Miren Arzalluz: «Debemos ser más creativos en la lectura de la cultura vasca»
- DataMaiatzak 3
- Gaia Ikusizko arteak, Arte eszenikoak, Musika, Ikus-entzunezkoa
2000. urtean sortu zenetik, Etxepare institutuak euskal kultura eta euskara munduratzea izan du erronka nagusia. Orain, «herri proiekzioa» lantzea du helburu Miren Arzalluz zuzendariak. Institutuak bere gain hartuko du orain arte HABE barnean zebilen "Euskara Munduan" programa eta Kinku Zinkunegi eta berak koordinatzen duen lana Etxepareren baitara pasatuko dira. Mikel Lizarralderen elkarrizketa hau Berria egunkariak eman du argitara gaur bertan.
Urtarrilaren 2an hasi zen lanean Miren Arzalluz (Bilbo, 1978) Etxepare institutuan, eta, beraz, lau hilabete besterik ez darama euskara eta euskal kultura munduan hedatzea helburu duen erakundearen zuzendaritzan. Baina ondo ezagutzen zuen Etxepare aurretik ere, eta iaz Jose Antonio Agirre lehendakariaren inguruan Berlinen antolatutako biltzarrean ere parte hartu zuen. Artean erakundearekin harreman zuzenik ez zuenean. «Beti interes handiarekin jarraitu dut. Euskal Herritik kanpo bizi izan naiz luze, eta, ondorioz, badakit zer den Etxeparek nazioartean egiten duena. Sortu zenetik jarraitu dut». Historian lizentziaduna da; jantzigintzari lotutako Europako hainbat erakundetan lan egin du, eta Balentziaga museoko bilduma arduraduna izan zen zenbait urtez.
Ez daramazu denbora asko lanean Etxeparen, baina dagoeneko egingo zenuen erakundearen nolabaiteko diagnosi bat. Zein dira haren indarguneak?
Hain da erakunde gaztea, eman ditu lehenengo sei urte hauek oinarriak jartzen. Eta hori beti da izugarrizko erronka. Halako institutu bat abian jartzeak eman dezake erraza dela, dena dagoelako egiteko, baina oinarri horiek ondo ezartzea ez da batere erraza. Gainera, ekonomikoki garai zaila izan da, baina uste dut oinarri horiek ondo ezarri direla, nahiz eta erraza ez izan. Baina Etxeparek hazte eta zabaltze fase bat igaro du. Izugarri hazi da urte hauetan. Orain egokitzen zaigu beste fase batera pasatzea.
Zein fase da hori?
Egonkortzeko fasea. Bestelako hazkunde bat tokatzen zaio, agian ez hain ikusgarria, baina sendotzea ezinbestekoa da etorkizunari begira. Eta, horretaz gain, identifikatu ditugun beste ahulgune batzuei aurre egin beharko diegu. Erakundearen helburuak eta funtzioak izugarri handiak dira, euskal kultura eta euskara munduan hedatzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Eta horrek, gainera, berekin dakar herriaren irudia zabaltzea, herriaren irudi positibo bat hedatzea. Hori erronka handia da; irudi hori kudeatzea nazioartean.


