Topoaren tren-saihesbidearen lanak udazkenean hasiko dira

2017.eko maiatzak 13

  • Lehiaketara atera da aurreneko bide-zatia, Lugaritzetik Mirakontxara doana; udan egingo da Mirakontxa-Easo bide-zatiaren eskaintza.
  • Topoaren 4,2 km-ko trazatu berriak lurpeko 3 geltoki berri eraikitzea du aurreikusita:Bentaberri, Kontxa eta Easo.

Donostiako tren-saihesbidearen lanak datorren udazkenean hasiko dituzte, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak gaur iragarri duenez. Topoaren tren-saihesbideak, Lugaritz eta Morlans artean 4,2 km-ko luzera izango duenak, hiru geltoki berri hartuko ditu barnean: Bentaberri, Kontxa eta Easo. Guztiak lurpekoak. Azpiegitura berriak, bere exekuziorako bi bide-zatitan banatuko denak, metro-sistema batez hornituko du Donostiako erdialdea, zerbitzua eskainiko dio Antiguo-Unibertsitateak eremuari eta Amarako geltokiak gaur egun adierazten duen zaku-hondoa kenduko du.

Gaur goizean Easo plazako Euskotren geltokian izan den ekitaldi batean, non Donostiako alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok eta Azpiegitura eta Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek ere parte hartu duten, sailburuak adierazi duenez Euskal Trenbide Sarearen –euskal trenbidearen administratzaileak– kontratazio-mahaiak joan den astelehenean lehiaketara atera zuen aurreneko bide-zatia, Lugaritzetik Mirakontxara doana, eta beraz, hemendik gutxira aterako da argitara aldizkari ofizialean. Pleguek 49 milioi euro (obra zibila) inguruko hasierako aurrekontua biltzen dute, eta 48 hilabeteko exekuzio-epea gehienez. Aurreikuspenak betez gero, udan egingo da adjudikazioa, eta beraz, udazkenean hasi ahal izango dira lanak.

Tapiak adierazi duenez “Euskadiko trenbide-sarea etorkizunerako prestatzen ari da eta garraio-eredu iraunkor, seguru eta eraginkor bat izateko hartu dugun konpromisoa betetzeko aurrera egin beharrean gaude Topoarena bezalako jarduketetan”. Sailburuak nabarmendu du “azpiegitura-multzoaren lehiakortasuna hobetzen dihardugu, baita garraio-modalitate desberdinen arteko oreka berri batean ere, trenbideko garraioari lehentasuna emanez”. Topoaren tren-saihesbideak garrantzizko aldaketa bat ekarriko du, bai Donostiarentzat bai Gipuzkoarentzat; gehien nabarituko dutenak, ordea, erabiltzaileak izango dira “7,5 minuturo zerbitzu eraginkor, seguru, eroso eta erakargarri bat eskaini ahal izango baitie Euskotrenek”.

Donostiako alkate Eneko Goiak pozik hartu du berria, lanak “proiektuan kontuan hartutako epeen barruan" hasi ahal izango direlako. Goiaren ustez, Topoaren tren-saihesbidea “Donostiako eta bere inguruko trenbideko mugikortasun-eskema osoari zentzua ematen dion puzzlearen pieza da, eta “hiriaren beraren mugikortasuna eraldatzea” ekarriko du berekin. Horrek guztiak, alkatearen arabera, “hirian oinezkoentzako guneak irabazten joateko aukera emango du, baita Donostiarentzat berarentzat hiriguneak hobetzeko eta eraldatzeko aukera ere”. Hala, azpimarratu duenez, Easoko trenbide-hondartza kentzean "milaka metro karratu libratu ahal izango dira eta hirirako kalitateko espazioak urbanizatu ahal izango dira". Azkenik, alkateak azpimarratu duenez, Topoa garraiobide “publikoa, soziala, iraunkorra eta garbia” da, eta lau ezaugarri horiek kontuan hartuta “halako garraiobide baten alde egin behar da apustu, ibilgailu pribatua eta energia fosilekoak bezalako garraiobideen aurrean”.

Ildo beretik, diputatu nagusiak, azpiegitura horrek Gipuzkoa osoarentzat duen garrantzia aipatu du. “Ulertu beharrean gaude Topoaren tren-saihesbideak, Donostiari onura ekartzeaz gainera, udalaz gaindiko eskariei erantzuten diela, izaera metropolitano argi batekin. Hortaz, gertaera gogoangarria izango da Gipuzkoa osoarentzat”, adierazi du.

