Hibai Etxebarria. Denei eta denari egin dio tokia
- DataAbenduak 1
- Gaia Musika
Hibai Etxebarria musikariak zuzendutako proiektu kolektiboaren lehen lana kaleratu dute. 32 artistak parte hartu dute. Estreinako diskoa lau abestiz osatutako bi atalek osatzen dute, eta musikariak beste lau atal iragarri ditu.
Itxurek sarritan engainatzen dute, eta horregatik ezin daiteke proiektu bat azalagatik epaitu. Horren adibide da Hibai Etxebarria musikari eta konpositore gernikarrak aurkeztutako Triptics diskoa. Gernikarraren estreinako lanaren atzean proiektu handi bat ezkutatzen da. Handia da 32 musikarik eta artistak parte hartu dutelako, eta handia da kasik musika estilo guztiak aurki daitezkeelako lehen laneko zortzi kantetan. Musikariaren esanetan, «datorrenaren atarikoa» da Triptics (Gaztelupeko Hotsak).
Etxebarriak eskarmentu handia du musika munduan, baina beti beste proiektu batzuen atzean. Gogoratu du azken hogei urteetan orotariko estiloetan aritu dela: «Hip hopa, rocka, musika klasikoa, jazza. Pertsona oso eklektikoa naiz, eta beti mugitu izan naiz testuinguru ezberdinetan». Bere azken lana Aitor Etxebarria El_Txef_ A anaiaren alboan izan da. Hibai taldearekin, gidaritzari heldu dio lehen aldiz gernikarrak. Bere ibilbidea abian jartzeko, lau abestiko bi triptikok osatzen duten eta musikariaren hitzetan «oso eklektikoa» den lana aurkeztu du.


