130 lan Guggenheimen, "Espresionismo Abstraktua" hurbiltzeko
- DataUrtarrilak 10
- Gaia Ikusizko arteak, Museoak
Jackson Pollock, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell, David Smith eta Clyfford Still artisten lanak paratuko dituzte, besteak beste, otsailaren 3an zabalduko duten erakusketan
Guggenheim Bilbao museoak ‘Espresionismo Abstraktua’ erakusketa hartuko du otsailaren 3tik ekainaren 4ra, besteak beste Jackson Pollock, Mark Rothko, Willem de Kooning, Robert Motherwell, David Smith eta Clyfford Still artistek egindako 130 pintura, eskultura eta argazki baino gehiagoko bilduma bat.
Bilboko museoak azaldu duenez, erakusgai jarriko dituzten artelanen egileek “norabide aldaketa sakona eragin zuten, eta pinturaren une goren baten protagonistak izan ziren, 1940ko hamarkadan, New Yorken”. Erakusketak “espresionismo abstraktuaren nondik norakoak argitzen ditu, askotan batu eta bakandu egin badute ere, fenomeno askotariko, konplexu eta poliedrikoa izan baitzen”.
Erakusketaren bidez, publikoak ezagutu ahalko ditu Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, free jazzaren eta beat belaunaldiaren poesiaren garaian, ordura arteko legeak hautsi zituzten artistak. Bizitzaren eta artearen ikuspegitik, esperientzia bertsuetatik abiatu ziren sortzaileok, baina bakoitzak bere estiloa islatu zuen, erakusketaren arduradunek azaldu dutenez.


