Iñaki Dorronsoro: «Pertsonaiak dira nire pasioa»

  • Iñaki Dorronsoro: «Pertsonaiak dira nire pasioa»
eitb.eus

  • DataApirilak 28
  • Gaia Ikus-entzunezkoa

Gasteiztar zinemagilea aretoetara itzuli da, ‘La distancia’ egin eta hamaika urtera, lapur eta atrakuen munduan murgilduta, ‘Plan de fuga” aktore zerrenda nabarmena duen akziozko thrillerrarekin

Iñaki Dorronsororen (Gasteiz, 1969) film berria, “Plan de fuga”, gaur, ostiralarekin, iritsiko da zinema aretoetara. Victor atrakatzaile profesionalaren (Alain Hernandez) istorioa kontatzen du pelikulak: gaizkile talde batean sartuko da, eta gela gotorra zulatzeko enkargua emango diote.

ETBren parte-hartzearekin Madrilen eta Bilbon filmatutako akziozko pelikula honetarako, aktore talde azpimarragarria izan du eskura zuzendariak: Alain Hernandez protagonista ez ezik, Luis Tosar, Javier Gutierrez 2014ko Zinemaldiko aktore onenaren Zilarrezko Maskorraren irabazlea, Itziar Atienza, Israel Elejalde eta Alba Galocha ere, besteak beste.

Hain zuzen ere, suspensearen, gisa horretako filmen oinarrizko entretenimenduaren, eta pertsonaien bilakaera zainduaren arteko oreka zaintzeko baliatu nahi izan du antzeztalde hori zuzendari eta gidoilariak.

Dorronsororekin egon gara, Malagako zinema jaialdian estreinatu eta Pascal Gaignek egindako musikari esker esparru horretako saria jaso zuen filmari buruz hitz egiten.

Akziozko thriller gisa ez ezik, pertsonaiei garrantzia ematen dien hainbat geruzako film gisa ere deskribatu dute “Plan de fuga”. Oro har, faltan botatzen duzu sakontasun gutxieneko bat genero honetako filmetan?

Polizia generoko pelikula batzuetan, protagonisten arazoak, testuinguru politikoa edo beste elementu sakon eta konplexu batzuk trama bezain garrantzitsuak izaten dira; beste batzuetan, ordea, hiltzailea nor den argitzeko jolas bat besterik ez zaio proposatzen ikusleari.

Nire ustez, oso ondo dago bietatik egotea, eta publikoak erabakitzea sakontasun maila jakin bateko filma edo denbora-pasa bat ikusi nahi duen. Nolanahi ere, egia da, halaber, lehen estatubatuar zinema beltzean eta zinema polar frantsesean lehen talde horri zegozkion film asko egiten zirela, eta gaur egun horrelakoak ez direla horren ugariak. Nik faltan botatzen ditut.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri