Abesbatzen Europako sari nagusia banatuko dute bihar Tolosan

  • Abesbatzen Europako sari nagusia banatuko dute bihar Tolosan
    Argazkia: ITZEA URKIZU / TOLOSALDEKO ATARIA
Berria

  • DataUrriak 31
  • Gaia Musika

49. Abesbatza Lehiaketa egingo dute igandera artean: hamabost abesbatzak parte hartuko dute
Bihar hasiko da Tolosako (Gipuzkoa) 49. Abesbatza Lehiaketa. Berezia izango da aurtengoa, bi arrazoirengatik: antolatzaileak, Tolosako Ekinbide Etxeak, 50. urteurrena du aurten, eta, gainera, abesbatzen Europako Sari Nagusia banatuko dute bihar. Aurten, beraz, bi lehiaketa egongo dira: urterokoa, eta Europakoa. Urteroko lehiaketa ostegunetik igandera egingo dute, eta bi kategoria izango ditu: ganbera abesbatzena eta haur abesbatzena. Hamahiru herrialdetatik etorritako hamabost talde lehiatuko dira.

Europako sari nagusia bost lehiaketaren irabazleen artean jokatzen da. Sei hiritan egiten dira sariketa horretako lehiaketak: Tolosaz gain, Arezzon (Italia), Mariborren (Eslovenia), Toursen (Frantzia), Debrecenen (Hungaria) eta Varnan (Bulgaria). Sei hiri, baina urtero bost txapelketa egiten dituzte, bi urtetik behin egiten baituzte horietatik bi. Urtero, beraz, bost txapeldun egoten dira, eta horiek dira hurrengo urteko sari nagusirako lehiatzen direnak. Bihar erabakiko dute irabazlea, bakoitzak bere saioa eskaini ostean. «Txapeldunen txapelketa bat da, nolabait esateko», azaldu du Xabier Ormazabalek, lehiaketaren zuzendariordeak.

Sari hori eman ostean abiatuko da urteroko abesbatza lehiaketa, etzi. Haurren abesbatzak sei izango dira. «Maila altukoa» izango da aurtengoa, Ormazabalen ustez: «Ez bakarrik abestu dezaketen errepertorioaren kalitateagatik eta abesteko moduagatik: Asiatik datozen abesbatza askok, abesteaz gain, koreografiak prestatzen dituzte eta emanaldiak ikusgarriagoak izaten dira». Hain zuzen, Indonesiako bi talde izango dira Tolosan, eta horiek gehituko diote ikuskizuna lehiaketari, haren esanetan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri