948 Merkatua, Nafarroako arteen azoka estrategiko profesionala

  • 948 Merkatua, Nafarroako arteen azoka estrategiko profesionala

Heldu den azaroaren 15 eta 16an Nafarroako Gobernuak sustatutako 948 Merkatua ospatuko da Iruñan. Arteen azokak ikuspegi integrala dauka eta tresna eraginkorra izateko helburuarekin jarri dute martxan. Izan ere, ondorengo urteotan sektorearen profesionalentzako hitzordu nagusia izatea nahi dute. Carmen Orozek, Nafarroako Gobernuko Kultura Sustatze eta Berrikuntzako atalburuak gure galderak erantzun ditu.

 

Zer da 948 Merkatua? Nola azaltzen du bere burua?

948 merkatua, Nafarroako arteen azoka, arteen azoka estrategiko profesionala da. Neguko azoka bat da. Izaera holistikoko eta nazioarteko bokaziodun azoka da. Lehenengo edizioa Iruñean (Nafarroa) antolatuko da 2017ko azaroaren 15ean eta 16an.

Azoken azoka da, hainbat diziplinetan murgilduta, besteak beste: zinea eta ikus-entzunezkoa, arte eszenikoak (antzerkia, dantza, zirkoa…), musikak, liburu, disko eta bestelako euskarrien edizioa, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak eta sorkuntza eta kultur arloko bestelako industriak (prototipo artistikoak, moda, diseinua, arkitektura eta lanbide berriak).

2017ko lehenengo edizio honetan (0. Edizioa), 948 merkatuak, Nafarroako arteen azoka, honakoa du helburu: Nafarroako kulturaren esparru profesionaleko produktuak ezagutzera ematea banatzaileei eta Foru Erkidegoarekin mugatzen diren beste erkidego eta probintzietako beste motatako eragileei (Aragoi, Euskadi, Errioxa eta Akitania), eta baita beste lurralde eta esparruetako eragile espezializatuei ere (Jaialdiak, zentroak, erakunde artistikoak, sorkuntza erakundeak, etab.).


Zein da hau bezalako ekimenek sektorean duten eragina?

0. Edizio honetan, ekonomia inpaktuko azterlan bat abian jarriko dugu. Harekin, alde batetik aztertuko du 948 Merkatuan, programatzaile desberdinek bertako kontratazioan duen itzulkina, eta bestalde, hirian eragiten duen ekonomia inpaktua, zuzeneko eta zeharkako gastu mailan. Horrez gain, garrantzitsua da Iruñeko eta Nafarroako nabarmentasuna eta kokapena, arte eta kultur esparruko erreferente eta lurralde gisa.

 

Epe ertaineko zuen helburuetako bat Euskadi-Nafarroa-Akitania euroeskualdeko arteen merkatuaren erreferentea izatea da. Ze baliabide behar dira helburu hau lortzeko?

Helburu hau lortzeko, bi lurraldeetako eragileekin eta erakundeekin egin dugu lan. Eta 948 Merkatua aurkeztuko dugu, Nafarroako arteen merkatua, Euroguneko proiektu estrategiko gisa, 2018rako. Eskualdeen arteko kultur produktuen isurien eta elkartrukeei bide ematen dien elementua izango da. Eta zabalik egongo da Espainia eta Frantziazko kultur eragileentzat. Hauxe da gure helburua eta baikorrak gara, kultur eragile guztiek izandako harrera bikaina ikusita.


Ekaina eta uztailean zehar azokan parte hartzeko izena emateko epea zabalik egon da artista eta profesionalentzat. Zer moduzko erantzuna jaso duzue?

948 Merkatuaren, Nafarroako arteen merkatua, lehenengo edizioan parte hartzeko deialdia itxi ondoren, (ekainaren 14tik uztailaren 31ra zabalik), guztira 414 ICCSek eman dute izena. Mailei dagokienez, Musiketakoa izan da proposamen gehiena erregistratu dituena: 136. Arte Eszenikoetan 78 proposamen erregistratu dira, antzerki, dantza eta zirko proiektuen artean. Zine eta Telebistan 39 proiektuk eman dute izena, eta horietatik 19 amaitutako pelikulak dira eta 20, berriz, garapenean daudenak. Disko, Liburu eta Bestelako Euskarrien Edizioaren mailan, 60 proposamen erregistratu dira, liburuak, CDak, DVDak, biniloak, facsimileak, etab. barne. Arte Plastiko eta Ikus-entzunezkoetan, 50 artistek pintura, eskultura, performance, bideosorkuntza, mapping, argazkigintza edo ilustrazio proiektuei izena eman diete. Horrez gain, 52 proposamen erregistratu dira Bestelako Sorkuntza eta Kultur Industriak epigrafean, eta horien artean honako proiektu hauek aurkitzen dira: diseinu digitala, moda diseinua, kultur kudeaketa, teknologia, arkitektura, bitxigintza, teknologiak, errealitate birtuala, bideo-jokoak.


 

Zein izango da euskarak azokan izango duen presentzia?

Euskarazko sorkuntza zeharka kudeatuko da, arlo bakoitzaren barne hartuz. Horrez gain, talentu gune bat definituko da proiektuak, ideiak eta artistak aurkezteko.


Gayarre Antzokia, Antzerki Eskola, Zentral Aretoa, Geltokia, Filmategia… Iruñeko hamar bat topagunetan ospatuko dira ekimenak. Zein da, ildo honetan, ikusgarritasunaren garrantzia azoka batean?

Publikoen parte-hartzea funtsezkoa da proiektuen aurkezpenarako. Eta bertakoen inplikazioa funtsezkoa da etorkizuneko proiektua izan dadin. Iruñeko Udalaren laguntza eta babesa, hasieratik, oso garrantzitsua izan da proiektuaren bilakaera optimoa izateko.


Hala ere, arteen merkatuaren "erakusleiho" bat izan ez ezik, harago ere joan nahi izan duzue. Ze ekitaldi proposatuko dituzue horrela izan dadin?

948 Merkatua, Nafarroako arteen merkatua, topaketa profesionaleko eta arte diziplina desberdinek elkarri eragiteko gune bat izango da. Hauxe da 948 Merkatuaren balio handia. Nafarroak eta Iruñeak diziplinak bat egiteko eta horien arteko komunikazioa sustatzeko jarduerak hauek antolatzeko aukera ematen dute. Honen ildora, Baluarte gune profesionala izango da goizez. Zera eskainiko du: saltokiak, aurkezpen ibilbideak, prestakuntza laborategiak, artisten pitching, meetings speed, networking gunea… Helburua profesionalen arteko topagune eta lan esparru handia izatea da.


 

Zer espero duzue lehen hitzordu honetatik eta zeintzuk dira epe luzerako aurreikusi dituzuen helburuak?

Gertakari erabilgarria eta baliogarria jarri dugu abian, Nafarroako talentua ezagutzera eman eta kanpora irekiko duena. Eta, jakina, 948 Merkatua 2017 honetan parte hartuko duten profesional guztientzako tresna balioduna eta emankorra izatea espero dugu.