Max Porter eta Ru Kuwahata zinegileen "Negative Space" animazioko film labur frantsesak irabazi du Zinebi 59ko sari nagusia
- DataAzaroak 17
- Gaia Ikus-entzunezkoa
Atxurra Taldearen “Areka” animazio lan kolektiboak Euskal Zinearen Sari Nagusia lortu du, eta Julia Mauraren eta Mariangela Pluchinoren “Galatée a L`infini” film labur dokumentalak Zine Espainiarraren Sari Nagusia eta bere generoko Urrezko Mikeldia irabazi ditu.
Opera prima hoberenari ematen zaion Zinebi First Film sari berria Austin Lynch eta Matthew Booth zinegileen “Gray House” film luze estatubatuarrak jaso du.
ZINEBIren 59. edizioaren amaiera ekitaldia GAUR ospatuko da Arriaga Antzokian, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Ekitaldian, sari guztiak banatu eta saritutako lanak eskainiko dira.
Max Porter eta Ru Kuwahata zinegileen “Negative Space” (2017, 6’, Frantzia) animaziozko film laburrak irabazi du Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren-ZINEBIren 59. Edizioko Sari Nagusia. Horrez gain, epaimahaiak bi aipamen berezi eman dizkie Ghasideh Golmakaniren “Limbo” fikziozko film laburrari eta Emilio Ramosen eta Lucía Gajáren “Nos faltan” Mexikoko animaziozko lanari.
Euskal Zinearen Sari Nagusia talde animazio film batek, “Areka” lanak, irabazi du. Zazpi minutu baino pixka bat gehiagotan, Oroimen Historikoaren berreskuratzeari buruzko istorioa lantzen du. Film laburra Begoña Vicariok koordinatzen duen Atxurra Taldeak sinatzen du, eta horren ostean hogei zinegile gazte inguru daude.
Nazioarteko premièrea ZINEBIren edizio honetan izan duen Julia Mauraren eta Mariangela Pluchinoren “Galatée à L`infini” (2017, Dok, Espainia) film labur dokumentalak irabazi du Zine Espainiarraren Sari Nagusia, bere itxaropenak beteko zituen emakume ideala bere eskuekin egin zuen Pigmalionen figurari buruzko lanarekin. Film horrek dokumental hoberenaren Urrezko Mikeldia ere irabazi du. Horrez gain, Alán González zinegilearen “El hormiguero” (2017, 15´ Fik.), film kubatarrak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria. Zinebiko aurtengo edizioan 62 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean.
Sarituen zerrenda gaur goizean aurkeztu du ZINEBI 59ko epaimahaiak. Aurtengo epaimahaiko kideak hauek izan dira: Iván Arguello, Guadalupe Echevarría euskal artista, bideo-artearen arloan Euskadiko aitzindarietakoa, Renata Gasiorowska animaziozko zinegile poloniarra, Lola Mayo gidoilari eta ekoizlea eta Peter Suschitzky argazki zuzendari britainiar ospetsua.
SARIAK GENEROZ-GENERO
Zine dokumentalaren atalean, dagoeneko aipatu den “Galatée a L`infini” lanaz gain, Jenni Kivistö zinegilearen “Äiti” (2017) dokumental finlandiarrak Zilarrezko Mikeldia lortu du. Fikziozko zinearen atalean, Urrezko Mikeldia, João Salavizaren “Altas cidades de ossadas” lan portugaldarrak irabazi du, eta kategoria horretako zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Daria Vlasova zinegile errusiarraren “Moloko” (2017, Errusia, Lituania) filmak jaso du.
Animazioaren atalean, Urrezko Mikeldia Chintis Lundgrenen “Manivald” (2017, Estonia, Kroazia, Kanada) lanak irabazi du, eta Paulo Patricioren “Surpresa” (2017, Portugal), filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia
Zinegile gazteen opera primei eskainitako ZINEBI FIRST FILM (ZIFF) sari berriari dagokionez –fikziozko film luzeei, dokumentalei eta animaziozko filmei zabaldutakoa–, bigarren edizio honetan, Silvano Agosti idazle, muntatzaile, zinegile eta erakusle italiarrak, 2009tik Uruguaiko Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendaria den Alejandra Trellések eta Haritz Zubillaga zinegile bilbotarrak osatutako epaimahaiak Austin Lynchen –David Lynchen semea– eta Matthew Boothen “Gray House” ekoizpen lan estatubatuarrari eman dio. Modu iradokigarrian eta berezian, Estatu Batuetako langileen eguneroko bizimodua eta borroka islatzen dituzten bost istorio erakusten ditu, abstrakzioa, errealitatea eta ametsak nahastuz.
