"Bilbao Art District" ekimenaren programazioa eta edukiak areagotu egingo dira, hiri osoan ehunka jarduera eskainiz
- DataMaiatzak 16
- Gaia Ikusizko arteak
Gaurtik hasi eta datorren igandera arte Bilbo arte ekosistema bizi eta parte hartzaile bihurtuko da, Bilbao Art District ekimenaren programazio handizaleenari esker; izan ere, bosgarren edizio honetan hainbat jarduera antolatu dira, besteak beste, erakusketak, topaketak eta elkarrizketak artistekin, arte sorkuntzak denbora errealean eta kalean bertan, tailerrak, bisita gidatuak, etab.
Berrikuntza garrantzitsuenen artean nabarmendu behar da proiektuaren iraupena luzatu egingo dela, asteburu batekoa izanik aste osoa hartuko baitu orain; horrez gain, edukiak eta helburuak ere aldatu egin dira, artearen arloko sektore profesionala are gehiago inplikatzeko eta, aldi berean, hiritarrek ere parte hartzea sustatzeko.
Zabalgune eraikina Bilbao Art District ekimenaren erdigunea eta bihotza izango da egun hauetan, eta, besteak beste, artistekin topaketak antolatuko dira bertan, baita Alberto Salcedo artistaren lan saio bat denbora errealean eta Bilbon garatutako artearen une hau islatuko duen erakusketa bat ere.
Carola garabiak Alex Duncan artista britainiarraren obra bat hartuko du, hitzordu honetarako berariaz prestatutakoa; Itsas Museoko zelaigunean, berriz, “El camino de la Sirga” obra izango da ikusgai, Interbentzio Artistikoen Deialdiko obra irabazlea.
Bilbao Art District Bilboko Udalak antolatutako ekimen publiko-pribatua da, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta museoen sarearen (Guggenheim, Arte Ederrak Museoa…), arte galerien edota EHUko Arte Ederren Fakultatearen kolaborazioarekin abiarazitakoa; hiriko kultura eta arte saretik garatzen den jarduna urte osoan zehar laguntzea eta horren balioa agerraraztea du helburu, garatzeko eta etorkizunerantz proiektatzeko elementu estrategikoa den aldetik.


