Guggemheim museoak 20 urte: bukatu da eztabaida?
- DataIrailak 18
- Gaia Museoak
Museoaren proiektua iragarri bezain pronto piztu ziren aldeko eta kontrako iritziak. 20 urte pasata ere, asko oraindik ere gaurkotasunez betetakoak. Hala nola, Jakin aldizkarian izandako eztabaidak.
20 urte beteko ditu urrian Bilboko Guggenheim museoak, eta ospakizunetan dira dagoeneko arduradunak, museoak ekarri dituen onurak txalotzen: urteko milioi bisitari jasotzen dituela gailentzen da sarri museoaren aldekoen argudioen artean, horrek sortu duen aberastasuna, hiriari ekarri dion eraldaketa, edo museoari esker ekarritako artelanen maila aparta. Baina, badira museoari abantaila adina gabezia ikusten diotenik: museoaren eragin kultural globalizatzailea, ergo amerikarra azpimarratzen dute, euskal kulturaren ikusezintasuna, kultura irizpideak ezartzeko burujabetasun falta, kultura sailen aurrekontuetako zama… 20 urte ez dira aski izan, beraz, hasiera-hasieratik piztutako eztabaidetako asko itzaltzeko. Balantza alde batera errenditzeko. Ezta Jakin aldizkarian piztutakoak ere. Museoaren lehen harriak ipini bezain pronto etorri zen Joseba Zulaika antropologoaren eta Mikel Etxebarria orduko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearen artekoa. Lehena Renoko unibertsitatetik idazten, bigarrena negoziazio bete-betean zela. Eta eztabaida horrek badu oraindik ere gaurkotasuna. Izan ere, Bilboko Guggenheim museoaren 20. urtemuga den honetan, hori baita galdera: eztabaida bukatu al da?
Kultur kolonialismoa
The New York Times egunkariak ez zuen begi onez ikusi Guggenheim museoaren eta euskal ordezkarien arteako akordioa. «Kulturalki anbiziosoa ez eta arte modernoko museorik ere ez duen Bilbo hiria limurtu du Guggenheimek dozenaka milioi dolar ordaintzeko bere bildumako zenbait obra maileguan edukitzearen pribilegioaren truke». John Richardson arte kritikariaren kexua zen, Solomon R. Guggenheim museoaren frankizia Bilbon zabaltzeko hitzarmena itxi berritan. Zorrez lepo baitzegoen New Yorkeko erakundea, ezin museoko ur beroaren faktura ordaindu, eta Bilbori erakargarritasun gutxi aitortzeaz gain, museoen merkantilizazioaren arriskua ikusten zuen Richardsonek egitasmoaren atzean. Egunkari entzutetsuak nola, hainbat eta hainbat arte kritikari eta kultur eragileren artean piztu zen laster zalantza. Alarma. Thomas Krens orduko zuzendariaren megaproiektuek ekarriko zuten sokaren beldurrez AEBetako egunkarietako orri asko.
Beldur horiek ere laster piztu ziren gurean. Museo ereduak baino, gure kulturari eta kultur politikei nola eragingo zien zen kezka. Eta proiektuaren berri izan bezain pronto, kontrako eta aldeko iritziak hasi ziren azaleratzen, korapilatzen. Jakin aldizkaria horren lekuko.
Bilboko Guggenheim museoa eraikitzeko lehen harria ipini berri zela, Xabier Cillero itzultzaileak eta Joseba Zulaika antropologo eta idazleak artikulu bana argitaratu zuten 1993ko 77-78 zenbaki bikoitzean. Bilboko Guggenheim museoaren jatorria eta balizko eraginak aztertzen zituen Cillerok: Guggenheimdarren bildumaren jatorriaz jardun zuen Thomas Krens orduko Solomon R. Guggenheim fundazioko buruaren egitasmoaren arrazoiak azaltzeko.


