Carlos Muguiro: «Zinemari eta bere etorkizunari buruzko oinarrizko galderak landuko ditugu eskolan»

  • Carlos Muguiro: «Zinemari eta bere etorkizunari buruzko oinarrizko galderak landuko ditugu eskolan»

Donostiak laster Zine Eskola izango du, Gipuzkoako hiriburuak zinemagintzaren munduan egun eskaintzen dituen aukerak osatzeko. Hiru espezialitatetan eskainiko du prestakuntza –artxibo-lanean, zaintzan eta sorkuntzan–, eta Eskolako zuzendaria izango den Carlos Muguirok esan digunez «gaur egun zinegile gisa aritzeaz gogoeta egiteko balio nahi du, eta lanbidearen printzipio-aldarrikapen bat egin». 2018ko irailean ekingo dio lanari, baina bere jardueraren zati bat aurtengo udazkenean abiaraziko da. Proiektuaren xehetasunak azaldu dizkigu Muguirok.

 

Elias Querejeta Zine Eskola zinemagintzari buruzko pentsamendu-, ikerketa- eta azterketa-zentroa da. Zein dira zentroaren helburuak?

Eskola hitzak gure kasuan adiera zabala du, ez baita soilik trebetasunak lantzeko gunea izango baizik eta, batez ere, ikasteko zentro bat, ikerketa egin eta jakintza sortzeko tokia. Beste era batera esanda, galderak ereingo dituen lekua izango da, zinemagintzari eta bere etorkizunari buruzko galdera funtsezkoak egingo dituena. Hortik datoz, bada, EQZEk izango dituen hiru jarduera-ildoak: prestakuntzarako tokia, ikerketa-zentroa eta zabalkunderako plataforma. Maizegi goi-mailako prestakuntza ikastetxeak teknikari profesionalak sortzen saiatzen dira, Jorge Oteizak esan ohi zuen bezala «jakintza zehatz baten edukiontzi estuak» balira bezala. Nire ustez, zinemagintzari dagokionez, jarraitu behar den ildo pedagogikoa alderantzizkoa da. Xedea ez da balizko, eta hainbat kasutan asmakizunezko, zinemagintza-industria ideal batekiko egokitzapena lortzen saiatzea, baizik gizakiak errealitatea (zinemagintzakoa, nahiago bada) aldatzeko duen gaitasuna lantzea. Ez dut hezkuntza ulertzen ingurumenera (bestalde, aldakorra, hegakorra, etengabeko aldaketen mende dagoen ingurumena denean) egokitzeko prozesu moduan, baizik eta gizakia eta gizartea eraldatzen duen esperientzia moduan. Ikuspegi horretatik, EQZEk zinemagintzaren inguruko pentsamendu-zentro, estetika-hezibide eta bilaketa esperimental legez definitzen du bere burua.


«Zinemaren hipotesia» proiektuari esker hautatu zintuzten eskolako zuzendari. Zein dira egitasmoaren xehetasunak eta nola gauzatzen dira?

Zinearen hipotesia esamoldea ez da nirea; oso kuttunak ditudan zine-irakaskuntzako proiektu jakin batzuekin lotuta dago, batik bat eta funtsean Alain Bergalaren pentsamenduarekin eta, nola ez, Ermanno Olmik Italiako Bassano del Grappan 1982an sortu zuen Ipotesi cinema eskolaren jarraibidearekin. Maiz filosofiarekin eta zientziarekin lotzen den kontzeptua da «hipotesia», baina aldi berean lotura zuzen-zuzena du zinearekin ere. Hein batean, proiekzioa eta hipotesia baliokideak dira. Hori baita ikusle gisara zinema batean pantaila zuriari begira eserita ipintzen garenean gertatzen dena... espazio huts horretan jaulkitzen duguna, han agertuko dela espero duguna, itxaroteko era berezi hori... Ikusle guztiok bizitzen dugu proiekzioaren atariko bizipen hori (hain atsegina dena): horixe da hipotesia. Ikuspuntu horretatik, oso kontzeptu egokia da ikasleek nork bere etorkizunaz imajinatzen dutenarekin lan egin behar duen ikastetxe baterako. Ikastetxe horretan nork bere proiekzioa egiteko aukera izango du.

