Bulegoa z/b: «Gertatzen ez ziren gauzak sortzeko desioari erantzuna emateko jarri ginen lanean»
Gertueneko testuinguruan erreferentziarik ez zutela-eta, eremu artistiko ezberdinetako lau profesional elkartu eta beren ahaleginari esker, gogoetarako, produkziorako eta ikerketarako gune bat sortu zuten, Bilboko arte garaikidea oinarri. Bulegoa z/b ekimenak 7 urte baino gehiago daramatza euskal eszena artistikoa lan-ildo ezberdinen bitartez dinamizatzen, eta irailaren 21etik 23ra bitartean Komisariotzaren Nazioarteko II. Sinposioa antolatuko du. Bulegoko sortzaileekin hitz egin dugu beren ibilbideari eta Azkuna Zentroan egingo den topaketari buruz.
Zer da Bulegoa z/b? Zer testuingurutan sortu zen?
Bulegoa zenbaki barik arte- eta ezagutza-bulego bat da, 2010ean sortu zena Bilbon. Beatriz Caviak, Isabel de Naveránek, Miren Jaiok eta Leire Vergarak asmatu eta garatu zuten. Bakoitzak prestakuntza-arlo batean egina zuen bere ibilbide profesionala:: gizarte-zientzietan, koreografian, arte-kritikan eta arte-komisariotzan, hurrenez hurren.
Bulegoa z/b topatzeko, hausnartzeko eta produzitzeko leku bat izateko sortu zen. Ikus-arteak eta pentsamendu garaikidea adierazpen-formatu ezberdinetan agertzen dira: mintegiak, proiekzioak, performanceak, hitzaldiak, argitalpenak, erakusketa-komisariotzak, ikerketa-proiektuak, ikasteko taldeen sorrera...
Bulegoa z/b sortzea erabaki genuen gure inguruko egoera artistikoan ez zegoelako erreferentzia nabarmenik. Gainera, aldaketak eta gabeziak hauteman genituen, eta, proiektu hau abiaraziz horiek betetzea proposatu genion geure buruari. Horregatik, gertatzen ari ez ziren gauzak eragiteko nahiaren ondorioz sortu zenez, gure lehen aliatua eta solaskidea Euskadiko eszena artistikoa eta kulturala izan zen, zehazki, Bilbokoa. Baina horrez gain, bulegoaren funtzionamenduan hiru testuinguru gurutzatu dira: tokiko eszena artistikoa, Solokoetxe auzoa eta nazioarteko eszena artistikoa. Azken horrekin etengabe egiten dugu lan; adibidez, Corpus Europako sarearekin. Hari atxikita gaude EBko Europa Sortzailearen babesaren pean. Hala, zenbait testuinguru eta eskalatako erakundeekin eta egiturekin batera egiten dugu lan, besteak beste, Solokoetxeko La Taller galeriarekin, Bilboko Azkuna Zentroarekin eta Londresko Tate Modern museoarekin.
Bulegoa z/b osatzen dugun lau kideek pentsatu, garatu eta eztabaidatzen ditugu proiektu guztiak, proiektu bakoitzean parte hartzen duten gonbidatuekin, artistekin, pentsatzaileekin, erakundeekin edo laguntzaileekin batera.
Lan-ildo asko dituzue eta zenbait programaren bidez garatzen dituzue, hala nola «Formarik gabeko ezagutza-formak», «Zine_ilegala» edo «OHO». Zer gai lantzen dituzue?
Bulegoa z/b-ren lana honako lan-ildo hauetan egituratzen da:
• Formagabeko ezagutza-formak: ezagutza sortzeko produkzio artistiko mota berriak detektatzen ahalegintzen den esperimentaziorako gunea.
• OHO (Oinarrizko Hezkuntza Orokorra): auto-heziketa kontzeptuan –pertsonek beren prestakuntza pertsonalean eginkizun aktiboa izatean datzan prozesua– oinarritzen den ikerketa-ildoa.
• Hormaren kontrako ekoizpenak: proiektu artistiko iragankorrak ekoizteko ildoa, bulegoan erabilgarri dagoen horma bakarra hartzen dutenak euskarri gisa.
• Zinema ilegala: programa horren saio bakoitzean pertsona batek pelikula bat proposatzen du, jende gehiagorekin ikusteko. Ikusi eta gero, pertsona horrek ardura hartzen du eztabaida pizteko eta gidatzeko, eta Zinema_ilegala programaren koordinatzaileak laguntzen dio. Orain Ainara Elgoibar da koordinatzailea.
Produkzio espezifikoekin ere lan egiten dugu, adibidez, 18 argazki eta 18 istorio produkzioa Isidoro Valcárcel Medinarekin; Denboren polifonia produkzioa tokiko 24 artistarekin; EL CONTRATO hiru urteko proiektua, Azkuna Zentroan egin duguna; edo Etorkizuneko liburua, bi urteko proiektu bat, ikerketa-talde bat, Israel Galvánekin egindako produkzio bat eta euskal testuinguruko artistekin egindako lau produkzio barne hartu dituena.
