Lorea Agirre (Jakin): «Pentsamenduaren transmisioan egon diren hutsuneak betetzera dator proiektua»
Belaunaldi gazteenek euskal pentsamendu eta kultura erreferenteetara ailegatzeko dituzten zailtasunak jabetuz lan eskergari ekin dio Jakin Fundazioak, “XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” proiektuarekin, ezagutza hau guztia bildu eta eskuragarri jarriko duena, hain zuzen ere. Lorea Agirre lehendakariarekin hitz egin dugu proiektuari buruz.
Zein asmorekin jarri zenuten abian egitasmoa?
“XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa” proiektuaren asmoa hauxe da: 60ko hamarkadatik gaur egun arte, Euskal Herriko pentsamenduaren eta kulturaren garapenean berebiziko garrantzia duten hainbat euskal autoreren lana berreskuratu, transmititu eta dibulgatzea. Hori egitea ezinbestekoa dela uste du Jakinek, bai behintzat gaur egungo errealitate soziopolitikoa eta kulturala ulertu nahi bada.
Izan ere, aurretik pentsalari handien lanak digitalizatu ditu Jakinek: Santamaria, Azkue, Martin Ugalde… Eta orain hiru urte Txillardegiren lana digitalizatzen hasi ginen, berriki bukatu duguna. Eta zeregin horretan ari ginela konturatu ginen zer edo zer gehiago egin behar genuela autore horien obra gizarteratzeko. Eta asmo horrekin sortu genuen proiektua, autore horien obra digitalizatzeaz gain, dibulgazio lan hori ere sustatzeko.
Lan aitzindaria da zuena, hutsune bat ikusi zenuten arlo honetan? Zeri erantzuten dio hutsune horrek?
Gure kezka hori da, gure pentsamenduaren transmisioan hutsune edo eten handia egon dela. Ez ditugulako ezagutzen euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza eredu propioa garatu ahal izateko ezinbesteko izan diren autore eta ekimen berritzaileak. Eta hutsune horiek betetzera dator proiektua.
Bereziki 1956an hasten den berpizkunde kultural horretatik gaur egun arte hutsune nabariak ikusten ditugulako. Nahiz eta ordukoak diren gaur egun hainbesteko garrantzia duten euskal kultur mugimendu eta ideietako asko. Esaterako, ikastolen mugimendua, euskararen zentralitatea, euskara batua, kultura modernizatzearen beharra… Baina uste dugu ideia horietako asko bidean galdu direla, eta horri erantzuteko sortu dugu proiektua.
Belaunaldi berriek ezagutza hori guztia jasotzeko bidean zailtasunik ba al dago?
Bai, aipatu bezala, transmisio horretan etenak egon direlako; ondorioz, gure gazteetako askok pentsalari horiek ez dituzte ezta ezagutzen ere. Ezta euren ideiak ere, nahiz eta gaur egun bolo-bolo dabiltzan egunerokoan. Zailtasun horretaz oso kontziente gara, eta guk ere, gure neurrian, gazteengana gerturatu nahiko genuke, esaterako, pentsalarien inguruko ikus-entzunezko laburrak osatuz eta liburu dibulgatiboak argitaratuz.
Elkar Sariaren babesak zer nolako garrantzia izan du proiektuan?
Bultzada garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe, bai ekonomikoa eta baita babes aldetik ere. Horrelako lan eskergek askoren laguntza eta sostengua behar izaten dutelako, eta dibulgazioan ere laguntzeko balio du Elkar Sariak. Horregatik da garrantzitsua Jakinentzat.

Txillardegi izan da hautatu duzuen lehen autorea hasierako urratsak emateko. Zein izan zen bere ekarpen nagusia?
Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalaria da Txillardegi, eta baita eragile eta idazlea ere. Jean Louis Davant euskaltzainak esan zuen bezala, ‘poliaitzindaria’ izan zelako: euskararen estandarizazioan, euskal kulturaren modernizazioan eta nazioaren eta hizkuntzaren arteko loturaren ikuspegian aitzindari izan baitzen Euskal Herrian, politikan nahiz kulturan. Bera da, esaterako, euskara batua proposatzen aurrenetakoa, euskal eleberrigintza modernoa Leturiaren egunkari ezkutua nobelarekin hasi zuena, eta euskarari zentralitatea eman ziona, besteak beste. Horregatik erabaki genuen Jakinen bere obra osoa bilatu, arakatu, txukundu eta digitalizatu behar zela, eta batez ere, gizarteratu behar genuela. Egun ahotan ditugun diskurtso asko berari zor zaizkiolako, eta arlo askotan izan zelako berritzailea eta urratzailea. Hori ezagutzera eman behar da.
Bere lana jasotzeko liburu bilduma, ikus-entzunezko sorta eta haren obra digitalizatuarekin web atari berezia jarri duzue martxan. Hiru lengoaia horien osagarritasuna bilatu duzue?
Bai, izan ere, orain arte autore handien digitalizazio lanez arduratu gara, baina horiek gizarteratzeko ahalegina egin behar genuela ikusi genuen. Eta dibulgazioa sustatzeko tresna oso egokiak direla uste dugu, webgune bereziarekin denok dugulako aukera Txillardegiren obra ezagutu eta erabiltzeko, etxetik bertatik, eta liburu bildumak eta ikus-entzunezkoek bere obra hobeto ezagutzeko aukera eskainiko digutelako, gainera, modu erraz eta zuzenean. Horretarako, liburu tematikoak osatuko ditugu: Txillardegi eta euskara, edo Txillardegi eta politika, esaterako. Eta bakoitzak izango du bere ikus-entzunezko pieza laburra. Oso dibulgatiboak. Txillardegi ezagutzen ez duenak ere jakin dezala zein izan den bere ekarpena Euskal Herrian.
Esan bezala, zuen asmoa beste pentsalari batzuen lanarekin jarraitzea da. Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?
Proiektu hau luzea eta sakona izatea da asmoa, bai. Izenak ere horixe iradokitzen du eta: XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa. Horregatik, apurka goaz autoreak hautatuz, eta gero horiek aztertuz. Dagoeneko baditugu zenbait izen esku artean, baina aurretik esan bezala, askoren laguntza eta babesa behar du Jakinek zeregin honetan aurrera egiteko, eta babes hori jasotzen eta lantzen ari gara. Urratsak ematen ari gara zentzu horretan, eta laster izango ditugu eskura beste autore batzuk bere obra denon eskura jartzeko.


