Donostia 2016k “karta zuria” eman zion Anjel Lertxundiri, Europako Kultur Hiriburutzari nahi zuen ekarpen kulturala egin ziezaion. Hala, Witold Gombrowicz idazle poloniarraren kezka batean oinarrituta, Lertxundik sei idazle eta itzultzaile bildu zituen Donostian (Javier Cercas, Karlos Cid, Marie Darrieussecq, Adan Kovacsics, Miguel Sáenz eta Raul Zelik), hizkuntza ez-hegemonikoetako literaturaren eta haren etorkizunaren inguruan gogoeta egitera, globalizazioaren eraginpean dagoen testuinguru kulturalean. EIZIEk eta Donostia 2016k argitaratutako Demagun ehun urte barru liburu elebidunean jaso dira orain 2016ko abenduan antolatu ziren solasaldi haietako gogoetak.
Gombrowiczen hausnarketa batetik abiatu zen Anjel Lertxundi Hiriburutzarentzako prestatu zuen literatur proiektua diseinatzeko, eta Harkaitz Cano idazle eta itzultzailearen laguntzarekin ondu zuen. Czeslaw Milosz-ekiko gutun-truke batean, Poloniako literaturaren etorkizunaz ari zirelarik, Gombrowiczek esan zion: “Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada…”. Gombrowiczen antzera, idazlearen lan-tresnaren ziurgabetasun egoera, euskararena kasu honetan, bada, izan ere, Lertxundiren arduretako bat: “Idazle zein itzultzaile baten lan-tresna —hizkuntza— kinka larrian edo osasuntsu egotea ez da muntarik gabeko auzia ez idazlearentzat ez haren lanarentzat. Zer nolako eragina ote du tradizio oparo batetik idazteak edo ia tradiziorik gabeko urritasunetik; gauza bera ote da aspaldi estandarizatutako hizkuntza batean eta batu gabe batean aritzea; munta bera ote du aspaldi handiko ofizialtasunetik edo ofizialtasun berri eta urri batetik jarduteak. Berdin begiratzen ote zaio munduari hizkuntza-harremanen hegemoniatik edo diglosiaren eraginpetik… Mundua globalizazioaren bidean, hizkuntza gutxituetako literaturak ere bertan”.
Sei gonbidatu
Kezka hori konpartitzera gonbidatu zituen Donostiara tradizio literario sekulakoa duten hizkuntzetako hiru idazle (Javier Cercas, gaztelania; Marie Darrieussecq, frantsesa; eta Raul Zelik, alemana) eta beste horrenbeste itzultzaile, jakitun funtsezkoa dela azken horien ekarpena hizkuntzen arteko joan-etorrian eta iraupenean: Adan Kovacsics (idazle austriar eta hungariarren itzultzailea), Miguel Sáenz (alemanezko literaturaren klasikoen itzultzailea) eta Karlos Cid (txekiera-euskara itzultzailea). Honela zuzendu zitzaien: “[…] imajina ezazue zeuen burua tradizio literario urriko hizkuntza bateko idazle edo itzultzaile gisa. Oso eskergarria genuke zuen ikuspuntua, interesgarria zaigu jakitea nola kokatuko zenuketen zeuen lana gure gaurko munduan —gure tokian jartzeari inolako zentzurik ikusiko zenioketen kasuan, jakina—, eta, batez ere, guretzat perspektiba interesgarri asko zabaltzen dituen talaia litzateke honakoa: zuen ustetan halako egoera batek zer eragin izango luke zuen idazkuntzan? Lanbide zenuketen hizkuntzaren destino lausoa zer-nolako zama izango litzateke zuen literaturarentzat?”.
Abenduaren 12an eta 13an elkartu ziren Lertxundiren erronkari baiezkoa emandako idazle eta itzultzaileak. Topaketa horien iritzi-trukearen ondoren, bakoitzak bere inpresio eta bizipenak jaso zituen liburu hau osatzen duten testu banatan. Idatzi guztiak euskaraz eta gaztelaniaz jaso dira; jatorrizko frantsesez eta alemanez ere bai Darrieussecq eta Zelikenak.
