Miren Narbaiza eta Ander Mujika: «Ez gara ginen hori; horregatik ez dugu jarraituko»

  • Miren Narbaiza eta Ander Mujika:  «Ez gara ginen hori; horregatik ez dugu jarraituko»
    Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
berria.eus

  • DataEkainak 23
  • Gaia Musika

Hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, agur esatea erabaki du Napoka Iria taldeak. Azkenengo kontzertua emango dute bi taldekideek Eibarko Koliseo antzokian, uztailaren 7an
Donostiako Antigua auzoko frontoian jolasean ari dira umeak. Grabagailuak Miren Narbaiza eta Ander Mujikaren erantzun lasaiak biltzen ditu. Elkarrekin, ahots bat osatzen dute. Zaintza keinuak, begirada konplizeak, irribarreak eta lasaitasuna dira elkarren artean nagusi. Hamabi urteko ibilbidea egin ondoren, azken kontzertua ematea erabaki dute. Eibarko (Gipuzkoa) Koliseo antzokian izango da, uztailaren 7an. Entseguak hasi berri dituzte, kantuak atzera deskubritzeko tenorea da. Izan denaren esentzia bizirik mantendu nahi duelako, agur diosku Napoka Iriak.

Noiz hartu zenuten ez bueltatzeko erabakia?

ANDER MUJIKA: Duela bizpahiru hilabete edo? [Mireni begira].

MIREN NARBAIZA: Gehiago, ez? Iaz.

A.M.: Urtarrilean Bonbereneako bildumarako [Aspalditik gatoz, urrutira goaz] kantu bat prestatzen ari ginen.

M.N.: Orduan bidali genuen mezu bat, egia.

Zer dago mezu horren bueltan?

A.M.: Bonberenea Ekintzak zigiluan argitaratu dugun taldeoi bilduma batean parte hartzeko gonbidapena egin ziguten. Bertsioak eta kantu originalak egiteko gonbidapena zen. Proposamena jaso, eta, bi urteko etenaren ostean, berriz entseatzea erabaki genuen. Entsegu batzuk egin genituen, eta, kantu berria prestatzen hasi ginenean, konturatu ginen ez zuela funtzionatzen, edo ez geundela guztiz gustura.

Ea ulertu dugun: bi urte atzera, Napoka Iriak atseden hartzen du. Hartzen duen arnasa horren indarrak atea irekia utzi eta nekea eramango ote duen zalantza duzue. Elkarrengandik gertu jarraitzen duzue eta bakoitzak bere bidea egiten du. Berriz ere sortzeko elkartzen zaretenean, elkarrekin sortzen duzuena ez da dagoeneko Napoka Iria, eta behin betiko uzteko erabakia hartu duzue, ez ordea, azken kontzertua eman barik.

A.M.: Bai, horixe bera gertatu da.

M.N.: Hain zuzen ere. Hasieran, atsedena behar genuen. Kontuan izan behar da azken diskoarekin bizi genuena. Asko zabaldu zen diskoa, eta, ondorioz, askoz gehiago jotzen hasi ginen, askoz agenda beteagoa eduki genuen eta komunikabideen aldetik arreta asko handitu zen. Horrek denak kristoren mugimendua ekarri zigun. Geratu gabe ibili ginen.

A.M.: Horretara dedikatzen ginen.

M.N.: Bai, ordurako musikara dedikatzen ginen, eta, erritmo horren ondorioz, atsedena hartu behar izan genuen. Hortik etorri zen geldialdia, kontzienteki esan baikenuen: goazen gelditzera apur bat. Bi urteren ondoren, Bonberenearen proposamen horren harira, «zer, berriz ere jotzen hasiko gara?» esan genion elkarri. Egia esan, elkarrekin jotzeko gogoa geneukan.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri