Alasne Martin (Azkuna Zentroa): «Gutun Zuriak toki bat egin dio geure hiriari mapa literarioan»

  • Alasne Martin (Azkuna Zentroa): «Gutun Zuriak toki bat egin dio geure hiriari mapa literarioan»
  • Alasne Martin (Azkuna Zentroa): «Gutun Zuriak toki bat egin dio geure hiriari mapa literarioan»
  • Alasne Martin (Azkuna Zentroa): «Gutun Zuriak toki bat egin dio geure hiriari mapa literarioan»

Apirilaren 25etik maiatzaren 1era ospatuko da Gutun Zuria, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdia. Idazleek hitza hartuko dute astebetz, sorkuntzan eta arlo pertsonalean izandako esperientzietatik abiatuta, gaur egungo jendarteaz hausnarketa egiteko. Hitzorduaren inguruan mintzatu gara Alasne Martin-ekin, Azkuna Zentroko BBk Mediatekako arduradunarekin.

Gutun Zuriak lehenengo hamarkada bete du. Zein da egiten duzuen balorazioa?

Oso pozik gaude lortu ditugun emaitzekin. Gaur egun, Gutun Zuria erreferentziako jaialdia da, eta literatura-arloan saihestu ezinezkoak diren hitzorduen mapan sartu du Bilbo. Lehen edizioa izan zenetik, 145 idazletik gora izan dira Gutun Zurian, 28 herrialdetatik etorriak, 25.000 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, zazpi hizkuntza desberdin baino gehiago erabili ditugu hitz egiteko, eta, besteak beste, 3 Nobel sari, 6 Asturiasko Printzea sari eta 3 Cervantes sari izan dira gure artean.

2008an, Gutun Zuria sortu, eta bidaia bati ekin genion literaturan barrena, eta gozamen handia izan da bidaia horretan letretako pertsonaia ezagun asko gurekin izatea. Denboraldi horretan, literatura-hizketaldi hauek ezin saihestuzko hitzordu bihurtu dira gure egutegian, eta toki bat egin diogu geure hiriari mapa literarioan.

2017an, Gutun Zuriaren, Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren hamargarren edizioa ospatuko dugu. Literatura-jaialdi hau gure zentroa baino lehenago sortu zen gainera, hau da, Azkuna Zentroak (lehen AlhóndigaBilbao zenak) ateak ireki aurretik. Ibilian eman ditugun 10 urte hauetan, jaialdia hiriko erreferente kultural bilakatu da, oso elkargune berezia gurekin batera izan diren idazle eta pentsalarientzat, eta bilera hauetara zintzo etorri diren bilbotarrentzat eta bilbotar ez direnentzat. 

Jaialdiaren aurreneko urratsei helduta, zerk animatu zintuzten abian jartzera?

2005ean hasi ginen hizketan, literatura-jaialdi bat egin zitekeela AlhóndigaBilbaoko proiektuaren barruan; eta 2008an izan zen jaialdiaren lehenbiziko edizioa, BBK Fundazioaren, Arte Ederren Museoaren eta Guggenheim Museoaren eskuzabaltasunari esker, erakunde horiek beren espazioak utzi baitzizkiguten aurreneko bi edizioetan literatura-bilerak egiteko, hau da, zentroak 2010ean ateak zabaldu baino lehenago.

Guggenheim Museoaren, BBK Live jaialdiaren eta beste kultura-ekimen batzuen presentzia eta bultzada zirela eta, Bilbo kulturara bideratutako hiri bat zen ordurako. Idatzizko hitzaren arloan, Liburu Azokak eta Bidebarrieta Kulturguneak proposamen sendoak aurkeztu izan dituzte eta orain ere horrela egiten dute. Alabaina, jaialdi honek Euskadin eta ingurumarian zegoen gabezia bat bete nahi zuen: literatura-ekitaldi bat, nazioarteko letretako egileak gonbidatuko zituena, egile ezagunaren atzean dagoen pertsona ardatz hartuta, gaurkotasunari eta berrikuntzei zorrotz jarraitu gabe, eta haren ibilbidea nabarmenduta.

Horrez gain, jaialdia hiriak nazioartean duen proiekzioa bultzatzen laguntzeko sortu zen, eta, beraz, euskal letrak eta idazleak ere proiektatzeko.

 

 

Eta hamar urte hauetan, zein izan da Jaialdiaren eboluzioa?

10 urte hauetan, jaialdia hazten joan da, heltzen, eta, ondorioz, gure hiriko egutegian dagoen gertaerarik garrantzitsuenetako bat da egun. Hazkunde hori jaialdiaren esparru guztietan ikus dezakegu: proiektuan zuzenean sartuta dauden Azkuan Zentroko taldeko lagun-kopurua, jaialdian edo haren inguruan dauden ekitaldien kopurua, espazio fisikoa (jaialdiaren aurreneko urteetan Azkuna Zentroa ez baitzegoen artean) eta espazio birtuala (aurten, hizketaldiak streaming bidez ikusi ahal izango ditugu, jaialdiaren hiru hizkuntza ofizialetan, hau da, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez), jaialdiak zentroan duen agerpen gero eta ikusgarriagoa, Kultura Atarian jarritako pieza artistikoei esker, hitzak duen garrantziaren aldarri gisa. Hitza, kulturaren adierazpiderik grafikoena eta kontzeptualena balitz bezala, eta, aldi berean, ezagutza kulturalak komunikatzeko bide gisa hartuta. Kultura bakoitzak bere hizkuntza, bere mintzaira, bere hitzak ditu, eta horiek ematen diote aukera identitatea eta balio pertsonal eta kolektiboak indartzeko, bai eta, aldi berean, aniztasun hori zaintzeko eta bultzatzeko ere.

Jaialdiaren ardatza literatura bada ere, programazioan beste hainbat arlo artistikotatik edaten duela ere ikusten dugu, zein dira nagusiak?

Gure ustez, jaialdia gune paregabea da gehienbat arte eszenikoei lotuta dauden esperientzia artistikoak ikustarazteko. Azken urteetan, jaialdiari hasiera ematean, sormenezko erakusketa bat izaten dugu, artisten edo konpainien lanak herritarrei hurbiltzeko, esate baterako, Matxalen, Kukai Dantza, Mikel Alonso eta beste batzuen lanak.

Horrez gain, talk-showak, errezitaldi poetiko-musikalak, antzerki-ikuskizunak, instalazio artistikoak, zinema-zikloak... programatu ditugu, sorkuntza garaikidea herritarrei hurbiltzeko, azken hamarkadetako mintzaira artistikoen eta mugimendu kulturalen arteko lotura eta zeharkakotasuna agerian jartzeko, eta, era berean, herritarrentzat interesekoak eta gaurkotasunekoak diren auziei buruz hausnartzeko guneak sortzeko.

Zein da Euskal Literaturaren ekarpena?

Agerian jartzen dugu, bertakoa eta minoritarioa den horretatik abiatuta, literaturak auzi globalak eta unibertsalak jorratzen dituela beti, planetako edozein lekutan eta edozein hizkuntzatan. Lekuko izan gara eta espazioa eta denbora berean izan ditugu, besteak beste, Rodrigo Rey Rosak, Jon Alonsok, Jon Arretxek eta Garbiñe Ubedak delituaz egin dituzten hausnarketak; Herta Müller eta Txomin Peillenen esperientzia pertsonaletatik abiatuta mugek finkatzen dituzten muga fisikoak eta emozionalak, edota Itxaro Bordak eta beste egile batzuek nola ekiten dioten kontakizun erotikoari “obstetriko” izan gabe -Javier Maríasen hitzak erabiliz-.

Euskal literatura jaialdiaren edizio guztietan egon da: gure literatura nazioartera proiektatu da, eta aukera eman da edizio hauetan gure artean izan diren egileen eta pentsalarien artean harreman pertsonalak eratzeko. Esate baterako, gogoan dut 2013an, urte horretan liburuak sinatzeko programatutako ekitaldian, Harkaitz Canok eta John Banvillek izan zuten literatura-hizketaldi lasaia eta adeitsua.

Euskal egileek beren tokia dute jaialdian, eta jaialdiak proiekzioa ematen dio gure literaturari, bertako eta Estatuko esparrua gainditzen duen onarpena.

 

 

Literatur sorkuntzaren eremuan, zer eragin izan dute/daukate teknologia berriek?

2001ean Coll y Martík zioenez, "teknologia berriei esker, joan-etorri etengabea lor daiteke erabiltzailearen eta teknologiek igorritako informazioen artean: subjektuaren ekintzek pantailan ikus daitezkeen aldaketak sortzen dituzte berehala, eta, aldi berean, horiek erabaki eta ekintza gehiago egiteko eskatzen diote subjektuari, eta, horrela, etengabe [...] Aukera ematen dute, denbora- eta espazio-arloko batere mugarik gabe, hamaika lagun harremanetan jartzeko, konexio horien oinarrizko baliabideak partekatzen dituzten lagunak".

Teknologia berriei esker, desberdin irakurtzen dugu, zeharkakoagoa den era batean. Nire ustez, teknologia berriak lagungarriak dira bisualagoak eta hipertestualagoak diren literatura-hizkuntza berriak sortzeko. Une honetan, tradizioa, "artisautzaren" balorazio berritzea, abangoardia eta sorkuntzako proposamen berriak ari dira nahasten, eta horren ondoriozko emaitzak oso interesgarriak dira nire ustez.

Zein izango da aurtengo edizioan argitaletxeek izango duten lekua?

Inguruan dugun globalizazio-prozesua eta garapen teknologikoa aldatzen ari dira gure gizarteko ekoizpen- eta kontsumo-ereduak. Aurten, bilera bat egingo dugu editoreekin, edizioaren egungo egoeraren berri izateko eta etorkizun hurbilean dauden erronka berriak zein diren jakiteko. Hausnarketa egin nahi dugu liburuaren sektoreak duen garrantziaz, eraldatzen ari den egungo mundu honetan; eta sorkuntzak, eta oro har kultura-edukien eta bereziki liburuen jabetza intelektualaren eskubideen babesak duten balioa nabarmendu nahi dugu, gure kultura definitzen baitute.

Hainbat auzi aztertuko dituzte bileran, hala nola liburuaren sektorea, kultura-industriarik handienetako bat dena, edizioaren eta sorkuntzaren balio ukiezina eta eszena digitalean betetzen duen lekua, eta ea egungo lege-esparrua egokia ote den liburuaren jabetza intelektuala edo baloraziokoa babesteko.

Etorkizunari begira, zein dira zuen erronkak?

Herritarrei datozen edizioetan eskainiko dizkiegun proposamenetan, kalitate handiari eustea eta handitzen jarraitzea, horiexek dira gure helburu nagusiak. Hazkuntza horren ondorioz, jaialdiak proiekzio handiagoa izan behar du Estatuan eta nazioartean, eta lan-ildo berriak jarri behar ditugu abian. Hizkuntza minoritarioen literatura, ikusle gazteak... horra ibili beharreko bideetako batzuk. Bestalde, Gutun Zuriak hiriko jaialdia izan behar du (hiritik harantz ere jo behar du, nire ustez), eta gehiago inplikatu behar ditu hiribilduan dauden agente sozialak eta kulturalak.