ZAWP, aldi baterako proiektu nomada bat. Kultura Zorrotzaurren
- DataUztailak 20
- Gaia Arte eszenikoak
Haceria elkarteak, irailetik aurrerako denboraldirako ideia berriekin ospatuko du bere hogeigarren urteurrena, Zorratzaurreko hirigintza-planak direla eta bere sorgune diren espazioak birkokatu beharrak sortzen duen ziurgabetasuna gaindituz.
Auzune arriskutsuaren, gizarte-arazoez eta bandalismoz gainezka zegoenaren ospea zuen Zorrotzaurrek. Gaur egun, askok uste dute industrialde bat dela edo abandonaturik dagoela; baina oraindik han jarraitzen dute hainbat saltokik, eta 450 lagun inguru bizi dira, eta haien artean Haceriako zenbait kide. 1997an, Juan Antxieta eskolako antzerki-ikasle talde batek sortu zuen Haceria Arte Eszenikoak taldea, bere antzerki-proiektuak gauzatu ahal izateko asmoarekin. Bilbo Rock aretoaren inaugurazioan, Bilboko Eliz Musikako Jaialdiaren barnean, La pasión antzezlana ekoitzi eta taularatuz egin zuten estreinaldia. Esperientzia haren ondotik, taldekideek erabaki zuten proiektua beste maila batera bideratzea: izena aldatu eta Haceria Arteak deitu zioten eta, garai bateko Euskalduna ontziolaren ordez kulturgune bat sortuko zela aurreikusiz, Deustuko Erriberako zerrategi zahar bat egokitu zuten lanerako lekua edukitzeko.
Hala sortu zen Haceria, orain hogei urte betetzera doana; gaur egun, antzerki-emanaldiak eskaintzen ditu, jazz klub bat du, baita flamenko kluba ere, orotariko azokak nahiz tematikoak egiten ditu, eta era askotako ekitaldi puntualak: izan erotismo jaialdi bat zein artisautzako garagardo festa bat.
2004an Zorrotzaurre Iraunkorra topagunea sortu zen eta han erakutsi zuten lehen aldiz Zaha Hadid arkitekto ospetsuaren Masterplana (auzune osoa berregituratzeko proiektua). Proiektuan jasota zegoen auzunea irla modura berregiteko promesa, irisgarritasun hobearekin, berdegune berri handiak sortuz eta etxebizitza-bloke berriak eraikiz. Halaber, eztabaidatu zen nola moldatu behar ziren planaren baitan lehendanik auzoan bizi zirenak. Hasiera batean, proiektua berrogei urtetan burutzeko asmoa zegoen, eta geroago berrogeita hamar urtera hedatu zen epea. Bitartean, hango hainbat enpresek alde egin zuten krisia zela eta, edo proiektuaren eraginez beste batzuetan. Testuinguru horretan sortu zen Haceria Elkartea, datorren urrian urteurrena ospatzeko ekitaldia egitekotan dena; nolanahi ere, urteko azken lau hilabeteetarako beste ekitaldi asko ere prest ditu taldeak.