Ezagutza eta ikerketa artistikoa funtsezkoak dira zuen lanean, eta oso praktika aktiboa egiten duzue beti. Zer interes dituzue arlo horietan?
Bulegoa z/b-ren oinarririk sendoenetako bat da ezagutzaren eta ikerketa artistikoaren artean elkarrizketa sortzeko gaitasuna. Horrelako elkarrizketa batean garrantzitsuena da solaskide bakoitzak bere prestakuntza eta espezializazioa edukitzea. Aldi berean, egin beharreko proposamen berriari buruzko barne-eztabaidari eskainitako denbora-tartea ere inportantea da. Horren harira, uste dugu egoera berriak sortzen ditugula, ez bakarrik teorikoak baizik eta materialak ere bai.
Artearekin lan egiteko, egiten ari zaren horren inguruan ikuspegi kritikoa izan behar duzu. Horretarako, etengabe jarri behar duzu zalantzan testuingurua, hartutako inertziei aurre egin ahal izateko, hain zuzen ere, une jakin batean ikusten ez diren horiei. Halaber, hurbilketa berriak egiten laguntzeko lan-metodologiak entseatu behar dira.
Artea ezagutza-arlo espezifikoa da, eta prozesu artistiko orok zerbait «irakasten» die prozesuaren egileari eta hartzaileari. Horri jarraikiz, gure aburuz, hezkuntza ez du izan behar goitik beherako sistema hierarkiko bat, baizik eta ikasteko prest dauden pertsonen arteko topaketan gertatzen den prozesu bat.
Bulegoa z/b-k ekiteko eta pentsatzeko tarte eta gune bat eskaintzea du asmo, noiz eta presa eta aldaketen abaila eta axola eta arreta eza bereizgarri diren garai honetan.
Aurreko urtean Erakusketaren saioa (1977-2017) aurkeztu zenuten Azkuna Zentroarekin batera. Zertan datza proiektua? Zer garrantzia du bi urte horiek mugatzen dituen denbora-espazioak?
Erakusketaren saioa (1977-2017) 1977tik 2017ra bitartean egin diren erakusketa jakin batzuetan oinarritzen da. Azkuna Zentroarekin 2016ko irailean abiatu genuen lankidetza baten ondorioz sortu da. Atariko bat ere badu, eta nazioarteko sinposioen bidez garatuko da. Atarikoak aukera eman zigun erakusketa ideiaren kontzeptu nagusiak eta saioa ideiarekin duen lotura finkatzeko. Sinposioak hamarkaden arabera egituratuko dira. Esaterako, iraileko hurrengo topaketak 1977tik 1987ra bitarteko hamarkadan jarriko du arreta.
Denbora-marko bat mugatzen duten bi data aukeratzea beste edozein erabaki bezain arbitrarioa da. Periodizazio historikoei begiratuz gero, konturatuko gara ikuspegi eurozentrikoak xedatu dituela, eta baztertu egin dituela munduko beste leku batzuetako prozesuak eta fenomenoak. Erakusketaren saioa (1977-2017) kasuan, zehazki, denbora-markoa azkeneko berrogei urteak dira. Baina atzerabegirako historikoarena ez da proiektu honek bakarrik egindako zerbait. Artearen alorrean hainbat lan ari dira hurbil-hurbileko iraganera atzera begira. Zein da iraganaren inguruko obsesio errepikakor horren arrazoia? Iraganean gertatu denaren berri ematearekin lotuta dago, gauden egoerara nola iritsi garen azaltzea zaila den une batean kontakizunak eratzeko saiakerarekin lotuta. Kontuan hartu behar da azkeneko berrogei urteetan ohiz kanpoko azelerazioa jasan dutela aldaketa teknologikoek, ekonomikoek, kulturalek eta sozialek. Mundu osoko prozesu horrek denbora esperimentatzeko era aldatu eta historikotasun kontzeptua desorekatu du.
Nahikoa sintomatikoa da hainbat eremutan (telebistako zenbait programari buruz pentsatu besterik ez dago) «denbora-kapsula» berreskuratzen ari direla ikustea. XX. mendeko tresna horren oinarrian denboraren desdoitze bat dago, eta, funtsean, anakronikoa da. Duela laurogei edo berrogeita hamar urte denbora-kapsulak une eta testuinguru optimistetan lurperatzen baziren ere (eta, horren bidez, etorkizunean gorde behar zen orainaldi berri baten berri eman nahi zen), orain, ostera, denbora-kapsulak atzera begiratzeko erabiltzen dira. Orainaldia finkatu eta gelditzea ezinezkoa denez (gauza asko gertatzen dira aldi berean), eta iraganeko dokumentuen ugaritasuna dela medio (gauza asko gertatu dira), atzera begiratzen dugu iragana finkatu eta gelditzeko uneen bila.
