Rock musikak hitzordua du Gasteizen, ostiraletik aurrera
- DataEkainak 21
- Gaia Musika
John Fogerty, The Hellacopters, Chris Isaak eta The Cult dira ekainaren 23an eta 24an Azkena Rock Festival jaialdian arituko diren artistetako batzuk
Rock musikak Gasteiz zipriztinduko du asteburuan, orduantxe iritsiko baita Azkena Rock Festival jaialdiaren hamaseigarren edizioa. Hala, hogeita hamar talde inguru arituko dira Mendizabalan ekainaren 23an eta 24an.
John Fogerty, Cheap Trick eta The Hellacopters dira lehenengo eguneko izarretako batzuk. Bigarren egunean, berriz, Chris Isaak, Union Caribe Productions eta The Cult izango dira, seguruenik, Arabako hiriburura jende gehien eramango dutenak.
Ohiturari eutsiz, eta musikaren munduan aurten egon diren heriotza kopuru altua dela eta, antolatzaileek erabaki dute agertoki bakoitzari duela gutxi zendutako artista baten izena jartzea. Modu horretan, "God" gune nagusiak Chuck Berry eta Chris Cornell omenduko ditu. Bestalde, "Respect" oholtza Sharon Jones eta Greg Allman musikariei egongo da zuzenduta. Azkenik, "Love" agertokiak Greg Lake eta Javi Ezquerro izango ditu gogoan.


