Gasteizko Zas Kultur Espazioa, testuinguru hurbileko sormenaren mesedetan

  • Gasteizko Zas Kultur Espazioa, testuinguru hurbileko sormenaren mesedetan

2016aren erdialdean, Zas Kultur Espazioa izeneko ekimena sortu zen Gasteizen, Erakusmeta Kultur Elkartearen eskutik. Espazio horretan bitartekaritza kulturala lantzen da batik bat, eta gertuko testuinguruko sorkuntza artistikoa babestu eta hedatzen lagundu du sortu zenetik. Hiriko Alde Zaharrean duen egoitzatik ehundu ditu babes hori sorkuntza garaikidera hedatzeko aukera ematen dioten sareak. Arduradunetako batekin hitz egin dugu, proiektua hobeto ezagutzeko.

 

Nola jaio zen Zas Kultur Espazioa?

Zas Kultur arte bisual garaikideekin lotutako Gasteizko eragile kultural batzuen ekimenez sortu zen. Eragile eta pertsona horiek interes komunak zituzten, beste ekimen pozgarri batzuetan mamitutakoak, hala iraganean (Amarika asanblada) nola gaur egun ere (Inmersiones).


Krisialdiaren urte hauetan, Gasteizen une zailak bizi izan dira kulturaren eta sorkuntza garaikidearen alorrean. Hala eta guztiz ere, Zas Kultur Espazioa eta antzeko beste ekimen batzuk testuinguru horretan sortu dira Arabako hiriburuan. Zer ekarpen egin duzue zuek egoera horretan?

Ez dugu uste gure kultur ekosistemak duen egoera «zaila» krisialdiaren ondorioa denik. Aitzitik, uste dugu benetako arrazoia gure tokiko erakunde publikoen abandonua eta erantzukizunak alde batera utzi izana izan direla. Krisiaren aitzakia baliatu dute pentsamendu kritikoa eta eztabaida soziala eragiten duen kulturarekin zituzten lotura guztiak behin betiko eteteko. Eta indarturik atera da krisi horren ondoren haiek egindako apustua: turismo kulturala sutatzeko, kultura zerbitzu bezala ulertzeko, jaialdiak bata bestearen atzetik antolatzeko eta kultura ikuskizun eta salgai bihurtzeko egin duten apustua, hain zuzen. Gure ekarpena, beste kolektibo batzuek proposatu dituztenak bezalaxe, lan egitea da, erakundeek abandonatu dituzten proposamen horiek zabaltzeko.

 

 

Amarika asanbladan lortutako eskarmentua duzue. Nolakoa izan zen ekimen hura eta zer ikasi zenuten bertan?

Amarika asanblada kudeaketa partekatuko proiektu berritzaile bat izan zen, gure lurraldeko kultur eragileek (batzar irekiaren formatuan) eta Arabako Foru Aldundiak adostutakoa. Proiektuaren xedea AFAko hiru areto edukiz betetzea zen: Amarika aretoa, Probintziako Artxiboa eta Ignacio Aldecoa kultur etxea. Esperimentuaren hiru urteko ibilbidean, ikasi genuen kulturaren arloko sektoreek berek azpiegitura publikoak kudea ditzaketela, berrikuntza, ilusioa eta irizpide egokiak txertatuz, hau da, ekipamendu publiko horiek kudeatzeko ardura dutenek faltan izan ohi dituzten ezaugarri horiexen ekarpena eginez.


Ez du ematen kasualitatea denik zuen egoitza Alde Zaharrean egoteak. Zer fluxu ezartzen dira auzo horretan?

Gure hiriko Alde Zaharra ekimen sozial, kultural eta artistiko ugariren sorlekua eta elkargunea da. Auzo zalapartatsu bat da, kulturartekotasuna eta mestizajea ezaugarri ditu, eta denetik aurki dezakezu bertan: kolektiboak, lokalak, kafetegiak, dendak, tabernak... Artium eta Montehermosoren artean kokatzen gara, geografikoki zein estrategikoki –gure mendebaldean daude, bost eta hiru minutura, hurrenez hurren– eta bi minutura dugu Zuloa espazio alternatiboa.


Bitartekaritza da artistei eskaintzen dizkiezuen zerbitzuetako bat. Nola gauzatzen da lan hori?

Martxan jarri ginen momentutik eskaini dugu «Zas Irekia» izeneko tresna: tutoretza partekatuko bulego ireki bat, jarduera artistikoarekin lotutako edozer alderdiren inguruko aholkularitza behar dutenentzat.


Bitartekaritza horretaz gain, zer beste laguntza espezifiko behar dute tokiko testuinguruan sorkuntzaren bidea jorratu nahi dutenek?

Zera behar dute: prestakuntza, beren proposamenak ekoizteko laguntzak –gure probintzian ez da artistentzako diru-laguntzarik ematen– eta espazio material eta immaterialak, beren lanak gure testuinguruan eta hortik kanpo zabaltzeko.


 

Zentzu horretan, hirian urtero antolatzen da Inmersiones izeneko kongresua. Zer-nolakoa da deialdi hori eta zer ate ireki diezazkieke artista gazteei?

Inmersiones proposamenaren asmoa zera da: sortzen ari den gertuko artearen eremutik datozen proposamenak ezagutzera ematea. Ekimen horren babespean egindako jarduera nagusia artisten topaketa bat da. Alabaina, esperientziak eta ezagutza trukatzeko foro bat ere bada, bai eta sozializatzeko espazio bat ere.


Zer ibilbide du aurrean Zas Kultur Espazioak?

Bidea ez da argia, beti egoten baikara egoera zailean. Gure asmoa, halere, orain arteko ildo berean lan egiten jarraitzea da.