Anjel Lertxundiren "Hormak". Memoria nola itzuli
- DataAbenduak 1
- Gaia Literatura
Anjel Lertxundik 'Hormak' nobela kaleratu du Erein etxearekin. Itzultzaile bat du protagonista eta narratzaile, eta familia barruko sekretu eta inkomunikazioak argitzen saiatuko da, memoria galtzen ari den amaren ondoan.
Liburu bakoitzak bere idazketa prozesua dauka, Anjel Lertxundiren iritzian. Liburu bakoitzak eskatu eta eskaintzen du berea. Horma nobela idazteko, hiruzpalau gauza argi zituen. Argi zuen izenburua bera. «Normalean, ez dut izenburua idazketa prozesuan oso aurrera egin arte erabakitzen, baina, oraingoan, desberdina izan da, hasieratik garbi nuen. Hormak islatzen du inkomunikazioaren ertza, edo guk pilota jaurti eta hark itzultzen diguna, asmatzen ez dugulako noiz eta nola jaurti, adibidez». Argi zuen, halaber, protagonista eta narratzailea itzultzailea izango zela: «Aspaldi nerabilen buruan pertsonaia hori. Itzulpengintzaren gaia erakargarri egiten zait literarioki ere, eta baita itzultzailearen figura ere, gure gizartean aura handirik gabeko hori, pertsonaia gris samar hori».
Honela deskribatzen du pertsonaia hori Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak: «Kode batetik beste batera hitzak pasatzen espezialista da. Bizitzan ere halatsu, kode batetik bestera pasatu beharra du mundua ulertuko badu. Maite du bere lana, baina hor sortzen zaio arazoa. Haurtzaroan gertatu ziren pasarte lauso batzuk nahasten zaizkio buruan, Martarekin bikote harremanari ekin behar dion une berean, noiz eta amari, kode haiek erraz itzuliko zituen pertsona bakarrari, memoria husten eta hondatzen zaion garaian».