Horrez gain, ZIFFeko epaimahaiak bi aipamen berezi eman dizkie Helena Wittmannen “Drift” (2017, 95´ Fik. Alemania) fikzio esperimentalari eta Ali Soozandehen “Tehran Tabu” (2017, 96´ Alemania/Austria) animaziozko film luzeari.
Aurtengo edizioan jaialdian parte hartu duten euskal film laburren artean berriro ere hiru sari banatu dituen SGAE-Euskadiko Kontseilua Fundazioak hauek saritu ditu: Lander Camareroren “El viejo y el mar”, Gidoirik hoberena; Amancay Gaztañagaren eta Erika Olaizolaren “Zulo”, Zuzendaritzarik hoberena; eta Mikel Salasen “La fiebre del oro”, Musikarik hoberena.
Horrez gain, ZINEBI 59k, Euskal Produktoreen Elkartearekin (EPE-APV) lankidetzan, aurrera jarraitzen du Bilboko eta Euskadiko ikus-entzunezko industriaren garapenari laguntzeko konpromiso irmoarekin. Horretarako, Euskadiko ikus-entzunezko sektorea osatzen duten zuzendariekin, ekoizleekin, enpresekin, profesionalekin eta adituekin dagoen erlazioa estutzeko helburuz, WORKING ZINEMA egin zen azaroaren 14an ZINEBINDUSTRY barruan.
20 proiektu aukeratu ziren, eta irabazleak 6.000 euroko laguntza ekonomikoa, aholkularitza profesionala eta baliabide teknikoak izango ditu proiektua gauzatzeko. Aukeratutako proiektua Pablo Allenderen “5 días” fikziozko film laburra da. Epaimahaia Aintzane Pagadigorriak, María Eugenia Salaberrik, Toni Garzónek, Aitor Arenasek eta Patxi Azpillagak osatu zuten.
ZINEBIren 59. edizioaren amaiera ekitaldia GAUR ARRATSALDEAN ospatuko da Arriaga Antzokian (20:00etan). Ekitaldian, sari guztiak banatu eta saritutako lanak eskainiko dira. Ekitaldian Marco Bellocchioren azken lana ere eskainiko da, Per una rosa (2017) film laburra.
ERANSKINA: ZINEBI 59KO SARIEN ZERRENDA
BILBOKO JAIALDIKO SARI NAGUSIA
“NEGATIVE SPACE”, Max Porter eta Ru Kuwahata (Francia)
1. AIPAMEN BEREZIA – NAZIOARTEKO LEHIAKETA
“LIMBO”, Ghasiedeh Golmakani (Iran)
2. AIPAMEN BEREZIA – NAZIOARTEKO LEHIAKETA
“NOS FALTAN”, Emilio Ramos eta Lucía Gajá (Mexiko)
EUSKAL ZINEAREN SARI NAGUSIA
“AREKA”, Atxurra Taldea
ZINE ESPAINIARRAREN SARI NAGUSIA
“GALATÉE À L`INFINI”, Julia Maura eta Mariangela Pluchino
FIKZIOZKO ZILARREZKO MIKELDIA
“MOLOKO”, Daria Vlasova (Errusia, Lituania)
FIKZIOZKO URREZKO MIKELDIA
“ALTAS CIDADES DE OSSADAS”, João Salaviza (Portugal)
ANIMAZIOZKO ZILARREZKO MIKELDIA
“SURPRESA”, Paulo Patricio (Portugal)
ANIMAZIOZKO URREZKO MIKELDIA
“MANIVALD”, Chintis Lundgren (Estonia, Kroazia, Kanada)
DOKUMENTALEN ZILARREZKO MIKELDIA
“ÄITI”, Jenni Kivistö (Finlandia)
DOKUMENTALEN URREZKO MIKELDIA
“GALATÉE À L`INFINI”, Julia Maura eta Mariangela Pluchino (Espainia)
FILM LATINOAMERIKAR HOBERENAREN SARIA
EL HORMIGUERO, Alán González (Kuba)
—————-
ZINEBI FIRST FILM SARIA
GRAY HOUSE, Austin Lynch eta Matthew Booth (EEBB)
1. AIPAMEN BEREZIA ZINEBI FIRST FILM
“TEHRAN TABU”, Ali Soozandeh (Alemania/Austria)
2. AIPAMEN BEREZIA ZINEBI FIRST FILM
“DRIFT”, Hellena Wittmann (Alemania)
ZINEBI 59ko sarien zerrendari buruzko informazio gehiago: www.zinebi.eus


