Xabi San Sebastian: «Asko inprobisau dot disko hau sortzeko»
- DataUrriak 23
- Gaia Musika
Bost urte bakarkako diskorik atera barik pasau eta gero, Zuhaitzak ez du beldurrik izeneko bildumea plazaratu dau Xabi San Sebastianek. Orain arteko ibilbidetik urten, eta esperimentazinoari eta soinu barriak bilatzeari ekin deutso, barruan daroan irrazionaltasuna erakutsi nahian. Proiektu honetan alboan izan ditu Matthieu Haramboure (baxua eta nahasketak), Josu Erviti (bateria) eta Satxa Soriazu (tekladuak). Diskoa autoedizinoa da, baina Belarri zigilupean argitaratu dau Xabi San Sebastianek.
1.- Zuhaitzak ez du beldurrik da diskoaren izena. Izenburu misteriotsua da, ze esangura dauka?
Nahiko literala da, azken urteotan denpora asko pasau dot naturan, naturatik hartu dodaz kantuak egiteko idea asko. Eta naturearen erdian jarten nazenean, burura etorten jat zein dan nire lekua: Animalia nazen ezkero, badodaz bildurrak, baina zuhaitzak, kanpotik begiratuta behinik behin, badirudi ez daukala. Dagoan lekuan sartzen ditu zuztarrak lurrean, tinko, eta hor egoten da, bildur barik. Sensazino horretatik dator diskoaren izena.
2.- Izenburuan bakarrik ez, diskoan behin eta barriro aitatzen dozu naturea: Abesti batzuen tituluetan, azaleko irudian...
Nire eraginik handienetako batzuk naturatik jaso dodaz. Kantu batzuk naturearen erdian sortu dodaz edo, beste kasu batzuetan, idea bat etorri jat han, gero formea etxean emon deutsadan arren. Gauza misteriotsutzat dot nik naturea, asko gustetan jat naturako elementuak erabiltea gure eguneroko bizitzearen ganeko metaforak egiteko orduan.
3.- Bederatzi abesti daukaz diskoak, alkarrengandik nahiko desbardinak. Aniztasun horretan, ze harik lotzen ditu?
Egia esan, estilo musikalari ez deutsat gehiegi erreparau, espirituari baino. Uste dot abesti guztietan dagozala misterio asko, subkontzienteagaz lotutako gauzak... azken finean, gure alde irrazionalari begiratu deutsat, gure jokabidea gidatzen dauen elementua dalako. Magia, mitologia, kiristinautasunaren aurreko euskal munduaren bilaketea...
Musikeari jagokonez, gitarra akustikoagaz eta ahots hutsagaz sortu dodaz kanutak, eta batzuk holan itxi dodaz diskoan, gordinik. Beste batzuk jantzi egin dodaz, kasu batzuetan instrumentazino suabeagaz, baina baten bat muturrera be eroan dot, rock sonoridade indartsu baten bila.