Hitzak hitz, nire egitasmoaren giltzarriak dira ikerkuntza, praktika esperimentala eta jadanik Tabakalerako eraikinean dauden zinemagintzako jarduera eta ezagutzen arteko elkarlotura; izan ere, haren gerizpean baitaude jada hiru erakunde (Filmategia, Zinemaldia eta Tabakalera bera) egunero-egunero zinemagintzaren iraganaren, orainaren eta geroaren inguruan lanean ari direnak, egundoko zorroztasunez eta profesionaltasunez. EQZEk triangelu horrekin bat egingo du, hor sortzen den ezagutzaren transmisioa bizkortuz eta, horrez gain, ikerketa, gogoeta eta sormena sustatuz. Transmisio-uhala da, belaunaldien artean ezagutza eta esperientziak zeharraldatzea ahalbidetzen duena, proiektu berriak hauspotzen dituena, ikerketa egiten duena eta etorkizuna proiektatzen duena. Jarduera profesionalak eta amateurrak, bertakoa eta nazioartekoa, iragana, oraina eta etorkizuna uztartzen dituen engranaje bat da. Ikuspuntu horretatik eta proiektua gauzatzeari dagokionean, sekulakoa izaten ari da hura abiarazteko lanetan ari garen Zinemaldia, Tabakalera eta Filmategiako lantaldeen arteko lankidetza.


Zentroak hiru espezialitate eskainiko ditu: artxibo-lana, zaintza eta sorkuntza. Zergatik aukeratu dituzue hiru ikasketa-esparru horiek?

Espezialitate horietako bakoitzak iraganeko, oraingo eta etorkizuneko zinemagintzak exijitzen dizkigun erantzunei aurre egiten die, hurrenez hurren. Horregatik esaten dugu «zinemagintzaren hiru aldi»en eskola dela gurea eta, nik dakidanez, munduko beste ezein eskolatan ematen ez den berezitasuna da. Hiru espezialitate horiek bat egiten dute, bestalde, Filmategiak, Zinemaldiak eta Tabakalerak barnebiltzen dituzten ezagutza eta esperientzia alorrekin. Bestalde, hiru espezialitate horiek hautatu dira, hain zuzen, lanbidearen printzipio aldarrikapen bat direlako, eta XXI. mendean zinegile gisa aritzeaz gogoeta egiteko balio dutelako. Izan ere, niretzat, irudi berriak sortzen dituena bezain zinegilea da ahanzturatik irudiak berreskuratu eta teknikaren nahiz formaltasunaren ikuspuntutik sortu ziren garaian bezala aurkezteko gai dena. Zinea agerrarazten duena, alegia, zinea ikusgai bilakatzen duena, haren memoriaz arduratzen dena ere zinegilea da. Henry Langloisek –Frantziako Zinematekaren sortzailea, eta, hein horretan, Europako zinegilerik handienetako bat– esandakoarekin bat egiten dut nik, hark baitzioen bere kamera ez zela irudiak hartzen zituena baizik irudiak proiektatzen zituena. Filmak berreskuratzea zen haren zinemagintzaren muina. Programa batean antolatuz, bi proiekzioren arteko hutsartea lantzen zuen, filmak elkarren artean mintzatzen hasten diren une hori erakutsiz.


Clara Sánchez-Dehesak, María Palaciosek eta Laida Lertxundik osatzen dute irakasle-taldea. Zer ekarpen egiten dio horietako bakoitzak proiektuari?

Hiru zinegile guztiz ezberdinak dira ikuspegiari eta jarduera profesionalari dagokienez, baina hiruek jaso dute prestakuntza prestigio handieneko zentroetan, horrek lotzen ditu. Gainera, antzera egiten diote aurre lanari eta irakaskuntzari: ez dira batere gregarioak, oso askeak direla esango nuke; rara avis dira, nork bere ibilbidea egiteko erari dagokionean ere. Clara Eastman Kodakek Rochesteren duen eskolan (The L. Jeffrey Selznick School of Film Preservation) trebatu zen, Latinoamerikako artxibo askotan egin du lan eta zaintza-alorrean Estatuan den irakaslerik iaioenetakoa da. María, Courtisaneko zinemaldian duen lanpostutik eta Londresko Lux banatzailearen zuzendariordetzatik, Europa osoan den ikus-entzunezko komisario eraginkorrenetako bat da. Laidak, aldiz, zinemagintzaren abangoardiako tradizio osoa dakar eskolara; Ameriketako Estatu Batuetara joan zen horren bila eta orain sorterrira itzuli da, eta horrek bizipenezko eta sormenezko konpromisoa adierazten du.


Zalantzarik gabe, lehentasunezko tokia du zineak Donostiako eskaintza kulturalean: produkzioa dela, zinema-jaialdiak direla, ikuslegoaren erantzun bikaina... Eskaintza hori biribiltzera al dator zine-eskola?

Donostiak zinearekin duen harreman indartsu eta sakon horrek, ziurrenik, zerikusia dauka Zinemaldiak 65 urtez ikusle aktiboak sorrarazteko izan duen gaitasunarekin. Gogora datozkit, esate baterako, hemen sortu diren zinegile garrantzitsuak; hainbat ekimen eredugarrik (esate baterako Nosferatu), duten iraupena; zinemagintza amateurrak duen tradizio luzea; eta geure zinema-memoriarekin zerikusia duen zera definigaitz baina funtsezko horren eraikuntza. Ikusle garen heinean, gutako bakoitzak du Zinemaldiarekin korapilatutako biografia bat. Nire kasuan, ohiko ikuslea nauzunez 1983tik, benetako eskola izan da Zinemaldia, klasikoak ezagutzeko aukera eman didalako: Leisen, Sirk, Dieterle edo Borzage... Hain urruti joan gabe, oraintxe bertan gauza garrantzitsuak ari dira egiten Donostian, adibidez Donosskino edo Lupa Dokumentalen Mostra, hamargarren urteurrena egin berri duena. Biziki interesatzen zaidan proiektua da eta adierazten duena zerbait gertatzen ari dela sorkuntzaren eta gogoetaren eremuan hiriaren barrunbe sozial eta sortzailean. Testuinguru horretan, Zine Eskolak irabazi egin behar du bere eskubidea historia horretan partaide izateko, zinemagintza-ikerketa eta -prestakuntza zentro batek berezkoa duenaren ekarpena eginez: zinema aintzat hartzeko beste abiadura bat, modek ezartzen dituzten urgentziez gaindikoa, etorkizuneko proiektuak sortzeko ahalmenarekin eta orain arteko tradizio horrek belaunaldien arteko bidea egin dezan bermatuz.

 

Zer emango dio zentroari Tabakalera kultura-ekosistema deitu den horrek? Eta zein izango da Eskolaren ekarpena?

Hezkuntza-arloan, hau da, graduondokoetan, Tabakalerako kultura-egitasmoa irakaskuntzarekin batera garatzen da, modu paraleloan, ikasketa-planean erabat txertatuta dagoen eduki-ildo osagarri moduan. Tabakalerako zinema-jarduerak, hain zuzen ere, diplomaturen ispilu eta hedapen moduan funtzionatzen du. Aldi berean, gogoeta estetikorako gune ere bihurtu behar du guztientzat, baita Zinemaldiarentzat, Filmategiarentzat eta Tabakalerarentzat ere; espero dut erakunde horiek beren egunerokotasuna ikasleekin partekatu eta nork bere buruaz gogoeta egiteko gunea izango dela. Behin edo behin esan ere esan dut: Aldundiak sortu eta finantzatuta, Zinemaldiaren, Filmategiaren eta Tabakaleraren eskola da EQZE; baina baita erakunde horiei zuzendutako eskola ere. Eta hasieran esandakoa errepikatu nahi dut: jakintza partekatzea bezain garrantzitsua da ezjakintasuna partekatzea; hau da, bilaketaren espiritua, txundituta geratzeko ahalmena, galdera egokiak abagune egokian egiteko gaitasun kritikoa. «Bidean galduta ibiltzeko» lanbide duin bezain konplexua da hori, benetako edozein ikasketak, batez ere sormenezkoa bada, bere-berezkoa duena, eta askotan saihestu nahi izaten dena edo gabeziatzat hartzen dena.


Eskolaren berezitasuna aintzakotzat hartuta, zinema-erakundeetan gehiago oinarritzen denez irakaskuntzakoetan baino, nolako ikasle-profilak espero dituzue?

Prestakuntza unibertsitateko graduondoko ikasleei zuzenduta dago, alegia, maila akademiko bat duten eta lan-munduan txertatzeko bide baten bila dabiltzanei. Ez da nahitaezkoa zinemagintza-profil nabarikoak izatea. Esaterako, zaintza eta artxibo-laneko alorrera hel daitezke «artistikoak» ez diren hainbat eremutatik; katalogazioa, errestaurazioa edo historiaren bidetik, alegia. Hautaketa-prozesuan, gainera, eskatuko zaie aurkez dezatela eskolan landu nahi duten proiektuaren azalpen bat. Gogoan izan behar da EQZEren ildo pedagogikoa proiektu pertsonal horien garapenean oinarritzen dela, eta irakaskuntza-jardueraren zati handi bat haien ingurukoa izango dela. Eskolaren izaera ikertzailea ere berariaz aipatu nahi nuke. Laguntzen eta bestelako ekimenen bitartez, iritsi nahi genuke zinemagintzarekin zerikusia duten ezagutza-esparruetan lanean ari diren Gipuzkoako ikertzaile gazteengana, doktoretza aurreko zein ondorengoetan dihardutenengana. Laguntza horietarako deialdia irailean edo urrian egingo dugu.


Amaitzeko, Elías Querejeta omendu nahi izan duzue. Zergatik da hain aipagarria haren figura?

Bai, Aldundiak erabaki zuen Hernaniko produktorearen izena ematea Zine Eskolari. Zinemagintzaren ikuspuntutik, Querejetak Saura, Erice, Ezeiza, Armendariz eta beste autore batzuekin egin zuen lana sekulakoa da. Zalantzarik gabe, Europako zinegile handienetako bat da. Harekin lan egiteko ohorea izan nuen film batean, Goodbye, American, eta elkarrekin sinatu genuen gidoia, Sergio Oksmanekin batera.