Joxe Azurmendi: «Euskal nazioa berregiteko, esentziala da euskararen indarberritzea»

  • Joxe Azurmendi: «Euskal nazioa berregiteko, esentziala da euskararen indarberritzea»
berria.eus

  • DataMartxoak 1
  • Gaia Literatura

Joxe Azurmendi idazle eta pentsalariak 'Hizkuntza, nazioa, estatua' saiakera plazaratu du. Andoaingo Martin Ugalde Foroan aurkeztuko du gaur arratsean
Euskal Herria ez da gaur egun nazio bat, estricto senso, Joxe Azurmendiren iritzian (Zegama, Gipuzkoa, 1941). «Euskal nazioa izan zen, zentzu klasikoan, baina orain erdi hautsia dago. Gaur egun berregin beharra daukagun nazio bat da. Berregiteko zeregin horretan egiteko esentziala, ez bakarra, euskara indarberritzea da, ze bera da komunitate nazional baten ardatza». Hori uste du, eta hori azaltzen du, besteren artean, Elkarrekin argitaratu berri duen Hizkuntza, nazioa, estatua saiakera liburuan.

Azken hiruzpalau urteetan indarra hartu duen planteamendu zenbaiti erantzuna ematera dator liburua. Bada erreakzio bat, bada eztabaidari ikuspuntu bat gehiago txertatzeko nahia ere, «nahiz eta berria ez den, errepikatu egiten den gai bati erantzuten baitio». Azken boladan azaldutako planteamendu berri horiek, batez ere mundu akademikotik etorri direnak—Imanol Galfarsoro, Jule Goikoetxea, Unai Apaolaza, Joseba Gabilondo...— zalantzan jarri dute XX. mendearen erditsutik Euskal Herria definitzeko orduan euskarari eman izan zaion lehentasuna. Hizkuntza, nazioarentzat mesede eta sostengu izan arren, ez ote da kalte edo traba estatu bat lortzeari begira? Hori izan da, gutxi-asko, planteatu izan duten galdera nagusia. Azurmendiren erantzuna honako hau da: «Hizkuntzak ezaugarritzen du substantzialki nazio klasikoa. Grezia klasikoa adibide interesgarria da gure egoera ulertzeko, bai arrazaren gogoetaren aldetik eta bai hizkuntzaren substantzialtasunetik ere. Atenastarrak ez ziren arrazari dagokionez grekoak, pelasgoak ziren. Galdu egin zuten euren hizkuntza jatorrizkoa. Hizkuntza grekoa hartu zuten, eta hizkuntza grekoaren bitartez bihurtu ziren nazio greko».

Joxe Azurmendiren posizioa ez da berria, bere ibilbide osoan azaldutakoa baizik, eta bere belaunaldiaren sokakoa. «Liburuan hasieratik aipatzen dut hori, ez dut ideia originalik izan honetan». Belaunaldi hori Espainiako gerraren ondorenean sortu zen, XX. mendearen erdialdera: «Francoren azpian sortzen da erreakzio bat ordura arteko nazionalismoari, tradizioan, folklorean, kristautasunean, arrazan oinarriturikoari. Bi figura nabarmendu ziren batik-bat; Krutwig eta Txillardegi. Eta biek, oinarri eta jatorri desberdinak izan arren, esaten zuten 'nazio bat gara, eta nazioa euskarak egiten du'».

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri