Segurtasuneko sailburuordeak Euskadiko Segurtasun Pribatuaren III. Biltzarra inauguratu du

01.JPG

2017.eko urriak 05

“Segurtasuna, guztion lana” goiburuarekin, sektorearen erronka berriak aztergai.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak gaur inauguratu du Bilboko Bizkaia Aretoan Euskadiko Segurtasun Pribatuaren III. Biltzarra. Biltzar hau Peldaño enpresak (Cuardernos de Seguridad aldizkariaren argitaratzaileak) antolatu du Eusko Jaurlaritzak, Ertzaintzak, Bilboko Udalak eta SAE-Segurtasun Adituen Euskal Elkarteak lagunduta. Gaur egun osoan zehar egingo da Biltzarrean Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak eta Ertzaintzako Segurtasun Pribatuaren Unitate buruak ere parte hartuko dute, eta, gainera, segurtasunean adituak diren Estatu osoko espezialistak izango dira bertan. Jardunaldian saria emango zaio Ertzaintzako Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuari erakundearen eta segurtasun pribatuaren arteko lankidetza sustatzeagatik.

Sailburuak bere aurkezpenean azpimarratu du gaur inoiz baino beharrezkoagoa dela “segurtasun-zerbitzuen eta Ertzaintzak eguneroko jardunean ematen duen polizia-zerbitzu publiko eta integralaren arteko lankidetza”. Eta adierazi du ezin dela ulertu eta azaldu “segurtasun-politika publiko, integral eta aditu bat segurtasun pribatuaren sektorearen ekarpena eta lana kontuan hartu gabe”.  

Horren aurrean, “helburuak partekatzearen eta lankidetza-ekimenak garatzearen” alde agertu da, "ikuspegi osagarri eta integratzaile batekin, Euskadiko segurtasuna bermatzen proaktiboki lagunduko duten politikak planifikatu eta gauzatuta, bai arlo publikotik bai arlo pribatutik”.  

Inaugurazioaren ondoren, Pribatua–Pribatutasun eta Informazio Segurtasuneko Euskal Elkartearen lehendakariorde Lourdes Orozen Datuak Babesteko Europako Erregelamendu berriari eta horrek egungo araudian duen eraginari buruzko erakusketa batekin eman zaio hasiera lan-jardunaldiari.

Jarraian, Tecnifuego-AESPI elkarteko babes aktiboaren arloaren arduradunak suteen aurkako segurtasunerako erabiltzailearentzako RIPCI berriaren berrikuntzak azaldu ditu.

Ondoren, jardunaldiko lehenengo eztabaida-mahaia egin da  “Segurtasun integralerantz” izenburupean, SAE-Segurtasun Adituen Euskal Elkartearen lehendakariorde Iñigo Ugaldek zuzenduta, eta bertan parte hartu dute elkarteko lehendakari José Maria Aranak eta bertako kide Alfonso Bilbaok eta Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartziak. 

Bigarren eztabaida-mahaian aztertu da zibersegurtasun-politiken ezarpena korporazioetan. Mahaiko moderatzailea AITPV-Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniaritza Elkarteko presidente Alvaro Ubierna izan da, eta bertan parte hartu dute Techco Security-ko operazio eta zerbitzu berrien zentroaren zuzendari Roberto Vilelak, Kaspersky Lab-eko Key presales zuzendari Bosco Espinosa de los Monterosek, Eulen Seguridad kontsultoretzaren zuzendari Ricardo Cañizaresek eta delitu informatikoetan eta zuzenbide penalean aditua den Ruth Sala abokatuak.

Arratsaldean, eta Biltzarraren barruan, Euskadiko Zibersegurtasunaren Zentroa aurkeztuko du bertako zuzendari Javier Diéguezek. Zentroa erakunde berritzailea da, eta informazio-teknologien erreferentzia bihurtuko du Euskadi.

Azkeneko eztabaida-mahaian “Segurtasun Pribatuaren araudi berriari buruzko administrazioaren ikuspegia” aztertuko da. Eztabaidaren moderatzailea Peldaño enpresako segurtasun alorreko zuzendari Iván Rubio izango da, eta bertan parte hartuko dute Ertzaintzako Segurtasun Pribatuko Unitatearen buru Francisco Llanezak, Polizia Kidego Nazionaleko Segurtasun Pribatuko Unitate Nagusiaren buru Manuel Yanguasek, Guardia Zibileko Segurtasun Pribatua Kudeatzeko Sekzioaren buru José Antonio Monterok eta Mossos d'Esquadra kidegoko Segurtasun Pribatuko Unitate Zentraleko buru Carles Castellanok.

Ekitaldiaren amaieran harrera egingo zaie parte-hartzaileei Bilboko Udalean Segurtasuneko zinegotzi Tomás del Hierro buru dela.

Saria Ertzaintzako Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuari

Biltzarrean saria eman zaio Ertzaintzako Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuari “Ertzaintzaren eta Segurtasun Pribatuaren arteko lankidetza hedatu eta sustatzeagatik”. Ertzaintzako Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuaren arduradun Lucio Cobos intendenteak jaso du “Guztion zerbitzura dagoen segurtasuna hedatzen laguntzea” izenburupean Cuadernos de Seguridad aldizkariko erredaktore buru Gemma Juánezek emandako saria.

 

http://www.congresoseguridadeuskadi.com/ webgunean dago Biltzarrari buruzko informazio osoa.