Beñat Sarasola: «Poesiaz ari garela kontuan izanik, harro egoteko harrera izan du bildumak»

  • Beñat Sarasola: «Poesiaz ari garela kontuan izanik, harro egoteko harrera izan du bildumak»

Susa Argitaletxeak nazioarteko poesia antologiak euskarara itzultzeko asmoarekin abiatu zuen, duela hiru urte, Munduko Poesia Kaierak egitasmoa. Beñat Sarasola proiektu berezi eta zaindu honen arduraduna izan da hasiera-hasieratik. 2017ko udazkeneko zenbakiak argitaratu berri diren honetan, berarekin mintzatu gara Kulturkliken.

 

Hiru urte hauetan munduko hogei olerkari baino gehiagoren antologia itzuli dituzue. Nola abiatu zen Munduko Poesia Kaierak egitasmoa?

Ideia XX. mendeko poesia kaierak bildumatik sortu zen. Bilduma hori Koldo Izagirrek zuzendu zuen eta Susak argitaratu, eta euskal literaturako XX. mendeko poeten berrogei antologiaz osatu zen. Hortik planteatu zen antzeko zerbait egitea baina mundu osoko poetekin, hau da, kasu honetan itzulpen bidez. Ideia hor urtetan mahai gainean egon arren ez genuen proiektua martxan jarri 2014. urtea arte. Georg Trakl, Maria Merçe Marçal eta Aime Cesaire poeten antologia banarekin hasi ginen.


Euskarara itzulitako poesiaren apostua ausarta dela esan daiteke. Ze nolako erantzuna jaso du proiektuak publikoarengandik?

Erantzun oso ona izan du, oso pozik gaude harrerarekin. 160 harpidedunetik gora ditugu dagoeneko eta horiexek egiten dute proiektua posible. Horretaz gain, komunikabideek ere interes handia izan dute gugan, eta literatur genero bazterreko batez ari garela kontuan izanik, harro egon gaitezke bildumak izan duen harrerarekin. Etekin ekonomikorik ez du ematen bildumak, eta, funtsean, militantzia poetikoz egiten du aurrera, baina horrek ez du esan nahi merezi ez duenik. Areago, horrexegatik ere merezi duela uste dugu.


 

XIX. mende erditik aurrerako poesia jorratzen du bildumak. Zein da hautaketa honen arrazoia?

Poesia euskaratua hain urria zela kontuan izanik, irakurtzeko moduko antologiak egin nahi genituen, kalitate handikoak baina egungo irakurleetatik gertu samar leudekeenak. Bildumak poesia zaleak ugarituko balitu, are hobeto. Horregatik urrundu gara edizio akademiko eta kritikoetatik, eta saiatu gara kaiera ahalik eta irakurgarrienak egiten. Hori dela eta, poesia moderno eta garaikidean kokatu gara, egungo irakurle batentzat garai horiek eskurago daudelakoan. Hala ere, noski, etor daitezela etorkizunean antzinako edo Erdi Aroko poesia liburuak, bilduma berri, edizio kritiko eta bestelakoak!


Nola hautatzen dituzue itzuli beharreko autoreak? Eta itzultzaileak?

Esan bezala, kalitatezko poesia itzuli nahi dugu, eta horregatik, erreferentzialak diren poetengan jartzen dugu arreta; hots, nolabait, kanonaren parte diren poetak hautatzen ditugu. Normalean itzultzailearen eta gure artean egiten dugu hautaketa, itzultzailearen interes eta gustuak bildumaren beharrei egokitzeko. Kontuan izan behar da hauek ez direla enkarguzko ohiko itzulpen-lanak, besteak beste ekonomikoki bideraezina litzatekeelako bilduma hala eginez gero, eta beraz, hautaketa ere ezin da, esaterako, Literatura Unibertsala bildumakoen gisara hartu (aurrez itxitako titulu zerrendaz). Itzultzaileak normalean eskarmentu kontrastatua duten itzultzaileek egiten dituzte (itzultzaile soilak edo baita poeta/idazleak izan), baina hala ere, proposamenetara irekiak gara. Susaren poesia bilduma urtetan izan da sortzaile berrien plaza, eta neurri batean behintzat, gustatuko litzaiguke bilduma hau ere itzultzaile berrien plaza izatea.


Nabarmena da poesia itzultzeko jatorrizko hizkuntza menperatzea ez dela nahikoa. Ze beste "jakintza" edo "trebezia" izan behar dira hau bezalako lana aurrera eramateko?

Literaturarekiko, eta zehazki, poesiarako gustua eta hizkuntza poetikoaren gorabeheren jakintza, behintzat, izan behar dira. Elementu hori ezinbestekoa da; itzulpenak dira, bai, baina poesia da, eta honenbestez, beharrezkoa da literaturarekiko sentsibilitatea edukitzea. Hau da, agerikoa denez, ezin da Stephane Mallarmeren poesia itzuli administrazioko testuak itzultzen diren bezala. Tamalez, literatur zaletasuna eta ezagutza geroz eta eskasagoak dira gurean, eta horregatik, ez da harritzeko literaturan ondo formatu gabeko itzultzaileekin topo egitea. Horregatik da hain garrantzitsua ere alderdi hori zaintzea.


 

Kaieretan oinarrituta hainbat proiektu artistiko jaio dira. Harkaitz Canoren Ene Maite Kuttun guztiak edo Josu Landaren Miguel Hernandez, Kantuz bi adibide dira. Lanak horrelako jarraipena izan zezakeenik espero zenuten?

Ez dugu bereziki ezer aurreikusi, baina polita izan da ikustea nola egin duten beren bidea kaierok beste ikuskizunetan. Sormenezko poesiarekin ere gertatu ohi da, testutik poetak beste ikuskizun batzuk sortzen dituela eta oraingoan ere antzeratsu gertatu da bateren batekin.


Rosalía de Castro, Chuya Nakahara eta Seamus Heaney dira azken hiru proposamenak. Zein da bildumari egiten dioten ekarpena?

Rosalia de Castro eta Chuya Nakaharari dagokienez, lehenengo aldia da galegotik eta japonieratik (hurrenez hurren) euskaraturiko kaierak argitaratzen ditugula. Gainera, biak ere erreferentzialak dira beren tradizioan: Rosalia de Castro Galiziako berpizkundeko figura klabea da, eta Nakahara XX. mendeko Japoniako poesiako izen garrantzitsua. Seamus Heanery dagokionez, azken hamarkadetako poeta ezagun eta handienetakoa dugu. Itzultzen dugun lehen poeta irlandarra dugu (nahiz eta ingelesez idazten zuen) gainera.


Ze ibilbide nahiko zenuke Munduko Poesia Kaierak proiektuaren etorkizunerako?

Gure orain arteko lanarekin jarraituko bagenu jada lorpen handia litzateke. Orain arte 24 kaiera egin ditugu eta, aurrez mugarik jarri ez dugunez, berrogeita hamargarren zenbakira iritsiko bagina gutxienez ederra litzateke. Tira, eta behin jarrita, ehungarrenera ere bai.