Esan berri duguna tremendista izan daiteke batzuentzat. Erakusketaren saioa (1977-2017) apalagoa eta pragmatikoagoa da. Denbora-marko jakin batera mugatzeak, eta, haren barruan, erakusketa sorta jakin batera, aukera eman diezaguke arreta-uneak eragiteko, eta hori ez da gutxi. Gainerako sistema kulturaletan bezala, eta, ekonomiaren globalizazio-prozesuen ondorioz, artearen sistema asko hazi da azken lau hamarkadetan. Inoiz baino espazio artistiko gehiago dago, inoiz baino arte-obra gehiago, inoiz baino pertsona gehiagok egiten dute lan arlo honetan eta inoiz baino pertsona gehiagok bisitatzen dituzte museoak. Erakusketen kopurua ere hazi da. Arreta erakusketari eman nahi diogu, inauguratu eta gero hilabete batzuk iraun eta gero desagertzen den kultura-tresna iragankorrari, hain zuzen. Erakusketa batek hainbat gauzari buruz hitz egin dezake: erakusketa osatzen duten obren artean gertatzen denari buruz, hura prestatzen lan egin duten pertsonei buruz, erakusketak betetzen duen erakunde-espazioari buruz eta abar. Erakusketatik kanpo dagoenaz ere (zer une historikotan kokatuta dagoen) hitz egin diezaguke. Hain zuzen, kultura-tresna jakin eta autonomo baten (kasurik onenean izen edo katalogo baten bidez iritsiko zaigu) eta hura sortzen den unearen arteko frikzio hori interesatzen zaigu.
Proiektuaren barruan, irailean, Komisariotzaren II. Sinposioa izango da. Zeintzuk dira ekimen horren helburuak? Programatik, zer nabarmenduko zenukete?
Esan daiteke, zentzu hertsian, bigarren topaketa honek emango diola hasiera Erakusketaren saioa (1977-2017) ekimenaren denbora-markoari. Hasiera-urtea ez da kasualitatea. Urte hartan, 1977an, punk mugimenduak No Future esan zuen. Franco Berardi Biforen hitzetan, une hori mugarria izan zen, eta «etorkizunaren ostekoa»ren adierazle. XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdetik aurrera gizarte postindustrialaren aroan sartu ginen bete-betean, eta modernitatearen aroa amaitutzat jo zen. Bestalde, 1987an, Berlingo harresia erortzear zegoen. Gertakizun horrek munduaren berrantolamendu geopolitikoa ekarri zuen. Atari-hamarkada izan zela esan dezakegu. Hainbat kultura-arlotan diharduten artistak, filosofoak, komisarioak eta arte-historialariak gonbidatu ditugu: Bifo filosofo italiarrak Italiako kasua eta Errusiako Iraultza landuko ditu; Tamara Díaz Bringas kubatar komisarioak Costa Ricako artista batek Kaliforniako erakunde batean komisariatu zuen erakusketari buruz hitz egingo digu; Bojana Kunst Esloveniako filosofoak Alemaniako zinemagile baten eta Kroaziako artista baten lanak aztertuko ditu; Dora García artista espainiarra 1980ko hamarkadan Espainiako unibertsitatearen testuinguruan ezezagunak ziren nazioarteko artistez arituko da, zer erakusketatan parte hartu zuten zehaztuta, eta abar.
Tokiko istorio lokalizatuak kontatzen dituzten ahots guzti horien efektu polifonikoa interesatzen zaigu, hau da, ahots horiek esan ahal digutena globalizazioaren atarian zegoen mundu bati buruz.
Erakusketaren saioa 2019ra arte luzatuko da. Zer ekarpen egingo dituzue hurrengo bi urteetan?
Bulegoa z/b-n egiten ditugun proiektu guztien plangintza ikerketa- eta gogoeta-prozesu etengabearen emaitza da. Hortaz, hurrengo topaketetarako proiektuaren osaera zehaztu gabe dago oraindik. Hala ere, kontzeptu-markoaren eraginez, hautatutako hamarkadetan eta horietan protagonista izan ziren erreferenteetan (erakusketa- zein pentsamendu-mailan) pentsatuz lan egiten dugu. Adibidez, ezin dugu saihestu 1997 Guggenheim-Bilbao museoa inauguratu zen urtea izan zela pentsatzea, ez eta horrek tokiko eta nazioarteko testuinguruan izan zituen ondorioetan ere. 2018an eta 2019an bi topaketa gehiago egingo ditugu gutxienez. Une historiko horien inguruan lan egingo dugu, eta nazioarteko, Estatuko eta tokiko artistak, komisarioak eta pentsalariak gonbidatuk ditugu, haien arteko elkarrizketa bultzatzeko. Gainera, sinposio hori ekitaldi handi batekin amaitu nahi dugu, denbora-tarte horretako zenbait gertaeraren inguruko gogoeta eta elkarrizketa lotuz, eta, modu horretan, komisariotzaren nozioari eta praktikari ekiteko era berritzaile bat eskainiz.


