Gasteiz "Copa España Creativa" saria lortzeko lehiatuko da, muralen ibilbidea turismo iraunkorraren eragiletzat aurkeztuta
- DataUrriak 30
- Gaia Ikusizko arteak
Asteburuan banatuko dira sariak “V Fórum de Ciudades y Territorios Creativos de España” forumean, Melilla hirian.
Asteburu honetan, Gasteiz “España Creativa” kopa lortzeko lehiatuko da, muralen ibilbidea turismo iraunkorraren eragiletzat aurkeztuta. Euskadiko hiriburua beste 20 hirik, lurraldek eta enpresek aurkeztutako proiektuekin batera hautatu dute, zeinak “V Fórum de Ciudades y Territorios Creativos de España” foroaren barruan ezagutaraziko baitira jendaurrean, Melilla hirian.
Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak eta Gasteizko “IMVG-Hiri margotua” muralen ibilbidearen sortzaile Verónica Werckmeisterrek aurkeztuko dute “Sorkuntza turismo iraunkorraren eragile gisa” proiektua.
Gasteizko muralen ibilbidea duela 10 urte sortu zen, helburu zehatz batekin: herritarrei, haien gaitasun artistikoa edozein delarik, tresnak ematea beren hiriko arte publikoan esku hartzerik izan dezaten. “IMVGk aitortzen du herritarrak, haien esperientzia, oroimena, jakinduria eta izaera balio handiko baliabideak direla, eta publikoki adierazteko bide gutxi dutela. Orain, Hiri Margotuari esker, kaleetatik ibili eta gure hiriko musika kulturaz, iraunkortasunarekiko konpromisoaz, genero-berdintasunaz edo memoria historikoaz hitz egiten duten muralak aurki ditzakezu. Gure hiriko adinekoen eta ematen diguten guztiaren alegoria topa dezakezu, edo Erdi Aroko historiaren erreferentzia, historia garaikide bihurtuta. Aire zabaleko museoa da, herritarrek herritarrentzat egina, baita gu ezagutzera datozen pertsona guztientzat ere. Mural horiek gure hiriaz hitz egiten dute, bertako herritarren ahotik eta eskutik datozelako”, azaldu du Verónica Werckmeisterrek.
Nerea Melgosak, berriz, IMVG “estatu espainiarrean proiektu bakarra dela nabarmendu du, “arte urbanoko beste ibilbide batzuetatik bereizten dena iraupenagatik, konplexutasunagatik eta herritarren erabateko —ez bakarrik sinbolikoa— partaidetzarekiko konpromisoagatik. 16 eta 85 urte bitarteko 500 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte IMVGren lantegietan, eta lanean edo familian bestela bat egingo ez luketen pertsonen artean gizarte harreman berriak sortu dira. Hiriko herritarren, enpresen eta taldeen inplikazioarekin, eta Gasteizko Udalaren etengabeko laguntzarekin, hirian elementu kultural guztiz berria eta eraldatzailea” sortzea lortu da. Izan ere, 4 hizkuntzatan eskaintzen diren bisita gidatuak “harrigarrienetako batzuk dira, horma-irudiak nola egin ziren eta zein sekretu gordetzen duten azaltzen baita. Fatxada margotuen bitartez hiriaren historia antzeman dezakete bisitariek, herritarren izaera, eta bizirik dagoen eta eraldatzen ari den hiri baten dinamika sozial, moderno eta ausarta. Ezagutzen duten pertsonak harritu egiten dira jakitean gasteiztarrak berak direla artelan handi horien egileak”, azpimarratu du Nerea Melgosak.
“España Creativa” koparen epaimahaiak larunbat arratsaldean jakinaraziko du epaia.







