Lide Amilibia: "Hauskortasun-egoerari arreta ematea adinekoentzako arretaren oinarri da"

17_10_17_Hurkoa_a.JPG

2017.eko urriak 17

  • Hurkoa Fundazioak Azkoitian ireki duen bulego berriaren irekiera-ekitaldia
  • Hurkoak Azkoitian hauskortasun-egoeran dauden edo babeserako beharra duten pertsonei arreta emateko programa jarri du abian

Vitoria-Gasteiz, 17/10/2017

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur arratsaldean, Azkoitian Hurkoaren bulego berriaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du; bertan, fundazio honek eskualdean hauskortasun-egoeran dauden edo babeserako beharra duten pertsonei arreta emateko programa jarri du abian. Programa honek Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza du, gidaritzatik bertatik; arreta integraleko eta pertsonalizatuko programa bat da.

Amilibiaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak ekimen hau bultzatzen du, ziur delako “hauskortasun-egoerari arreta ematea adinekoentzako arretaren oinarri dela”.

Hurkoak Azkoitian abian jarritako programa dagoeneko jarri da martxan beste udalerri batzuetan, besteak beste, Irunen eta Arrasaten, eta helburu du hauskortasun-egoeran dauden pertsonen beharrei erantzutea, eta, era berean, pertsona hauskorren duintasuna, eskubideak eta nahiak errespeta daitezen lortzeko beste jarduketa batzuekin lotuta dago”, esan du Gizarte Politiketako sailburuordeak.

Lide Amilibiak nabarmendu du “programa honen bidez Hurkoako profesionalek eta boluntarioek lagundu dutela gizarte- eta osasun-zerbitzuekiko koordinazioa hobetzen eta abian den udalerrietan arreta jasotzeko beharra duten pertsonen kasuen kopuru handiagoa azaleratzen”.

70 urtetik gorako zazpi pertsona, Azkoitiko herritar direnak eta etxean bakarrik bizi direnak izango dira hauskortasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko programaren lehen onuradunak. Arreta emateko lan hori Azkoitiko Udaleko gizarte-zerbitzuekin eta udalerriko osasun- eta farmazia-zerbitzuekin koordinazioan egingo da. Era berean, Hurkoa babesa jaso dezaketen pertsonen bost kasutan hasiko da laguntza eta aholkularitza ematen,  pertsona horien babes pertsonala eta ondare-babesa ziurtatzeko.

Hurkoak, gainera, bulego berria izango du Azkoitian, eta, bertan, Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako herritarrei emango die arreta. Bulego berri hau Azkoitiko Udalaren inplikazioari eta Eusko Jaurlaritzaren, Sidenor enpresaren eta Kutxa Fundazioaren laguntzari esker zabaldu ahal izan da.