Asier Santas Torres / Luis Bilbao Larrondo: «50eko hamarkadan eraikitzen hasi zen nazioarteko Bilbo haren jarraipena da Guggenheim»
- DataAzaroak 3
- Gaia Museoak, Ondarea, Bestelakoak
Arkitektura eta hirigintza funtsezkoak omen dira munduari zentzua emateko eta haren aurrean dugun jarrera finkatzeko. Bat al zatozte iritzi horrekin?
Asier Santas Torres (A.S.): Zalantzarik gabe, hirigintza eta arkitektura gure bizitzan ardatz direla esan daiteke, biek ala biek uste horretara garamatzate. Bata eta bestea gure bizitzen agertoki bilakatzen dira: ohiko bizitoki ditugun etxeko guneetatik hasi eta leku publiko eta sozialetara, alderdi kolektiboaren ospakizuna hartzen duten horietara. Are gehiago esango dut, haiek gabe gure bizitza ezinezkoa litzateke. Gaston Bachelard poeta eta idazlearen hitzak gogoratuz, gure oroimen guztiak eremu bati lotuta daude, etxeko gune bati normalean, gure haurtzaroan bizi izan ginen leku bati, eta hori gabe ezinezkoa da oroitzapenik izatea. Beraz, bai hirigintza eta bai arkitektura ezinbestekoak dira gure bizitzari zentzua emateko.
Luis Bilbao Larrondo (L.B.): Bat nator erabat, baina geureari helduko diot, Bilbo hiriaren eremuari. Orain, 20 urte atzera egin eta “Guggenheim efektua” oroitzean, gogoan dut museoa egin zutenean eta eraiki aurretik ere artikulu ugari argitaratu zituztela, atzerriko komunikabideetan, proiektuak ekarriko zituen ondorioei buruz. New York Timeseko kritikoak esaten zuenez, “joan al zarete Bilbora, ikusi al duzue arkitekturak sortutako miraria, hiria eraldatu duen arkitektura?” Beraz, arkitektura eta hirigintza gure bizitzaren ardatzean daude, noski. Izan ere, hiri oso bat eta bertako biztanleak eraldatzeko gai izan dira. Horrenbestez, bai arkitektura eta bai hirigintza gure bizitzen ardatzean daudela uste dut.


