Darpón: "Gure plan nagusia da egunero goizeko zortzietan pertsiana zabaltzea eta osasun-sistemak ondo funtzionatzea"
2017.eko urtarrilak 20
Osasun sailburua Radio Euskadiko Boulevard saioan elkarrizketatu dute
Jon Darpón Osasun sailburuak azaldu du zein diren bere Sailaren ildo estrategikoak legealdi honetarako, hots, “pertsonei arreta egokia emango dien” eta modu “iraunkorrean” kudeatuta egongo den osasun-sistema publiko baten alde lan egiten jarraitzea. “Gure plan nagusia da egunero goizeko zortzietan pertsiana zabaltzea eta osasun-sistemak ondo funtzionatzea”; hala adierazi du gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketa batean.
Datorren asteartean Darpón Eusko Legebiltzarrean egongo da, berak zuzentzen duen arloak datozen lau urteetan burutuko dituen jarduketa nagusiak ezagutzera emateko. Elkarrizketan honetan aurreratutakoaren arabera, Sailak langileen egonkortasuna sustatzeko —lan-eskaintza publikoen deialdien bitartez— eta Osakidetzaren azpiegiturak modernizatzeko lanean jarraituko du. Ildo horretatik, legealdi honetarako Urdulizko Ospitalea erabat zabaltzea eta Eibarren gaixo kronikoentzako beste ospitale bat zabaltzea aurreikusi da. Modernizazio-plana osatuko dute BioCruces Osasun Ikerketa Institutuak, Txagorritxu ospitalea handitzeak, edo osasuneko eta teknologiako zentroen berriztatzeak, beste hainbat jarduketen artean.
Gripearen eraginaren gainean galdetuta, sailburuak adierazi du kasu honetan gripeak, batez ere, adineko pertsonengan eragin duela. Horregatik, "egun jakin batzuetan” ospitaleratzeek gora egin dute, bereziki Erregeen ondorengo egunetan. Edonola ere, egoera “kontrolatua” dagoela eta “une honetan ez dagoela aparteko alertarik” uste du. Darponek osasun arloko langileek emandako erantzuna eskertu nahi izan du.