Fikziozko itzultzaileak eta autore traduktoreak: Miren Ibarluzearekin solasean

  • Fikziozko itzultzaileak eta autore traduktoreak: Miren Ibarluzearekin solasean
Hitzen Uberan

  • DataUrriak 6
  • Gaia Literatura

Itzultzailea da Miren Ibarluzea, eta, gaur egun, unibertsitatean dabil lanean, Bilboko Magisteritza Eskolan irakasle. Euskal literatura garaikideko hainbat testutan agertzen diren itzultzaileak aztertu ditu, eta idazleak eurak elkarrizketatu. Esan digunez, “idazle batzuek gero eta hobeto daramate jatorrizkoa askatzea eta itzultzaile baten esku uztea”

Ekainean aurkeztu zenuen tesia: «Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan». Azalduko zenidake nondik nora ekin zenion gaiok ikertzeari?

Ez nuke jakingo esaten zelan sortu zen zehatz-mehatz; gerora eraikitako narrazioa da hau. Edonola ere, nik bizi nuen garai hartantxe zerbait gertatzen ari zela itzulpenaren inguruan, eta zerbait hori definitu eta deskribatu nahi nuen. Itzulpengintza karrerako hirugarren promozioko ikasle izan nintzen ni eta iruditzen zitzaidan, orduan, itzultzailearen irudi gero eta positiboagoa geneukala, itzulpenak gero eta gehiago ikusten zirela liburu-dendetako erakusleihoetan, argitaletxeetan ere kolekzio berezituak jarri zituztela martxan eta gero eta kritika gehiago argitaratzen zirela hedabideetan. Itzultzaileak eta itzulpenaren jarduna betidanik egon da euskal sisteman edo euskararen inguruan, noski, baina jakin-mina neukan gertatzen ari zen zera berri horri buruz.

Zer jakin nahi zenuen zehazki?

Beti entzuten dugu itzulpenak testuinguruaren arabera aldatzen direla, une historikoak ematen diola itzulpenari garrantzia. Baina testuinguru hori zer da? Zer da euskal itzulpengintza? Horrelako galderak neuzkan buruan bueltaka. Galdera horien inguruan eraiki da gerora etorri den hau guztia. Nik, berez, itzulpen-kritikak aztertu nituen master-tesian, horrela abiatu nintzen. Hedabideetan agertzen ziren kritikak aztertu nituen, eta Santi Onandia bekarekin atera nuen gero lan hori.

Kritikak aztertu zenituen, beraz; eta gero?

Lehenengo pausoa izan zen oinarri teoriko sendo bat topatzea, zeren, polisistemen teorietan eta aipatzen den testuinguru hutsak ez zidan balio, esate baterako, elkarte baten inguruan zer gertatzen zen azaltzeko, ez eta itzultzailearen irudiaren eboluzioa aztertzeko ere. Parisen nintzela, itzulpenaren soziologiaren teoriak ezagutu nituen, eta horren babespean eraiki dut nire marko teoriko osoa. Horrek bideratu ditu tesiaren hiru ardatz nagusiak. 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri