Napoka Iria «Jakin behar da egindako bideari bukaera ematen, berriak irekitzeko»
- DataEkainak 29
- Gaia Musika
2017/07/07an, Eibarko Koliseoan. Hori da Napoka Iriaren 12 urteko ibilbideari bukaera emango dion kontzerturako hitzordua. Bi urteko geldialdiaren ostean, zaleen galderak behin betiko isilarazi eta agurreko kontzertua egitea erabaki dute. Laster utziko duten entsegu lokalaren ondoko tabernan elkartu gara Miren Narbaiza eta Ander Mujikarekin, ibilitako bideari begira jarri eta topa egiteko. Nahigabe, baina, berriketak beste toki batzuetara ere eraman gaitu.
Urte batzuk beranduago ezagutu zintuztegun askok. Nolakoa zen Napoka Iria horren urrun dirudien 2005 hartan?
Miren Narbaiza: Gogoratzen dut ezagutu ginela Legarreko entsegu lokaletan, Eibarren. Orduan Ander Arte Ederrak ikasten ari zen Leioan, eta ni oraindik batxilergoan nenbilen. Gauza asko deskubritzen dira adin horretan, eta gu hasi ginen leku guztietan elkar topatzen…
Ander Mujika: Sortu genuen talde bat lau lagunekoa. “Lo ez”, zuen izena. Entsegu batzuk egin, eta pare bat kontzertu eman genituen soilik. Haietako bi musika elektronikoarekin lotutako beste bide batean murgildu ziren, eta gu biok Mirenen abesti batzuekin hasi ginen probak egiten. Kontzertu batzuk eman, eta Legarren grabatu genuen gure lehenengo maketa, sei kanta zituena.
Zer etortzen zaizue burura orain sei kanta haiek entzutean? Gainditu dute urteen azterketa?
A. Mujika: Niri, orain entzuten jarrita ere, asko gustatzen zait maketa hura, benetan. Bi egunetan grabatu genuen, eta oso freskoa iruditzen zait. Baditu hobetu daitezkeen gauzak, noski, baina oso txukuna da.
M. Narbaiza: Egia esan oso ondo dago, bai. Soil soila da, oso duina. Oraindik ere identifikatuta sentitzen naiz kanta haiekin, eta zuzenekoetan ere jo izan ditugu batzuk: Kea, adibidez, ordukoa da.


