Gasteizko Udaleko Kultura Sailak establezimenduetan tokiko taldeen ikuskizunak eskaintzeko deialdia onetsi du, 30.000 euroko aurrekontuarekin
- DataUztailak 27
- Gaia Musika
Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren aurreko edizioan herritarrek bozkatutako proposamena da
Estíbaliz Cantok gidatzen duen Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak Gasteizko ostalaritza establezimenduetan 2017ko urrian, azaroan eta abenduan tokiko taldeen ikuskizunak eskaintzeko deialdia onetsi du.
Herritarrek Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz aurrekontu parte-hartzaileen lehen edizioan proposatu eta onetsitako ideia da.
“Tokiko taldeek hiriko ostalaritza establezimenduetan ikuskizun artistikoak eskaintzea da helburua; ekimen orijinala da, eta establezimenduen jardueraren osagarria, bertako kulturaren aldeko apustua izateaz gain, Sailak bere jarduera guztietan egiten duen bezala”, adierazi du Cantok.
Talde orok eman dezakete izena, eta bakoitzak gehienez bi ikuskizun eskaini ahalko du. Era guztietako ikuskizun artistikoak izan daitezke, gutxienez 60 minutu irauten dutenak.
2017ko urriaren 6tik abenduaren 30era egingo dira, doan.
Proiektuak aurkezteko epeak, berriz, irailaren 1etik 30era arte iraungo du. 30. 000 euroko aurrekontua dago.


