Untzi Museoak Elkanoren oroimena berreskuratu du

  • Untzi Museoak Elkanoren oroimena berreskuratu du

  • DataUrriak 13
  • Gaia Museoak, Ondarea

Denis Itxaso Kultura eta Turismoko diputatuak, Nika Lertxundi Getariako alkateak, Raúl Pérez Iratxeta Untzi Museoko zuzendari nagusiak eta Xabier Alberdi Lonbide Untzi Museoko zuzendari zientifikoak aldi baterako erakusketa hau aurkeztu dute gaur: Elkano, bere oroimena berreskuratuz. 1921eko monumentuaren proiektua.

Erakusketa honen oinarrian dago Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzordeak, nabigatzaile gipuzkoarraren figurari balioa emateko, 1921ean egin zuen ekimena.

Juan Sebastian Elkano nazioartean ezezaguna zela jakitun, 1920an Lehen Mundu Biraren IV. Mendeurrenaren Batzarrak lehiaketa bat antolatu zuen, Getariako (Gipuzkoa) San Anton mendiaren tontorrean monumentu handi bat eraikitzeko asmoarekin. Miguel Martín Fernández de la Torre (Kanaria Handiko Las Palmas, 1894-1980) arkitekto arrazionalistak egin zuen proiektu irabazlea, bere anaia Néstor (Kanaria Handiko Las Palmas, 1887-1938) pintore modernista eta sinbolistarekin elkarlanean, baina proiektua ez zen sekula gauzatu.

Proiektu horren 13 plano eta figurazioen bilduma erakusten da eta, bertan, estilo erregionalistako modelo arkitektonikoak agertzen dira.

Erakusketan zehar, serie horretako margolan bat zaharberrituko da museoan bertan, bisitarien aurrean, urriaren 12tik azaroaren 4a arte, ostegun, ostiral eta larunbatetan. Zaharberritze lanak mikromezenasgo-kanpaina baten bidez (crowdfunding) finantzatuko da; ekarpenak museoan bertan edo Verkami plataforma bidez egin daitezke.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri