Lehendakariak Berdintasunerako Emakunde Saria eman dio matematikako doktore Marta Machori

2017.eko apirilak 05

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur arratsaldean eman dio UPV/EHUko irakasle eta matematikako doktore Marta Machori Berdintasunerako Emakunde Saria, matematika eta zientzien ezagutza emakumeengana hurbiltzera bideratutako ibilbide zientifikoarengatik. Lehendakaritzan egin den ekitaldian izan dira Emakunderen zuzendari Izaskun Landaida eta Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburu ere, eta emakumeak zientziaren eta teknologiaren munduan ikusarazteko eta aitortzeko aldarrikapena bihurtu da. 

Lehendakariak sarituari eskertu nahi izan dio irakaskuntzan eta Unibertsitatean berdintasunaren arloan aurrera egiteko egindako ahalegina. Emakundek, orain dela ia 30 urte sortu zenetik, egin duen “taldelana” ere balioetsi du Urkulluk, eta esan du horri esker berdintasuna ekarri duela agenda politikoetara, eskoletara, legeetara, hizkuntzara, osasun-arlora, estatistiketara eta zientziara, besteak beste.

Alde horretatik, Urkulluk aipatu ditu Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen ebaluazioari buruzko emaitzak, ezagutu berri direnak eta nabarmentzen dutenak ebaluazioaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko “euskal politika publikoen konpromisoa”. Lehendakariak azaldu duenez, ebaluazio honek agerian jarri du Legea “tresna juridiko baliagarri eta eraginkorra” izan dela, eta, gainera, “herritarrak berdintasunaren gainean kontzientziatzea eta sentsibilizatzea sustatu" duela. 

EMAKUMEAREN PRESENTZIA ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA ARLOETAN

Emakunde sariko epaimahaiak matematiken hezkuntzan genero ikuspegia txertatu izana eta unibertsitatearen barruan emakume eta gizonen berdintasuna bultzatzen duten batzorde zientifiko eta akademikoetan parte hartu izana baloratu du saria ematerakoan, eta honekin batera, azpimarratu du “Mujeres con ciencia” blogaren arduradun bezala emakume zientifikoen lana ikustarazteko egindako ekarpena. Blog hau Kultura Zientifikoko Katedrak bultzatzen du eta generoa eta zientzia gaia lantzen ditu.  

Sari honekin, Emakunde Sariko epaimahaiak aitortu nahi du baita ere hainbat irakaslek egiten duten lana, hezkuntza maila guztietan, nesken ahalduntzea bultzatuz eta hauek ikasketa zientifiko teknologikoak aukeratzera animatuz. Era berean, beharrezkoa ikusten du zientzia munduan emakumeen presentzia eta aitortza areagotzearekin batera, akademia bera, enpresak eta teknologia munduko agente guztiak egokitzea berdintasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko.