Wim Wenders zuzendariaren film berriak inauguratuko du Donostiako 65. Zinemaldia

  • Wim Wenders zuzendariaren film berriak inauguratuko du Donostiako 65. Zinemaldia
    SUBMERGENCE (INMERSIóN) Wim Wenders (Alemania - Francia - España)

  • DataAbuztuak 1
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Sail Ofizialean lehian egongo den ''Submergence'' filmaren zuzendariak eta emakumezko aktore protagonistak, Alicia Vikanderrek, aurkeztuko dute filma Donostian
 
Submergence Wim Wendersen azken filmaren proiekzioarekin hasiko da Donostiako 65. Zinemaldia, irailaren 22an. Alemaniaren, Frantziaren eta  Espainiaren arteko koprodukzio horren Europako estreinaldia izango da; aurrez Toronton izan da. Filma Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko da, eta James McAvoy eta Alicia Vikander dira aktore nagusiak.

Erin Dignam-ek (The Yellow Handkerchief, The Last Face) idatzi du istorioa, The Economist astekariko J.M. Ledgard (Giraffe) berriemailearen izen bereko eleberri ospetsuan oinarriturik, eta Berlinen, Madrilen, Toledon, Frantziako zenbait tokitan eta Djibutin filmatu da. Film honetan, James McAvoy ingeniari hidrauliko bat da, eta Alicia Vikander, biomatematikari bat. Frantziako kostaldeko hotel batean elkar ezagutuko dute, bakoitza bere misioa prestatzen ari den bitartean. Biomatematikaria Groenlandiako itsasoan murgiltzeko proiektu batean ari da lanean; ingeniaria, berriz, Somalian bahituko dute.

Wim Wenders alemaniar zuzendari, gidoilari eta ekoizlea (Düsseldorf, 1945) Europan eta Estatu Batuetan aritu da bere lan-ibilbidean, eta azken berrogei urteetako film nabarmenetako batzuk egin ditu: esate baterako, Der Stand der Dinge (1982), Urrezko Lehoia irabazi zuen Veneziako zinema-jaialdian; Paris, Texas (1984), zeina Donostia Zinemaldian proiektatu baitzen, Canneseko zinema-jaialdian Urrezko Palmorria eskuratu ondoren; eta Der Himmel über Berlin (1987), Cannesen zuzendari onenaren saria irabazi zuen. Horrez gain, dokumental hauek ere egin ditu: Buena Vista Social Club (1999), hamar sari baino gehiago irabazi zituen Seattle, New York eta Los Angeleseko zinema-jaialdietan; Pina (2011) Berlinen estreinatua eta Donostiako Zabaltegiko Perlen sailean aurkeztua; eta La sal de la tierra (2014), Juliano Ribeiro Salgadorekin batera zuzendua, Sari Bereziaren irabazlea Canneseko Un Certain Regard sailean eta Publikoaren sariaren irabazlea Donostian. European Film Academy erakundearen sortzaileetako bat da, eta Donostiako Zinemaldiaren epaimahaiko presidentea izan zen 2002an; Fernando León de Aranoaren Los lunes al sol filmak Urrezko Maskorra irabazi zuen urtean, hain zuzen.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri