Martxel Mariskali elkarrizketa
- DataMaiatzak 3
- Gaia Literatura
Martxel Mariskalek Azken zakatzak poesia liburua plazaratu du Susa argitaletxearen eskutik. Itsasoa, memoria, oinazearen kontrako borroka, edertasunaren aldeko aldarria, eta erroetan, bizitzaren aldeko konpromiso sendoa. Enpatiaz beteriko lerroak, irudiz beteriko poemetan: azaletik eta bistakotik haratago BIZI ZAITEZ!, BIZI ZAITEZ!, BIZI ZAITEZ! da hau, dogmetatik eta dogma baino ez diren antidogmetatik haratago.
Literaturaz ari ekidin ezina da aipatzea Me llamo Ezequiel y así será siempre nobela, 2002an Hiruk argitaratua. Adin bat daukagunontzat liburu horrek eduki zuen bere oihartzuna, jende askori entzun izan diot belaunaldi-liburu bat izan zela. Nola oroitzen duzu liburu hura, oso urrun ikusten duzu?
Oso presente ikusten dut. Liburua argitaratu zenean ni atzerrian nengoen, Eva Forestek irakurri zuenean interes handia hartu zuen berehala eta argitaratu nahi zuela esan zidan. Hiru oso argitaletxe txikia zen, eta liburuak ez zuen inolako erakusleihorik edo bultzadarik izan. Hala ere Eva Forestek esan zidan bera konbentzituta zegoela ahoz aho funtzionatuko zuela. Orduan bai, kontent nago harekin eta gertu ikusten dut, ikusi dudalako bizirik iraun duela, ni baino biziago igual (barreak). Ni ohe gainean eta sofa gainean egon naiz gaixorik, kalearekin kontakturik gabe, ezin sozializaturik, oinazearekin borroka gogor batean, eta bitartean urte hauetan guztietan iritsi zaizkit handik eta hemendik liburuari buruzko oihartzunak. Ez bakarrik Euskal Herritik, baita Espainiatik ere.
Ikusi dut ere eskuz esku pasatu dela belaunaldi batetik bestera. Esperientzia horrekin konturatu naiz badaudela gai batzuk eta kontatzeko era bat ez direla moda kontua. Nahiz eta pertsonak belaunaldietan banandu denok gaude oso lotuta; azken finean gizakiok irrika, beldur eta desio berdinak ditugu garai ezberdinetan ere. Nahiz eta lehen telefono mugikorrik ez egon eta gaur egun bai, 90. hamarkadako gazte batek edo oraingo batek esentzian gauzak oso sutsuki bizi ditu: lagunartearen garrantzia, lehen amodioarena... horretaz hitz egiten zuen liburuak.
Nire sormen lanak derrigorrezko etendura izan zuen ondoren, eta horregatik banuen lan hartatik aldentzeko beharra ere. Egin ditut gauzatxoak denbora honetan, Lisabörekin letragintzan adibidez, baina ez nuen nahi liburu bakar bat idatzi duen pertsona hori izan: badakit gauza gehiago ditudala esateko, beste momentu batean nago orain, gauza berrien beharra daukat.
Hala ere bere garaian Ezequiel irakurri eta orain Azken zakatzak irakurtzen duenak, idazle bera topatuko du?
Nik uste dut baietz. Mundua ulertzeko beti dugu taxonomiarako joera, dena egon behar da klasifikatua, eta literaturan ere hori gertatzen da. Hiru genero daude: forma narratiboa, poesia eta antzerkia. Ados, baina niretzat dena da literatura, balio bera du testu orok literatura den aldetik eta komunikazioa den aldetik. Zer garen ulertzerakoan eta adierazterakoan niretzat funtzio eta garrantzia berdina du genero batek edo besteak. Nahiz eta Ezequiel genero narratiboan sar genezakeen eta hau poesian, badakit nire kasuan poesia oso presente egongo dela beti forma narratiboan idatzi, elkarrizketa bat idatzi edo poesia ulertzen dugun berezko forma horretan idatzi. Ez zait gustatzen gauzak modu zuzenean, panfletarioan esatea, hitz potoloekin... nahiago dut giroak eta irudiak sortzea.
Bestetik, Ezequielen itsasoa bera kasik beste pertsonaia bat zen, eta liburu honetan badu ere presentzia. Badago lotura bi lanen artean, derrigorrez.