Adierazi bezala, Topoak lurralde osoa egituratzen du eta 6.532.304 erabiltzaile ditu dagoeneko. Bere abantaila, ordea, ez da mugatzen erabiltzaileetara, adierazi bezala, garraiobide hau "funtsezko elementua baita garapen sozio-ekonomikorako, aurrerabiderako, gizartearen ekitaterako eta lehiakortasuna hobetzeko”.

1. bide-zatia: Lugaritz-Mirakontxa

Lugaritz-Mirakontxa bide-zatia, 2,1 kilometroko luzera izango duena, bide bikoitzeko tune bat izango da, lurpeko geltoki batekin: Bentaberri. Lugaritzetik Amarara doan oraingo tunelarekin lotzeko obrarekin hasiera emango zaio tunel berriari, Lugaritz geltokia utzita ehun bat metrotara. Lotune horren ondoren, Topoaren trazatu berria zabalduko da ipar-mendebalderako noranzkoan, kurban eta kontrakurban egongo den beheranzko trazatu baten ondoren leizera helduko dena, Bentaberri geltoki berriaren kokalekua, alegia.

Leize horrek, arrokan hondeatuak eta estaliak, Intxaurrondon eta Altzan duela gutxi eraikitako ETS geltokien eran, alboko nasak izango ditu –81 metro luze–, goragoko maila edo mezanina bat, erabiltzaile guztiek nahitaez erabiliko dutena bai nasetara heltzeko bidean bai kanpoalderako irteerako bidean, baita geltokiko zerbitzurako beharrezko gune teknikoak ere. Leizea Seminarioko mendi-hegalaren pean kokatuko da, Bentaberri auzoarekin mugakide duen isurialdean, eta gainazalarekiko bere sakonera 21 metrokoa izango da.

Bentaberri geltokiak bi sarbide-kanoi izango ditu: bata Bertsolari Xalbador eta Pedro Manuel Ugartemendia kaleen arteko elkargunean eta bestea Bentaberri enparantzan, Antiguo (Matia kalearen bukaera) eta Bentaberri auzoen mugan. Gainera, konexio-igogailu bat izango du Zarautz hiribideko 35. zenbakiaren aurrean.

Geltokiaren ondoren, trazatuak behera egiten du berriro, ondoren bide-zatiaren amaieraraino igotzeko eta hurrengoarekin lotzeko. Mirakontxa-Easo zatiak, udan lehiaketara aterako denak, bi kilometro inguruko luzerarekin, Kontxa eta Easo –Amarako oraingoaren ordez– geltokien eraikuntza hartzen du barnean, biak lurpekoak izango direlarik. Jarduketa horrek oraingo trenbide-lubakia eta trenbide-hondartza kentzea ahalbidetuko du eta beraz 21.000 metro karratu gehiago izango ditu azalerak, herritarrek erabili eta gozatzeko.

Exekuziorako aurreikuspenak

Lehen bide-zatia gauzatzeko bi eraso-arrapala daude proiektatuta, haietatik makineria sartzeko. Lehenak Zarautz kalean du sarbidea, geltokiaren hegoaldean. Bigarrenak Sanserreka pasealekuaren azpiko ezpondan du ahokatzea, Pio Baroja pasealekuaren 47. zenbakiaren aurrean. Azken hori izango da, behin lanak amaitutakoan, larrialdietarako irteera eta haizeztatzeko galeria. Aurretik, gune sentikorretan kokatuta dauden eraikinen beharrezko ikuskapena egingo da haien oraingo egoera ziurtatzeko eta lanak amaitzean alteraziorik izan ez dela bermatzeko. Eta halakorik gertatuz gero, dagozkien birjartze-lanei ekingo zaie.

Zentzu horretan Arantxa Tapiak azaldu duenez, Donostian erabiliko den eraikuntza-prozedura Intxaurrondo eta Altza geltokietako duela gutxiko lanetan erabilitakoaren berdintsua izango da, hau da, galeria-tunela indusketa bidez, oso teknika ezaguna dagoeneko obra burutzeko arduradunentzat "ETSren esperientziaren eta ondo egindako lanaren bermea dugu, urte asko baitaramatza Euskadin trenbide-proiektuak garatzen”.