- Javier Cercas: Katalanezko idazlea banintz (jatorrizko izenburua: Si yo fuera un escritor en catalán; Gerardo Markuletaren itzulpena euskarara)
- Karlos Cid: Azken mamu gorri zoriontsua (Cidek berak itzuli du bere testua gaztelaniara)
- Marie Darrieussecq: Euskara, Mekong, zuluak eta ni (jatorrizko izenburua: La langue basque, le Mékong, les Zoulous, et moi; Joxan Elosegiren itzulpena euskarara eta Jon Muñozena gaztelaniara)
- Adan Kovacsics: Zertzelada apokaliptikoak (jatorrizko izenburua: Pinceladas apocalípticas; Bego Montorioren itzulpena euskarara)
- Miguel Sáenz: Ghost in Translation. Itzulpenaren mamua (jatorrizko izenburua: Ghost in Translation. El fantasma de la traducción; Koro Navarroren itzulpena euskarara)
- Raul Zelik: Mamu izoztua-Bidaia izotzerantz (jatorrizko izenburua: Mamu izoztua-Reise ins Eis; Petra Elser eta Edorta Mataukoren itzulpena euskarara eta gaztelaniara)
Sei testu horiez gain, Anjel Lertxundiren eta Harkaitz Canoren saio bana biltzen ditu liburuak. Liburuari izena ematen dion Demagun ehun urte barru da Lertxundiren lana (berak ekarri du gaztelaniara Si dentro de cien años izenpean), eta Agente bikoitz baten aitorpenak, Canorena (Gerardo Markuletak gaztelaniaratua: Confesiones de un agente doble).
Jendaurreko aurkezpena
Maiatzaren 11n, osteguna, liburuaren aurkezpen-ekitaldia egingo da Kutxa Fundazioaren Ruiz Balerdi Aretoan (Tabakalera, 4. solairua), arratsaldeko 18:30ean. Liburuan jorratzen diren gaiei buruz arituko dira Anjel Lertxundi eta Harkaitz Cano, Xabier Olarra eta Koro Navarro itzultzaileekin batera (biek dute ibilbide luze eta oparoa literatur itzulpengintzan, eta bien lanek izan dute itzulpengintzako Euskadi Sariaren aitortza). Navarrok liburuan jasotako testuetako bat itzuli du, Miguel Sáenzena hain zuzen ere, eta Olarrak jardun du argitalpenaren edizio lanetan. Mahai-ingurua, euskara hutsean, Goizalde Landabaso kazetariak moderatuko du. Sarrera dohakoa izango da.
Biografia laburrak
Anjel Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1948), idazlea eta kazetaria da izatez, eta lan egin izan du zineko eta telebistako gidoilari gisa ere. Literaturaren alorrean nobelagintza eta saioa landu izan ditu, bereziki euskaraz. Saioaren alorreko Espainiako Sari Nazionala jaso zuen 2010 urtean Eskarmentuaren paperak lanarekin, bitan irabazi du Literaturako Euskadi Saria. Halaber, bi aldiz (1983 eta 1992an) jaso du Espainiako Kritika Saria narratibaren alorrean. Adituek diotenez, Otto Pette (1994) nobela giltzarria izan da euskara batuaren normalizazioaren bidean, eta erreferentzia ezinbestekoa euskal nobelagintza garaikidean. Lertxundiren obra gehienak itzuliak daude gaztelaniara, eta badu obra itzulia hainbat hizkuntzatara ere.
Harkaitz Cano (Donostia, 1975) idazlea da. Beti oporretan (Susa, 2015) ipuin bilduma eta Twist (Susa, 2011) nobela dira bere fikziozko azken lanak. Hainbat musikagilerentzat letragile, ohikoa da haiekin kolaboratzaile eta irakurle lanetan oholtza gainean ikustea. Komiki gidoiak, poesia eta haur literatura ere idatzi ditu. Saiogile bezala, Txalorik ez, arren (2014) eta Zinea eta literatura: begiaren ajeak (2008) eman ditu argitara. Hanif Kureishi, Anne Sexton eta Allen Ginsberg ekarri ditu euskarara, besteak beste.
