Lehendakariak eta Ana Otaduik Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko dute Auschwitzen

2017.eko apirilak 11

Lehendakariak Auschwitzera bidaiatuko du apirilaren 19 eta 20an Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kideek osatutako ordezkaritza batez lagunduta

Iñigo Urkulluk Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko du Auschwitz-Birkenau Kontzentrazio Esparruko ingurumarian, Polonian. Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza banak lagunduko diote horretan. Bidaia apirilaren 19 eta 20an egingo da, Auschwitz eta Gernika bi sinboloen arteko lokarria estutzea helburutzat hartuta, Euskadin Gerra Zibila izan zela 80. urteurrena bete denean, eta udalerri honen bonbardaketa urteurrenerako egun gutxi batzuk besterik falta ez direnean.

Urkullu lehendakariak bidaide izango ditu Jonan Fernández Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzako Idazkari Nagusia eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia. Bidaiara, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui ere joango da, askotariko batzar taldeetako ordezkariz lagunduta. Aurreikusi da Euskadiko hainbat ikastetxetako gazteak ere han izatea, Europako Tradizio eta Kulturaren Aldeko Elkarteak (ATPCEk) sustatutako hezkuntza espedizioan sartuta.

Bidaia ofizialaren garapena

Apirilaren 20an, Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko dute Zasole parkean, Auschwitz-Birkenau Esparruaren ingurumarian. Ekitaldi hunkigarria izango da eta, bertan, ondoz ondo izango dira euskal eta poloniar kulturak. Lehendakaria O"wi"cimeko Udaleko (Museoa dagoen udalerriko) ordezkariekin, Malopolskako (“Polonia Txiki”ko) eskualdeko presidentearekin eta Auschwitz-Birkenau Museoko arduradunekin bilduko da.  

Bezperan, apirilaren 19an, euskal ordezkaritza batek Auschwitz I eta Auschwitz-Birkenauko Kontzentrazio Esparruak bisitatuko ditu. Bisita ofizialaren ondoren, euskal eta poloniar gazteen nazioarteko topaketa batera bertaratuko dira eta, bertan, Auchwitz-Birkenauko Kontzentrazio eta Deuseztatze Esparruetatik bizirik ateratako pertsona batek hartuko du hitza: Bogdan Bartnikowski. Ekitaldi horretan, gainera, Euskadiko eta, zehazki, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena ere ekarriko dute gogora.

Informazio orokorra

Auschwitz-Birkenau Museoa

Museoa 1947an altxa zuten, eta lehengo bi kontzentrazio esparruetako lursailetan kokatzen da: Auschwitz I eta Auschwitz II-Birkenau, guztira 191 hektareako azalera dutela. 1979an, Poloniak hala eskatuta, lehengo esparruko lursaila UNESCOren gizateriaren ondare zerrendan sartu zuten.

Museoaren helburuen artean dago objektuak, bildumak eta artxiboak bildu eta leheneratzea, baita preso izandakoekin harremanetan hasi eta izatea ere.

Museoaren informazioaren arabera, Auschwitzera deportatutako milioitik gora pertsonetatik, 400.000 pertsona inguru sartu eta erregistratu zituzten esparrura eta, horietatik, 200.000 juduak izan ziren, 150.000 poloniarrak, 23.000 bat erromaniak (ijitoak), 15.000 bat sobietar gerra presoak, eta 25.000 preso beste nazionalitate batzuetakoak.

Horietako % 50 hil zen gosez, lanez gainezka, izuaren izuz erotuta, exekuzioetan eta bizi baldintza suntsigarrien, gaitzen eta izurrien, zigorren, torturen eta osasun esperimentu kriminalen ondorioz.

Alemanek 200.000 inguru preso garraiatu zituzten beste kontzentrazio esparru batzuetara, eta han hil ziren horietako gehienak. Esparrua askatzeko unean 7.000 bat pertsona aurkitu zituzten barruan.

APTCE – Europako Tradizio eta Kulturaren Aldeko Elkartea

APTCE elkartea europar gogoa bultzatu nahi duen kultur plataforma da, herriak senidetuz. Adibidez, euskal eta poloniar gazteen arteko topaketa bat antolatu du Gernikako Arbola sinboloaren inguruan.