiz aurkeztua–; eta To the Sleeping Part (1993), Pello Irazu.
Azkenik, paper gaineko obren atalari dagokionez, jarraipena eman zaio aurreko hiru urteetan hasitako zaharberritze-lanari: Bilboko Roberto Laplazaren XIX. mende amaierako hamabi marrazki zaharberritu dira, ikatz-ziriz, arkatzez eta tintaz paper gainean eginak denak.
Beste batzuetan bezala, Iberdrola Museoa Programa, piezen tratamendu materialaz arduratzeaz gain, lagungarria izan da haien azterketa historiko-artistikoa egiteko.
María José Ruiz-Ozaitak, Jon Apodakak, Mercedes Brionesek, José Luis Merino Gorospek eta Sandra Rodríguez de Paulak –Ibedrola España Fundazioa bekaduna– osatutako Kontserbazio eta Zaharberritze Sailak obra guztietan esku hartu du, Javier Chillida eta Equipo 7ren laguntzarekin.