Javier Cercas (Cáceres, 1962) idazlea eta literatura espainiarreko irakaslea da Gironako Unibertsitatean. Hogeita hamar hizkuntzatara baino gehiagora itzuli dira bere liburuak, eta sari ugari jaso ditu Espainian nahiz nazioartean. Horien artean aipatzekoak dira Espainiako Narratiba Sari Nazionala Anatomía de un instante (2009) lanarengatik edo, azkenekoen artean, Atzerriko Eleberri Onenaren Urteroko Pekingo Saria El impostor (2014) obrari esker. Bere obra guztiagatik, Turingo Liburu Azokako Nazioarteko Saria jaso zuen 2011 urtean, eta Ulysse Saria 2012an.
Karlos Cid (Madril, 1963), Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta Hizkuntzalaritzan doktorea, egun Euskal Filologiako irakasle dabil Madrilgo Universidad Complutensen. Itzultzailea ere bada, batez ere txekieratik euskarara: besteak beste, euskarara ekarri zuen 2009 urtean Milan Kunderaren Izatearen arintasun jasanezina (1984), baita Jaroslav Hašek, Josef Škvorecký eta Miroslav Holuben lanak ere. Euskal sintaxi eta onomastika, itzulpengintza eta hizkuntza tipologiari buruzko hainbat lan idatzi ditu.
Marie Darrieussecqek (Baiona, 1969) bere lehen eleberria, Truismes (Ahardikeriak izenarekin argitaratua euskaraz), 1996an kaleratu zuen. Berehalako arrakasta lortu zuen eta 44 herrialdetan itzulitako bestsellera izan zen. Frantziako «nobelista gazterik onena» izendatu zuen 1998an The New Yorker aldizkariak. Literatura garaikidearen ahots garrantzitsuenetako bat da gaur egun. Il faut beaucoup aimer les hommes eleberriarekin Prix Medicis eta Prix des Prix literatur sariak irabazi zituen 2013an, argitaratu zen urte berean.
Adan Kovacsicsek (Santiago, Txile, 1953), idazle austriar eta hungariarren lanak itzuli ditu gaztelaniara; Zweig, Schnitzler edo Kertész, besteren artean. Baita literatura alemaneko klasikoen lanak ere, besteak beste Goethe eta Kafkarenak. Hizkuntzekiko ardurak bultzatuta, zenbait saio argitaratu ditu hizkuntzen auziaz. Espainiako Kultura Ministerioaren Itzulpengintzako Sari Nazionala eta Austriako Literatur Itzulpengintzako Estatu Saria jaso ditu.
Miguel Sáenz (Larache, Maroko, 1932), Zuzenbidean doktorea eta Filologia Alemaniarrean lizentziatua Madrilgo Universidad Complutensen, Itzulpengintza eta Interpretazioko honoris causa doktorea da Salamancako Unibertsitatean, Deutsche Akademie für Sprache und Dichtung alemaniar akademiako eta Espainiako Errege Akademiako kidea da eta, funtsean, itzultzailea (Franz Kafka, Bertolt Brecht, Thomas Bernhard, Michael Ende, Günter Grass, Salman Rushdie...).
Raul Zelik (Munich, 1968) idazle eta politologoa da. Bere literatur debuta, Friss und stirb trotzdem, lana izan zen 1997an. Ondoren, Berliner Verhältnisse (2009) eleberria eta Lagun armatua (2010) road-movie politikoa argitaratu zituen; Txalaparta argitaletxeak lan horiek guztiak plazaratu ditu gaztelaniaz eta azkena baita euskaraz ere. Petra Elserrekin batera, Joseba Sarrionandiaren Lagun izoztua (2001) eleberria itzuli zuen euskaratik alemanera (Der gefrorene Mann, 2007).


